Asmakizunak

phoneSakelakoa, mahai tresna eta guzti!

Segapotoa kasik giza gorputzaren luzakin bilakatu den garaiotan, ez dira gutxi izango otordua harekin batera egiten dutenak. Bada, sphoon&phork izeneko asmakizunak hori ere alda dezake: sakelakoarekin batera ez, sakelakoarekin jan ahal izango da. Telefonoari ipintzen zaion karkasa bat da sphoon&phork delakoa, sardexka eta koilara dituena. Kickstarter crowdfunding plataforman (www.kickstarter.com) ikus daiteke,trepetaren sortzaileak finantzaketa bila ari baitira produktua ekoizten hasteko. Otsailaren 15era bitartean, 10.000 dolar bildu nahi dituzte. Dena dela, ikusteko dago helburua lortuko ote duten: lerrook idazterakoan, 224 dolar eskas zituzten jasoak. Hots, ez dirudi oso arrakastatsua, eta ez da harritzekoa: asmakizunaren sustapen bideoan ageri denez, ez du ematen batere praktikoa, eta merkea ere ez da. Diru ekarpena egitekotan, 39 dolar eman behar dira trukean koilara bat eta sardexka bat dakartzan xelebrekeria eskuratzeko. Hori bai, marka ezagunenen gailuekin bateragarria da, eta kolore askoren artean aukera daiteke. Albert Einsteinek esan zuenez, “bi gauza dira soilik infinituak: unibertsoa eta gizakion ergeltasuna”. Bada, ergeltasuna ere elikatu behar denez, ez harritu aurki koilara eta sardexkadun sakelakoak ikusten badituzue...