Komunikazioa

argiaBanatu dituzte 30. Argia sariak

Iragan urtarrilaren 25ean banatu zituzten, Usurbilgo Atxega jatetxean, 2019ko Argia sariak. Ohi legez, aurreko urtean euskarazko komunikazioan nabarmendu diren egitasmoak edota norbanakoak saritu ditu Argia aldizkariak. Hala, Prentsaren atalean, Gari Garaialde fotokazetaria saritu zuten, migrazioaren errealitatea ikusarazteko argitaratutako lanengatik. Ikus-entzunezkoei dagokienez, Askekintza talde antiespezista izan zen sariduna, animaliek jaietan jasaten duten tratua salatzeko Gurean dokumentalagatik. Bilbo Hiria irratian Euskara jendea saioa egiten duen Juan Carlos Etxegoien Xamarrek jaso zuen Irrati alorreko saria. Internetekoa, berriz, Berria kazetak eskuratu zuen, indarkeria matxistaren ondorioz hildakoen datuak jasotzen dituen webguneagatik. Sustapeneko Argia saria Altsasuko gazteen gurasoentzat izan zen, haien seme-alabak kartzelara eraman dituen aferan bertsio ofizialaren itzalak salatzeko eta argitzeko egindako lanarengatik. Azkenik, Merezimenduzkoa ehun urte bete dituzten bi erakunderi eman zieten: Eusko Ikaskuntzari eta Euskaltzaindiari. Aurtengo edizioa berezia izan da. Izan ere, 30. aldia dute aurtengoa Argia sariek. Hori gutxi ez, eta Argiak berak mendeurrena ospatuko du urteon. Beraz, saridunei ez ezik, zorionak Argiari ere!