Maite duzun hori

dantzaka

Duela urtebete zabaldu zuten, Bilboko San Frantzisko auzoan, Dantzaka espazioa. Haren sustatzaileek zirkua eta flamenko dantza uztartu nahi dituzte, helburu pedagogikoekin eta terapeutikoekin. Horretan sakontzea dute xede, batez ere, bertako haurrekin eta familiekin. Hortaz, auzoari begira jarrita daude; izan ere, zirkuan alaitasuna gailentzen bada ere, kale horretan ez da giro: bazterketak eta prekaritateak gogor kolpatzen dute jendearen bizimodua. Maider del Olmo.

Kortesen, kale hotzean gizonen zain dauden emakume zuriek zein beltzek, zaharrek zein gazteek kafetxorako tartea hartzen dute burdel tristeetan. Espaloi estuetan, heroinazale eta droga saltzaileen arteko kontuek bidea oztopatzen diete nonbaiterako bidean doazen oinezkoei. Plazan, ijitoen berpizte musikalaren testigu gara. Poliziak topatu ahal dira taldeka, kotxe ondoan, lekuz noiz aldatuko zain dagoenaren plantarekin. Udaleko kale garbitzaileak, ordea, gutxiago ikusiko dituzu. Eta zoru irristagarrietan erortzearen beldurrez, aitona-amonek kale aldapatsuak igo eta jaisten dituzte, tarteko pausaleku ziren jesarlekurik gabe, zeuden gutxiak Udalak kendu baitzituen". (Elixabete Imaz antropologoa, Berria egunkarian, 2018/12/30).
Iragan abenduan, halaxe deskribatu zuen Imazek, egunkarian, bizileku duen auzoa, San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko eta Zabalako Gau Irekia ekimenaren zazpigarren edizioaren harira. Bertan parte hartu zuten, besteak beste, Dantzaka espazioaren bi sustatzaileek, Lorena Salcedok eta Gloria Peonek, abendukoa ez zirudien gau beroari beren ekarpena eginda: zirkua eta flamenko dantza denentzat. Egun hartan ezagutu zuen hainbatek Dantzaka bertatik bertara, ireki zutela urtebete pasatu den arren.
Denboran atzera eginda, hasiera ez zen erraza izan. Tokia aurkitzea dezente kostatu zitzaiela esan dute, nahiz eta Bilboko Udalak auzoan bertan hainbat lokal hutsik izan, erabili gabe. Lorena Salcedoren hitzetan, “alokairuak oso garesti daude. Nik argi nuen egitasmoak hemen ikusi behar zuela argia, ez beste auzo batean. Hementxe du zentzua flamenkoarekin garatu nahi dudan proiektuak”. Azkenean, diru bilketa eginda eskuratu zuten lokala. Hala, bi emakumeek lekua elkarbanatzen dute, izatez bakoitzak bere egitasmoa baitu: batak zirkua eta besteak dantza. Bada, biak bat eginda sortu dute Dantzaka.
Askotariko eskaintza
Lokala Gorte kalean dago, 35. zenbakian. Sartu bezain laster, koloreek erakartzen dute ikuslearen arreta. Lekua atsegina da, goxoa.  Oinetakoak erantzi behar ditu hara doanak, oholtza ez hondatzeko; oinutsik ibiltzen da han jendea. Goian, sabaitik zintzilik, soka koloretsuak daude, akrobazietarako aproposak. Aurrealdean, bazter batean, karabana bat dute jarrita, motaduna. Ibilgailu bitxiak zirku itxura ematen dio lekuari. Hain justu, karabanaren marrazkia da egitasmoaren logoa.
Beren eskaintzan zirkua eta dantza nabarmentzen diren arren, beste jarduera batzuk ere badituzte: yoga, pilatesa, balleta, luzaketak eta mugimendua familian, clowna… Azkenaldian, ideia berri bat darabilte buruan: aitona-amonekin antzerki talde bat sortu. Auzoan ez dagoenez bilgune gehiegi, ateak zabaldu nahi dizkiete auzotarrei, batzarrak egiteko edota hitzaldiak emateko. Beharrak zehazteko lanean dihardute, San Frantzisko ez delako edozein leku, eta ondo dakite, egunerokoan, kalera atera orduko, bazterketa eta prekaritatea ikusten baitituzte.
Hori dela eta, zera diote: “Ez dugu proiektu elitista egin nahi. Denontzako lekua izatea nahi dugu, baina errealitatea da auzotar batzuek ezin dituztela ikastaroak ordaindu, pobrezia egoera larrian daudelako. Hurrengo egunean zer jan ere ez dute. Gure erronka horri aurre egitea ere bada, pertsona horiei Dantzakan parte hartzeko aukera ematea, nahiz eta oraindik ez izan oso argi nola egingo dugun” esan du Salcedok.
Gloria Peonek gizarte zirkuaren ideia nabarmendu nahi izan du. Berak Hego Amerikan ezagutu zuen gizarte bazterketaren aurka eta helburu pedagogiko zein terapeutikoekin egiten den zirkua. Peon gizarte hezitzailea da ikasketaz, eta Argentinan nahiz Brasilen aritu zen zirkua ikasten. Han ikusitakoa hemen garatu nahiko luke, San Frantzisko auzoan: “Horrelako zerbait egiteko behar handia dagoela uste dut, batez ere umeekin. Zirkuak beren arazoei aurre egiteko aukera ematen die; izan ere, arriskuak eta erronkak lantzen dira. Tresna ona da honelako ingurune gogorrean bizi diren neska-mutilentzat, segurtasuna eta autoestimua lantzen baitituzte”.
Ados dago Salcedo. Bera duela urte asko hasi zen ijitoekin flamenkoa lantzen, San Frantziskon, Iniciativa Gitana elkartekoekin batera, dantza ikasketa profesionalak Madrilen eta Bilbon bertan egiten zituen bitartean: “Duela hogei urte, hemen, oso lagun gutxi aritzen ginen flamenkoan” dakar gogora. Bestalde, amatasuna dela medio, bere egitasmoak etenaldiak izan ditu, baina urte asko daramatza dantza irakasten. Aurrerantzean, flamenkoa alboratu gabe, antzerkia edota beste arte diziplina batzuk jorratzea gustatuko litzaioke.

