Patinete elektrikorik erabiltzen duzu?

ikamika

Azkenaldian, asko ugaritu dira patinete elektrikoak. Jostailu izateari utzi, eta garraiobide bihurtu dira askotan. Horrek, baina, eztabaida sortu du haien erabileraren inguruan, besteak beste, patinete elektrikoei lotutako istripuak gero eta arruntagoak direlako, eta autoen, oinezkoen, bizikleten eta halako gailuen erabiltzaileen arteko elkarbizitzari eragiten diotelako. Araudi zehatzik ez dago oraingoz, nahiz eta Espainiako Trafiko Zuzendaritza lege bat prestatzen ari den “mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen” (ez bakarrik patinete elektrikoena) erabilera arautzeko. Besteren artean, patineteak espaloietan ibiltzea debekatu nahi du, eta gehieneko abiadura orduko 25 kilometrora mugatu. Nolanahi ere, oraindik tokian tokiko erakundeen esku dago halakoak arautzea. Patinete elektrikorik erabiltzen duzu? Haien erabilera arautu egin behar dela uste duzu? Gasteizko Arana AEK euskaltegiko arratsaldeko B2 mailako taldea

1. Isabel
Ez dut patinete elektrikorik erabiltzen, baina askotan pentsatu dut bat erostea. Izan ere, nire lantokian ez dago kotxea uzteko lekurik eta derrigorrean TAO ordaindu behar izaten dugu, lanera joatea garesti ateratzen zaigularik. Beharbada datorren urtean ibilgailu elektrikoa erosiko dut.
2. Marian
Egoera oso konplexua da. Nahiz eta patinete elektrikoek ez kutsatu, abiadura handia har dezakete. Beraz, agian, errepidetik joan beharko lirateke eta ez espaloitik, hau da, gainontzeko ibilgailuek joan behar duten lekutik.
3. Jaime
Beti izan dut argi hankartean motordun gailu bat izanez gero, baldintza batzuk bete behar ditudala, esate baterako, gida baimena ordaindu eta azterketa gainditu. Orain, aldiz, badirudi ez dagoela legerik eta gidabaimenik, segururik eta kaskorik gabe ibil daitekeela kaletik. Tamalez, anarkia beranduegi heldu zaigu.
4. Olarizu
Ez dut patinete elektrikorik erabiltzen, ideia txarra iruditzen zaidalako. Udalak arauak egin behar ditu eta gutxienez hau jaso beharko luke: gidabaimena izatea, matrikulatuta egotea, derrigorrez asegurua izatea, abiadura kontrolatzea... Hau guztia gutxienekoa da kaleetatik ibiltzeko.
5. Amaia
Ez dut patinete elektrikorik erabiltzen, baina gero eta gehiago erabiliko direla ziur nagoenez, uste dut arau gehiago, argiagoak eta zorrotzagoak behar ditugula. Esate baterako, kaskoa janztea derrigorrezkoa izan beharko litzateke, patinete elektrikoekin espaloian ibiltzea debekatuta egon beharko litzateke eta garraio elektrikoen erabiltzaileak helduak izan beharko lirateke.
6. Urko
Ez dut patineterik eta ez dut inoiz erabili. Hala ere, ados nago beraien erabilera arautu egin behar dela, batez ere, kontuan izanda gero eta patinete gehiago dagoela eta istripu kopurua ere handituz doala. Gutxienez, bidegorritik abiadura kontrolatuan joatea irtenbide egokia irudituko litzaidake.