Oscar sariak

oskar‘Roma’ eta ‘The Favourite’ filmek jaso dituzte izendapen gehien

Otsailaren 24an banatuko dituzte, Los Angelesko (AEB) Dolby antzokian, 91. Oscar sariak, eta dagoeneko ezagunak dira hautagaiak. Guztien artean, Alfonso Cuaronen Roma eta Yorgos Lanthimosen The Favourite nabarmentzen dira, hamarna izendapenekin. Horien atzetik datoz Bradley Cooper-en A Star is Born eta Adam McKay-ren Vice, bakoitza zortzi hautagaitzarekin. Hain zuzen, lau lanak dira film onenaren saria jasotzeko hautagai, Ryan Coogler-en Black Panther-ekin, Spike Lee-ren BlacKkKlansman-ekin, Bryan Singer-en Bohemian Rhapsody-rekin eta Peter Farrelly-ren Green Book-ekin batera. Aipagarria da Romaren kasua. Izan ere, gaztelaniazko lan batek film onenaren saria jaso dezake lehenengoz. Zuzendari onenaren saria jasotzeko hautagaien artean ere ageri da Cuaron. Lanthimos, McKay eta Lee bezala, baita Pawel Pawlikoski ere, Cold War pelikulagatik. Aktore onenaren sariei dagokienez, emakumezkoen artean Yalitza Aparicio (Roma), Glenn Close (The Wife), Olivia Colman (The Favourite), Lady Gaga (A Star Is Born) eta Melissa McCarthy (Can You Ever Forgive Me?) dira izendatuak. Gizonezkoen atalean, berriz, hauexek: Christian Bale (Vice), Bradley Cooper (A Star Is Born), Willen Dafoe (At Eternity’s Gate), Rami Malek (Bohemian Rhapsody) eta Viggo Mortensen (Green Book). Ohi denez, beste hainbat ataletan ere banatuko dituzte sariak. Haatik, irabazleen izenak ezagutzeko otsailaren 24ra arte itxaron beharko da.