“Irakurtzea da hitzak eta egiturak ikasteko modurik atseginena”

ladronLehenik euskaltegian eta ondoren bere kasa ikasi zuen euskara Ladron Aranak. Euskaraz idaztea zuen helburu, gustuko zituen generoak lantzeko, eta lortu zuen. Egun, irakurleen artean harrera ona izan duen lan mordoxka du argitaratuta idazle nafarrak.

Alberto Ladron Arana
(Iruñea, 1967)

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Etxean inork ez zekien euskaraz, familiako azken euskalduna gure aitona izan zen, baina sekula ez zigun euskaraz hitz egin. Hemeretzi urterekin AEKn hasi nintzen arte, hitz solte batzuk baino ez nituen ezagutzen.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Garai hartan (80ko hamarkadaz ari naiz), adiskide asko hasi ziren euskara ikasten, eta neu ere animatu nintzen. Giro berezia zegoen Iruñean, ematen zuen mundu guztiak nahi zuela euskaraz ikasi, gau eskoletako gelak gainezka zeuden, ilusio handia zegoen.
Nolako prozesua izan duzu?
Hiru urtez ikasi nuen euskaltegian, irakasle ikasketak egin bitartean. Psikologia ikasten hasi nintzenean, baina, utzi egin behar izan nuen, astirik ez nuelako. Gero, lanean hasitakoan, neure kasa ekin nion ikasteari: hiztegi bat eta gramatika liburu bat erosi, eta su eta gar hasi nintzen ikasten. Aldi berean, euskarazko nobelak irakurtzen nituen, eta testuan aurkitzen nituen hitzak eta egiturak kaier batean idatzi eta buruz ikasten nituen. Prozesu hura lauzpabost urtez luzatu zen. Egun, lanak ditut sinesteko halakorik egin nuela, nire kasa eta laguntzarik gabe.
Zer izan da zailena zuretzat?
Euskaltegian erabiltzen zen metodoak buruhausteak eman zizkidan. Nik gauza konkretuak ditut gustuko, arau zehatzak eta salbuespen garbiak. Baina euskaltegian erabilerari ematen zitzaion lehentasuna, eta ez zuten oso gustuko arauetan sakontzea; hala, ni nahiko galduta ibiltzen nintzen. Gramatika liburu batekin ikasten hasi nintzenean, ordea, zalantza guztiak argitu ahal izan nituen.
Eta errazena?
Ilusioari eustea. Nik garbi neukan euskaraz idatzi nahi nuela. Garai hartan euskal literaturan ez zeuden gauzak egin nahi nituen, seguru nengoen ni bezalako irakurleak egonen zirela, bestelako estilo eta istorioen zain. Banekien horretarako ezinbestekoa nuela euskara ongi jakitea.
Une barregarriak ere izango zenituen...
Euskaltegia utzitakoan, 30eko hamarkadako gramatika liburu bat aurkitu nuen nonbait, eta gogoz ikasten hasi nintzen. Baina ez nekien bizkaierazko liburu bat zela; gainera, garai hartan, aditzak, deklinabideak, egiturak eta abarrak ez ziren euskara batuan erabiltzen direnak bezalakoak. Azkenean, ikasten lagundu baino, liburu alu hark gehiago nahasi zizkidan ideiak.
Erabiltzen al duzu?
Lanean, batez ere. Unibertsitateko informazio gune batean aritzen naiz, eta jende askok hitz egiten digu euskaraz.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Gustuko tokian aldaparik ez.
Trikimailuren bat?
Nobela entretenigarri bat irakurri bitartean, ohartu gabe ikasiko duzu. Deus ez ulertzeko beldurrak bazaude, hartu gaztelaniaz irakurri zenuen nobela bat: istorioa ezagun duzunez, ez duzu haria galduko. Etxean edo autoan irratia entzutea ere oso lagungarria da: hasieran, hitz bakar batzuk besterik ez duzu ulertuko, baina, denboraz, gero eta gehiago ulertzen duzula ohartuko zara.