Apirila

apirilaIñigo Aranbarri
Susa, 2014

Apirila biribilla, jarri bear etzan illa dio atsotitzak. Apirila hil latza da euskal tradizioan: gosearekin, hotzarekin, krisialdiarekin lotzen den hila da. Bada, horrela du izena Iñigo Aranbarriren laugarren nobelak, horri buruz ari baita: krisia, langabezia, hondamena, matxinadak.
Gaurkotasun handiko gaia, beraz, baina lehenago ere sarri pairatu behar izan dugun egoera, tamalez. Hori erakusten du Aranbarrik eleberrian, hain zuzen ere: Esteban Alberdi jota dago; lana galdu du eta familia aldentzen ari zaio, hondoratzen ari da. Hori gutxi ez eta buruan kolpea hartuta ospitalera eraman dute. Zulo batetik bestera, amets batean sartu da Esteban: bere burua 300 urte lehenago ikusten du, 1766ko apirileko erreboltan, Azkoitian. Gosetea dago herrian, baina gobernatzen duten jauntxoek ez dute gariaren eta artoaren prezioa jaitsi nahi. Ondorioz, matxinatu egin da herri xehea. Protagonistak, bizargina denez, harremana dauka goikoekin eta, beraz, horien eta jende xumearen artean harrapatuta dago, nolabait.
Bi istorio daude, beraz, eleberrian, eta horien bidez bi egoeraren arteko paralelismoa egiten du Aranbarrik: egungo krisia eta duela mende bi eta erdikoa. Haatik, ez da nobela historikoa, ez da kronika, bertan kontatzen direnak benetan gertatu ziren arren. Ordukoak ezagutzeko eta gaurkoak ulertzeko aukera polita eskaintzen digu Apirila-k.
Igor Elordui