Gaiztoñoak izaten ikasi behar dugu

estepanEstepan Aldamiz-etxebarria
Kazetaria

Kazetaritzan ibilbide luzea egin ostean, erretiroa hartu berri du Aldamiz-etxebarriak (Caracas, Venezuela). Euskal Telebistaren sortzaileetakoa, 36 urtez aritu da ETBn. Makina bat programa zuzendu eta gidatu du: Hemen eta munduan, Bertatik bertara, Egun on Euskadi... Albistegietan ere aritu izan da. Aitzindaria izan zen ETBn; esaterako, lehen tertulia gidatu zuen, Firin Faran, edota Bakarrik edo gaueko saioa. Zeruko Argian eta Deian hasi zen kazetaritzan, Luis Aranberri Amatiñok deitu zion arte ETBren sorrerako lantaldeko kide izateko.

36 urte ETBn. Txoriari zure aurpegia jarri beharko zaio?
Ez, kar-kar. Iritsi zait ziklo bat ixteko aukera, EITBren edo lan arautuaren zikloa. Hemendik aurrera, beste bat hasiko da, ez dakit oso ondo zer, baina esperantza daukat  dibertigarria izango dela, gainera.
ETB sortzeko deia jaso zenuenean, zer pasatu zitzaizun burutik?
Ez zela posible. Ia-ia frankismoan geunden oraindik, trantsizioko ez dakit zer lanbrotan... Teknologikoki ere, TV1 eta UHF besterik ez genuen ezagutzen. Hortaz, nola zitekeen? Nola utziko ziguten, gainera? Bada, pertsona batzuek aurrera egin zuten, bai edo bai; aitortu behar zaie asmatu zutela pausoa ematen, ausardia harekin.
ETB jaioberria eta oraingoa. Zerikusirik ba al dute?
Bai, baina bidean asko ikasi dugu, eskerrak! Produktuak berak, egiten denak, ez dauka kolorerik. Gero, kalitatea, nahiak... hor gehiago edo gutxiago eztabaida dezakegu, baina egiteko moduan asko ikasi da. Aldaketa hori nabarmena da. Orain, halaber, badago aukera gauza askoz hobeak egiteko. Beste kontu bat da bideak onak diren, diru-bideak ere beti egokiak diren... Baina, aukeran, inoiz ez bezalako mailan gaude.
Aitzindaria izan zara.
Tokatu zaidalako. Egia esan, Amatiñok deitu zigunean, lau katu ginen kazetariok, eta euskaldunak “lau katuago”. Ni haietako bat nintzen, eta horrek aukera eman dit, noski. Baina gustu pixka bat edukita, kito.
Zer eman dizu kazetaritzak?
Bizibide bat, bizitzari buruz hausnartzeko aukera. Ez zara ari egunero torloju batekin borrokan, baizik eta pertsonekin, gertakariekin... eta horrek guztiak pentsatzera behartzen zaitu. Horrek argiak eta itzalak ditu, bizitzan denak bezala. Azkenean, bizitza da. Kazetaritzak bizitza eman dit.
Euskarazko kazetaritza ernetzen ari zela hasi zinen. Orain, nola ikusten duzu?
Gauzak asko aldatu dira. Adibidez, euskara izugarri normalizatu da oso denbora gutxian. Askoz ere eraginkorragoa, erabilgarriagoa eta normalagoa da. Gainerakoan, uste dut oraindik hobekuntzak egin behar direla. Bestalde, ez dugu asmatzen entretenimenduarekin. Euskaldun tribukook jansenismoaren eragin handia dugu oraindik. Konbentzituta nago gure geneetan itsatsita dagoela, eta horregatik gara apaizak baina zorrotzagoak eta zurrunagoak, nahiz eta gero oso zibilizatuak-eta izan gauza askotan. Informazio munduan, hori nabaritzen da. Ez dugu asmatzen denbora-pasako informazioarekin. Onak bai, zintzoak gara, baina gaizto samarrak ere izan beharko dugu. Gaiztoak izaten ikasi behar dugu, gaiztoñoak izaten. Hor zerbait falta zaigu, eta asmatzen ez dugun bitartean, jende askok Sálvame-ra ihes egiten jarraituko du.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Leihotik begiratzeak. Jende asko bizi da etxean barrura begira, baina nik kanpora begiratu beharra daukat.
Eta tristatu? Giza miseriak.
Zerk eragiten dizu barrea? Umore onak. Oso barre erraza daukat.
Eta negarra? Giza miseriekin lotutako ezintasunak.
Zerk haserrearazten zaitu? Kaskarkeriak.
Bizio bat: Asko. Aitorrezinak.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Tren bateko makinista.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Aspertuta bizi den norbait.
Telebista saio bat: Egun on Euskadi, Gure kasa, Ur Handitan eta albistegiak. Albistegiak bizioa dira niretzat.
Eñaut Mitxelena