Bertsolaritza

nafarroaHastear da Nafarroako Txapelketa

Otsailaren 9an hasiko da, Tuteran, Nafarroako 44. Bertsolari Txapelketa, eta martxoaren 23an amaituko, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Guztira, zortzi saio jokatuko dituzte bertsolariek, Nafarroaren “berdeak, horiak eta gorriak” zeharkatuta: Tuteran eta Iruñean ez ezik, Urdazubin, Iruritan, Lizarran, Lesakan, Atarrabian eta Etxarri Aranatzen ere izango dira saioak. Aurten, 30 bertsolarik eman dute izena txapelketan, baina, urtarrilean bi kanpokareta egin ondoren, 24 ariko dira norgehiagokan otsailaren 9tik aurrera. Tartean izango da azken bi txapelketetako irabazle Julio Soto (denera, lau irabazi ditu). Bai hark bai gainerakoek bertsolaritza Nafarroa osoan ezagutarazteko parada izango dute. Izan ere, horixe du helburu, besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako txapelketak: bertsolaritza sustatzea eta gizarte osoari ezagutaraztea, euskaldunei zein erdaldunei. Horrekin batera, nafar bertsolariei goi mailako plazetan abesteko aukera emango die txapelketak, eta Nafarroako bertsolaritzaren ekosistema elikatzeko eta sareratzeko balio izango du. Saioetarako sarrerak Interneten erosi ahal izango dira, www.bertsosarrerak.eus atarian. Txapelketaren jarraipen zehatza egiteko, ostera, www.bertsozale.eus gunera jo daiteke.