Ingurumena

olatuKlima aldaketaren eraginez, olatuek indar handiagoa dute

Itsas mailaren igoera, itsasoaren tenperaturarena... klima aldaketak munduko itsasoetan zer-nolako eragina duen aztertzerakoan, hainbat adierazle neurtu izan dituzte zientzialariek orain arte. Bada, Kantabriako Unibertsitateak (Espainia) beste bat gehitu du: olatuen indarra. Izan ere, aipatu erakundeak eginiko ikerketa baten arabera, itsasoko olatuen indarra handitu egin da, klima aldaketaren eraginez. Haizeak itsasoaren azalari igortzen dion energia aztertu dute ikertzaileek, eta horrek olatuetan duen eragina. Hala, 1948tik ozeanoetako olatuen energia % 0,4 hazi dela ikusi dute. Horrek zerikusia du itsaso azalaren tenperatura handitu izanarekin. Emaitzak kontuan hartuta, ikertzaileek azpimarratu dute olatuen indarra ere aintzat hartu beharko dela klimaren berotzea neurtzerakoan, beste hainbat adierazlerekin batera. Izan ere, olatuek zuzeneko eragina dute kostaldean, modu askotan: higadura, uholdeak... Hots, itsas mailaren igoerak bezala, ondorio kaltegarriak eragin ditzakete kostaldeko herri, hiri eta egituretan.