Mahai jokoak lagun

Batzuk musean aritzen diren bezala, edo musika jaialdi handietara joaten diren moduan, hauek mahai jokoen inguruan biltzen dira. Batzuek orduak eta orduak eman ditzakete estrategiak hausnartzen, ondorioak ateratzen, irtenbideak bilatzen... beste jokalari batzuen aurka edo, haiekin elkar hartuta, jokoaren kontra. Alabaina, jolasteaz gain, beren zaletasuna zabaltzea dute helburu, eta badirudi lortzen ari direla. Alemanian, aspaldikoa da bazkalostean edo afalondoren joko bat mahai gainera ateratzeko ohitura, eta, pixkanaka, iritsi da gure artera. Catan izenekoak egin du, neurri handi batean, partxisaren edo Monopolyaren eta mahai joko modernoen arteko zubi lana. Europan bakarrik, 1.500 joko baino gehiago argitaratu ziren pasa den urtean; beraz, badago merkatua. Ezin nor bere kasa aritu, ordea, eta non aurkitu lagunak? Bada, han eta hemen sortzen ari diren elkarteetan: gero eta gehiago dira mahaiaren inguruan, jolasean, sortutako adiskidantzak. M. Egimendi, Eñaut Mitxelena.

jolasenea

“Afalostean tabernaz taberna ibili beharrean, sozializatzeko beste modu bat dira jolasak”

Bi urte bete ditu Antzuolako Jolasenea elkarteak. Kuadrilla batean du jatorria, soziedadeko bazkarien ostean lagunetako batek ekarritako mahai jokoetan jokatzen hasi baitziren,“beste batzuk musean bezala”.

Bost lagun izan ziren Jolasenearen hazia: “Asmoa zen mahai jokoak jendeari ezagutaraztea” dio Joseba Goikoetxeak (Amezketa, 1982). Txapelketa bat antolatzea pentsatu zuten: “Errazena iruditu zitzaigun, argitaletxeek uzten dizkizutelako jokoak; saria ere haiek ematen dute”. Hala, lehenengo urtean, Carcassonne eta Catan lehiaketak egin zituzten: “Halakoek interesa pizten dute: irabaziz gero, Madrilgo finalera joango zara, eta gero munduko txapelketara”. Antzuolako I. Carcassonne Txapelketatik finalera iritsitako bi jokalari lehenengo 30en artean sailkatu ziren. Aurten, horrez gain, Pandemic lehiaketa ere egin nahi dute.
Orain, hamar bazkide dira, baina bakarra da emakumea. Goikoetxeak ez daki zergatik: “Elkartea sortu aurretik, kuadrillako neskek ere jokatzen zuten, baina gero ez dira bazkide egin...”. Adinari dagokionez, gehienak 80ko hamarkadakoak dira: “Zaharragoei denbora galtzea iruditzen zaie, antza”.
Bi asterik behin-edo geratzeko ohitura dute, ostiralean edo larunbatean, “afalostean partidatxo parea jokatzeko, baina gurasoak gara, eta ez dugu nahi beste denbora”. Batzuk Zumarraga-Urretxutik joaten dira, eta “badago asteburuetan etortzen den bilbotar bat ere”. Zertan jokatu, denen artean erabakitzen dute: “Bolada batez, joko batekin itsutzen gara; nazkatzen garenean, beste bat hartzen dugu. Halere, joko batzuk beti ateratzen dira, gustuko ditugulako, Watson&Holmes – Diarios del 221B, adibidez”. Zenbaitek lehia bizia eragiten omen du, “zirikatzeko aukera handiagoa” ematen dutelako, “baina badaude eleganteagoak ere: zuk zurea egiten duzu, besteak gogaitu gabe”. Haserre seriorik ez ei da sortzen, “baina tirabiraren bat...”.
