Mundua

aberatsAberatsak gero eta aberatsago, pobreak gero eta pobreago

Gehien dutenen eta gutxien edo batere ez dutenen arteko aldeak handitzen ari dira munduan. Datuak horren erakusle: munduan mila milioi dolar baino gehiagoko ondasuna duten 2.200 pertsonak iaz baino % 12 aberatsago dira egun; alta, 3.800 milioi lagun (munduko biztanleen erdiak; tartean, pobreenak) joan den urtean baino % 11 txiroagoak dira. Oxfam International gobernuz kanpoko erakundeak zabaldu ditu datuok, urtero desberdintasunari buruz egin ohi duen txostenean. Datu gehiago ere eman ditu Oxfamek. Esaterako, munduko 26 lagun aberatsenek munduko 3.800 milioi pobreenek adina ondasun dute. 2017an, 43 ziren; eta 2016an, 61. Alegia, desberdintasunak handitzen ari dira azken urteotan; pobreak pobretzen, eta aberatsak aberasten: bi egunetik behin, mila milioi dolarreko ondasuna lortzen du pertsona batek. Joera hori, gainera, munduko bazter guztietan gertatu da. Datuak mahai gainean jarrita, desberdintasunen areagotzea salatu du Oxfamek. Gainera, azken urteotako krisi ekonomikoaren testuinguruan gertatu dela nabarmendu du. Egoerari aurre egiteko, hainbat neurri proposatu ditu, hala nola, zerga progresiboak ezartzea, zergen ihesa zaintzea edota hezkuntza berdintasunean jasotzeko eskubidea ziurtatzea.