Osasuna

loLo kaskarrak bihotzaren osasunari eragiten dio

Egunean sei ordu baino gutxiago lo egiteak edota lo gaudela tarteka esnatzeak bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua handitzen du. Hala ondorioztatu du Ikerketa Kardiobaskularren Espainiako Zentro Nazionalak (CNIC), astebetez 3.974 lagunen loa zorrotz zaindu eta aztertu ostean. Batez beste, 46 urte zuten ikerketako partaideek, eta aldez aurretik bihotzeko gaixotasunik eduki gabekoak ziren. Azterketaren arabera, gauero sei ordutik beherako loaldia egiten dutenek arteriosklerosia izateko arrisku handiago dute, gauero zazpi eta zortzi ordu bitartekoa egiten dutenek baino. Zehazki, % 27 areagotzen da arriskua. Era berean, loaldi jarraitua egiten ez dutenen arriskua % 34 handiagoa da. Hala, egokiena litzateke zazpi eta zortzi ordu bitarteko loaldia egitea. Lo gehiegi egitea ere kaltegarria izan daiteke: ikertzaileek iradoki dute zortzi ordutik gorako loaldiak egin zituztenen artean areagotu egin zela bihotzeko gaitzak izateko arriskua. Halere, lotien kasuari dagokionez, goizegi omen da ondorioak ateratzeko. Nolanahi ere, bihotzeko gaixotasunak eragin ditzaketen faktoreak aztertzean loa ere aintzat hartu behar dela aipatu dute ikerketaren egileek.