Antzuolako Udalak utzi die jokoak gordetzeko armairua, lokal batean, baina partidak kideen soziedadeetan jokatzen dituzte: “Batera joan, eta afari handi bat baldin badago, beste batera alde egiten dugu, kontzentrazioa beharrezkoa baita”. Ehun bat joko dituzte lokalean: “Batzuk biren edo lauren artean jokatzekoak dira; beste batzuetarako hamar jokalari behar dira, gutxienez... Beraz, etxean edukitzeak ez du zentzurik, ezin direlako edozein unetan erabili”.
Iaz Antzuolako jaietan Patchwork jokoaren erakustaldia egin zuten arren, gehienbat ate irekiak antolatzen dituzte, igande arratsaldez: “Jokoak mahaietan jartzen ditugu, nahi duenak erabiltzeko. Hilean behin egiten saiatzen gara, eta jendea etortzen da, batzuk beti”. Gehienak sei urtetik beherako umeak izaten dira, gurasoekin: “Zortzi urteko bat han sartuta edukitzea zailagoa da, ez badator lagunekin, behintzat. Oraingoz, ez dugu lortu halakoak  erakartzea”.
Umeentzat badaude euskarazko jolasak, baina helduentzat gutxiago: “Duela gutxi, Latxa-Ardia ikusi dut, baina oraindik ez dugu probatu. Durangoko Azokan, rol joko baten proiektuak jaso zuen saria. Ez dugu ohiturarik rol jokoetan aritzeko, baina, euskaraz bada, igual probatuko dugu”.
Batzuetan, “onuragarri” etiketa jartzen zaie mahai jokoei, baina, Goikoetxearen ustez, ez zaie alde horretatik begiratu behar, dibertigarritik baizik: “Afalostean tabernaz taberna ibili beharrean, sozializatzeko beste modu bat dira. Inportanteena da ondo pasatzea; gainera, zerbait ikasten baduzu, hobeto. Telebista, ordenagailua... utzita, denbora pasatzeko beste aukera bat dira, jolastea bera izan daiteke ikasgaia. Izan ere, aurreneko gauza da nola jokatu ikastea, ariketa sakona, sarri”.
Bergarako eta Eibarko elkarteekin harremana dute, baina ez da finkoa: “Guk jolastu egin nahi dugu, eta beste gauza batzuk antolatzeko denbora ateratzea kostatu egiten zaigu. Gainera, joko ezberdinetan aritzen gara”. Halere, 12 orduko maratoi modukoa egitea pentsatzen ari dira, ea formatuz aldatuta jende gehiago batzen zaien, “igande arratsetakoa sinpleegia delako batzuentzat. Neuk nahiago dut hiru egunean launa ordu jokatu, maratoia baino, baina probatzearren...”. Herrian, friki etiketa jarri omen diete batzuek. “Agian, pixka bat bagara... Dena den, niri frikiagoa iruditzen zait musa, beti da berdina. Guk, sikiera, aukera zabalagoa dugu”.

