Bitxikeria

sanferminSanfeminetako entzierroenantzekoa antolatuko dute Saudi Arabian

Herrialdeko agintariek jakinarazi dutenez, sanferminetako entzierroaren antzeko zerbait egingo dute Saudi Arabian. Zehazki zer eta nolakoa izango den ez dute zehaztu, baina dagoeneko herrialdean dira entzierro moduko horretan parte hartuko duten zezenak eta “espezialistak”. Hala esan du, behintzat, aisialdiaz arduratzen den gobernuko saileko buruak, Turki al Sheij-ek. Xehetasun askoz gehiagorik ez dute eman, ez noiz egingo den, ez non... Hori bai, al Sheij-ek berak aipatu duenez, aurten egin nahi dute. Aisialdia indartzeko asmoz Saudi Arabian garatzen ari diren egitasmo zabalago baten parte da entzierroa. Herrialde ultrakontserbadorea da Saudi Arabia, oinarrizko giza eskubide asko urratzen dituena. Nazioartean duen itxura hobetu nahian hasi da aisialdiari loturiko proiektu eta ekitaldi handinahiak garatzen. Esaterako, Orlandoko (AEB) Walt Disney World Resort bera baino handiagoa izango den parke tematikoa zabaldu nahi dute, 2022an. Entzierroa edo entzierro antzekoa, hortaz, beste jarduera ugariren arteko beste bat da: NBAko taldeen partidak, futbol izarrek jokaturiko partidak, auto lasterketak, kontzertuak... Bitxia eta deigarria aisialdiaren aldeko apustua, 35 urteko debekuaren ostean, iaz berriz ere zinema areto bat ireki zuen herrialdean. Hobe, entzierroak beharrean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala eta demokrazia eramango balituzte.