Baita euskaraz ere

Jatorri askotako jendea hurbiltzen da Dantzakara. Hori dela eta, ez da arraroa atea zeharkatu eta zirkuko lagunak hainbat hizkuntzatan mintzatzen entzutea, baita euskaraz ere. Inoiz saioren bat ingelesez eman dute. Erabiltzaileetako asko ez dira auzoan bizi, lanera joaten dira San Frantziskora. Lorena Salcedo bilbotarra da, euskalduna; Gloria Peon, berriz, asturiarra, eta euskara ikasten ari da euskaltegian. Euskara ulertzeko ez du arazorik, baina hitz egitea kostatu egiten zaio. Proiektuaren bi sustatzaileen hitzetan, saiatzen dira euskarari leku egiten zirkuan, batez ere, umeekin eta familiekin egiten dituzten ikastaroetan, zeinak normalean asteburuetan izaten diren.

Auzoko egoerari begirada bi

Lorena Salcedok urte asko daramatza San Frantziskon lanean, eta bertan bizi da. Ilusioz nahiz kezkaz hitz egiten du bertako errealitateaz: “Hemengo aniztasuna eta aberastasuna ikaragarriak dira, jendeari eta kulturei dagokienez. Gainera, elkarte ugari dago auzoaren alde lanean. Nire dantza flamenkoaren ikuskerak eta garapenak aberastasun horretatik edaten dute. Edozelan ere, auzoko arazoak ez dira konponduko polizia gehiago edo kamera gehiago jarrita”. Bestelako neurrien alde egin beharko litzatekeelakoan dago: “Kaleko hezitzaile kopurua ugaritu, eta proiektuak garatu nahi dituztenei erraztasunak eman, betiere auzoaren mesederako direnean”. Arazoak eta bazterketa gorabehera, Salcedoren hitzei maitasuna darie San Frantziskoz ari denean.
Peonek, aldiz, auzoarekin maitasun-gorroto harremana duela aitortu du, eta ez du bere burua bertan bizitzen irudikatzen: “Egun batzuetan, oso gogorra egiten zait hemengo errealitatea, lapurretak eta abarrak, eta korrika hanka egiteko gogoa izaten dut”. Bere esanetan, egitasmoa esperimentazio prozesua du, eta horretan gizarte zirkuaren bidetik jo nahiko luke, egoera zaurgarrian dauden ume eta familiei laguntzeko.