testi

“Oraindik, mahai jokoei buruzko ezjakintasun handia dago, baina laster aldatuko da”

Mahai jokoetan eta bideo jokoetan aditua eta aritua da Ibai Aizpurua (Irun, 1985). Arte Ederrak ikasia, ilustratzailea eta komiki-zinten egilea da; egun, Donostiako Tabakalerako Ubik liburutegian bitartekari dabil. Lanean zein egunerokoan nabari du mahai jokoekiko interesa: “Mundu zabala da, baina oraindik nahiko gauza arraroa jendearentzat. Halere, beti gomendatzen ditut, edonon”.

“Jendeari esaten badiozu mahai jokoetan jokatzeko ohitura duzula, Monopoly eta Risk gustatzen zaizkizula pentsatu ohi du”. Bi joko horiek klasikoak dira (Monopolyk 100 urte pasatxo ditu), baina badaude askoz gehiago. “Zaletasuna gauza bakarrarekin lotzea... jendeak hori egiten du, baina mahai jokoetan denetarik dago” dio. “Oraindik, ezjakintasun handia dago, baina laster aldatuko da”.
Aizpurua txikitatik aritu izan da mahai jokoetan. “Niregan, eta nire inguruan, gero eta gehiago areagotu da zaletasuna” dio. Lanean ere badu aukera gustuko duen horretan eragiteko: “Ubiken, mahai joko pila bat daukagu, batzuk bertan jokatzeko eta beste batzuk maileguan hartzeko, eta mugimendu handia dago. Ikusten da interesa badagoela”.
Beste gauza batzuen artean, mahai jokoak gogoko ditu “denbora pasatzeko modu sozial bat” direlako. “Badaukazu aitzakia bat jendearekin elkarrekintzan jarduteko, eta, askotan, jendea ezagutzeko aitzakia ere izaten da. Gainera, bideo jokoek, pelikulek-eta ez daukaten ukimen puntu bat dute, oso atsegina. Gaur egun, mahai-jokoen edizioak oso landuak egoten dira. Mundu hori hobetzen ari da; izan ere, esan daiteke boom bat izan dela, orain dela gutxitik”.
Zaletasun gero eta hedatuago hori “erraz ikusten da”, Aizpuruaren ustez: “Mahai jokoak ikusiko dituzu edozein dendatan: jostailu dendak, komiki dendak...”. Berez, zaharrak dira, oso, mahai jokoak. “Gizakia gizaki denetik, beti egon dira. Baina eztanda 90eko hamarkadan hasi zen, batez ere Catan izenekoa argitaratu zenean. Ordutik, Europan asko zabaldu da mahai jokoak ekoizteko ohitura”.
Ugaria eta askotarikoa da mahai jokoen esparrua. “Denontzako eskaintza dago. Kontua da gustukoa topatzea. Pentsatzen dugu guztiek izan behar dutela elkarren artean lehiatzeko, baina, gaur egun, kooperatiboak dira asko”. Iraupenari dagokionez ere, “badira 10 minutuan jokatzekoak, 4 ordu irauten dutenak...”. Gai aldetik, berdin: “Imajina dezakezun ia edozer daukazu”. Adin tarteari dagokionez ere, antzera: “Gaur egun, haurrentzako joko ugari oso ongi daude; hain ondo, ezen helduok haiekin jokatzen jarraitzen dugun”. Finean, adinik ez dute mahai jokoek. “Ubiken, jokatu izan dugu erretiratuekin”.
Aukera handi horrekin lotzen du Aizpuruak azken urteotako eztanda. Gainera, “oro har, erraztu egin dira, neurri handi batean. Hau da, jokoa ulertzea eta bertan sartzea errazagoa da. Lehen, batzuk korapilatsu samarrak ziren, adibidez, rol jokoak eta wargame-ak. Horietan jokatu nahi bazenuen, litekeena zen 70 orrialdeko argibide liburuxkak irakurri behar izatea. Badira halakoak oraindik, baina beste askok mekanika askoz garbiagoa dute, eta, di-da hasten zara jokatzen”.
Euskaraz, nolako aukerak ditugu? “Zaletuen artean, euskaldun asko dago. Halere, merkatuko euskarazko mahai jokoen proportzioa nahiko txikia da, oraingoz. Catan joko mitikoa badago euskaraz. Java argitaletxe alemaniarraren jokoak ere bai. Haurrentzako joko eta jostailuak egiten dituzte, gehienbat, baina helduxeagoentzako mahai-jokoak ere badituzte”.
Aizpuruaren ustez, mahai jokoetan egitea mesedegarria da euskara praktikatu nahi dutenentzat: “Jokatzeko, hizkuntzak ez du zertan oso konplexua izan. Batzuetan, gutxi hitz egin behar da; taldeka jokatzekoetan, etengabe aritu behar duzu hizketan... Aitzakia ona dira hizkuntzak ikasteko edo lantzeko”. Berak halaxe egin ohi du: “Egia esan, jokoaren aitzakiarekin lagun asko euskalduntzen ari naiz”.
Zaletasuna zabaltzeko asmoz, hainbat aholku eman dizkigu Aizpuruak: “Joko batzuk 10 eurorekin baino gutxiagorekin eros daitezke. Ez da gastua, eta, gainera, euskaraz topa daitezke”. Hauek gomendatu dizkigu: Rhino Hero, Sushi Go!, Love Letter, Timeline eta Qwixx; garestiagoak, berriz: Codigo Secreto: Imagenes, Dixit, La Isla Prohibida, King of Tokio eta Aventureros al Tren.

abaco

“Abaco lagun talde handia da; askorentzat, bere kuadrilla”

Abaco elkartea 2013an sortu zen, aisialdia sustatzeko eta rol, miniatura eta mahai jokoak antolatzeko. Bilbon daukate jokoan aritzeko lokala, alokatuta. Dozena bat lagunek eratu1 zuten elkartea, eta gaur egun 60 bazkide inguru dira.

