Txina

uniformeaEskolan piperrik ez egiteko, uniforme adimendunak

Teknologia, ikasleen asistentzia zaintzeko. Bide horri heldu diote Txinako hainbat eskolatan absentismoari aurre egiteko, uniforme adimendunak baliatuz. Modu horretan, irakasleek une oro jakin dezakete non dauden ikasleak. Uniformeek txip bat dute sorbaldan. Horri esker, irakasleek eta gurasoek automatikoki jakiten dute ikasleak noiz sartzen eta irteten diren eskolatik. Hala, ikasleren batek eskolatik baimenik gabe alde egiten badu, alarma bat aktibatzen da. Gainera, uniforme bakoitzari dagokion ikaslearen aurpegia lotu diote, haren balizko tranpak saiheste aldera: ikasleek uniformeak elkarren artean aldatuko balituzte ere, alarmak berdin-berdin joko luke, aurpegia identifikatzen duen teknologiari esker. Hori gutxi balitz bezala, uniforme adimendunek aukera gehiago ematen dituzte; adibidez, ikasleak eskolan lo geratzen badira, alarma pizten da. Oraingoz, Txinako 10 eskolatan baino gehiagotan hasi dira erabiltzen halako uniformeak, eta, Txinako Global Times egunkariak jaso duenez, asistentzia handitzea lortu dute. Dena dela, uniforme adimendunei egindako kritikak ugariak izan dira, ikasleak erabat kontrolpean izatea ahalbidetzen baitute, baita eskolatik kanpo daudenean ere. Haatik, ikastetxeek ukatu egin dute halakorik egiten dutenik.