Musika

ennioEnnio Morriconek erretiroa hartuko du

Zinemaren munduko soinu banda gogoangarri askoren sortzaileak musika sortzeari utziko dio. Laurogeita hamar urterekin erretiroa hartuko duela jakinarazi du Ennio Morricone (Erroma, 1928) musikari eta konpositoreak, eta, horretarako, The Final Concerts izeneko bira egingo du uda bitartean. Azken kontzertua Luccan (Italia) eskainiko du, ekainaren 29an. Oso konpositore ezaguna da Morricone, hainbat filmetarako egindako soinu banda ahaztezinengatik: Il buono, il brutto, il cattivo (Sergio Leone, 1966), Novecento (1900) (Bernardo Bertolucci, 1976), Once Upon a Time in America (1984), The Mission (Roland Joffé, 1986), Nuovo Cinema Paradiso (Giuseppe Tornatore, 1988)... Gazte-gaztetatik lanean (zela musikari, zela konpositore), Sergio Leone zuzendariarekin kolaboratzen hasi zenean lortu zuen ospea, haren Dolarraren Trilogiako hiru spaghetti western ezagunen musika sortu ostean. Leonerekin ez ezik, itzal handiko beste zuzendari askorekin ere jardun zuen: Pier Paolo Pasolini, Brian De Palma, Roman Polanski, Warren Beatty, Oliver Stone, Quentin Tarantino... Guztira, 500 soinu banda baino gehiago egin ditu, eta horietako zenbait hainbat ongi iltzatuta geratu dira herri kulturan. Zinemaz kanpo ere, lan mordoa egin izan du langile nekaezinaren fama duen konpositoreak (nahiz eta hark esan ez dela horrela). Zorionez, Morriconek erretiroa hartuko badu ere, sortu duen musikak bizirik jarraituko du.