Jokin Garcia (Bilbo, 1978) da sortzaileetako bat: “Gure zaletasuna zabaldu nahi genuen, eta hori errazago egiten da elkarte baten bidez”. Bazkideek lokaleko giltza bana dute nahi dutenean joateko, jokatzera edo lagunekin egotera. Urrezko arau dute bakoitzak nahi duena egitea: “Ez da inor behartzen ekintzetan parte hartzera. Badago gauzak antolatzeko konpromisoa hartu, eta asko mugitzen dena, eta badago jokatzera bakarrik etortzen dena”.
Batzuek denbora asko ematen dute lokalean, “ohiko txantxa da bertan erroldatuko direla esatea”, baina ez dute jokoarekiko mendekotasunik: “Aisialdi taldea da, lagunak egiten ditugu hemen, bikoteak sortu dira, baita negozio kideak ere...”. Dirurik ez da jokatzen, debekatuta egon ez arren, eta “ekintza irekiak antolatzen ditugunean, beti izaten dira doan”. Joko asko bazkideenak dira, eta hogeina euroko kuotari esker mantentzen dute elkartea.
Hilero antolatzen dituzte jardunaldi irekiak, “atetik sartzen den orok har dezake parte”. Gaur egun, 22 eta 58 urte bitarteko lagunek osatzen dute elkartea: “Denetarik dago: abokatuak, medikuak, epaileak, udaltzainak...”. Baita familia bat ere, presidenteordearena: “Duela 4 urte etorri zen alabak ekintza batera ekartzera, eta orain emaztea bazkidea da eta alaba txikia tarteka etortzen da”. Hori bai, gehienak gizonezkoak dira: “Emakumeak, % 15 inguru. Sentsibilizazio lana egin nahi dugu, jakin badakigulako emakumeek ere jokatzen dutela, baina bide luzea dugu aurretik”. Haatik, jendearen iritzia elkarte hauen gainean aldatzen ari dela uste du Garciak: “Dagoeneko nahiko normalizatuta dago kontua, lagunik gabeko frikiaren topikoa baztertuta. Horrelakoak ere badaude, noski, baina askoz gehiago ere bai”.
Joko katalogo handia dute, 300 inguru bilduta: jokalari askorekin jokatzekoak, gutxirekin, hainbat adin tartetarako... baita umeentzakoak ere, nahiz eta haur gehiegi ez joan lokalera: “Kide batzuk gurasoak dira, eta noizbehinka ekartzen dituzte seme-alabak, baina ez da ohikoena. Hala ere, jardunaldietan beti jartzen dugu gune batean familientzako ludoteka, oso polita delako gurasoek umeekin mahai jokoak partekatzea”. Miniatura jokoak ere badituzte, eta hainbati panpinatxoak margotzea gustatzen zaio: “Batzuk artelanak dira, baina beste batzuk nahiko eskasak” dio Garciak.
Jokoei esker, trebetasun piloa lantzen dute: “Sormenezko pentsaera, pentsaera abstraktua, pentsaera estrategikoa, elkarlana, enpatia... Horretarako oso egokiak dira orain modan dauden joko kooperatiboak. Koordinazioa lantzeko jokoak ere baditugu”. Euskara ere lantzen dute, Denboraren Kontseilaritza rol partidaren bidez: “Mintzapraktika egiteko baliatzen dugu, geure arauak ezarrita. Joko zuzendariak eta beste hiru lagunek jokatzen dugu. Izan ere, zuzendariak euskara proba gainditu behar du, eta hari laguntzen aritzen gara”.
Bilboko Aste Nagusian, Bloodbowl txapelketa antolatzen dute, Areatzan; baina jardunaldi garrantzitsuena, Omicron izenekoa, Zallan egiten dute, urtero, Aste Santuan: iaz, 515 lagunek hartu zuten parte, batzuk Madriletik, Malagatik, Valladolidetik... etorrita. Zallako Udalak pilotalekua uzten die, eta bertan jartzen dute nahi duenarentzako lotarako lekua ere, dena doan (janaria norberaren kontura). Ostegun goizeko 10:00etatik igandeko 14:00ak arte, gelditu gabe, edonork har dezake parte han antolatzen diren partidetan. Horrez gain, ludoteka librea ere egoten da, nahi duen orok joko bat eskatu, mahai libre batean eseri, eta bertan aritzeko: “Omicron, azken batean, lagunak ikusteko eta jolasean aritzeko aitzakia da, beste batzuk kontzertuetara joaten diren bezala” dio Garciak, baina, datuen arabera, iaz bertaratutako pertsona bakoitzak 80 € inguru utzi zuen herrian. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da.