Auzolana kantuan

erraiak

Autoedizioa elkarlanaren bidetik egin nahi dute Izaki Gardenak, Joseba B. Lenoir eta Montauk taldeek, Erraia zigiluaren bitartez: “Arabatik abiatutako proiektua da, zeinak kantuak zigilu beraren babespean aurkeztuko dituen”. Montauk taldeko Beñat Goitiak (Gasteiz, 1991) nabarmendu duenez, “lagun arteko giroan, beharrak eraginik sortutako ideia da, elkarri laguntzeko eta elkarrekin argitara emateko”. Estitxu Ugarte. Argazkiak: Foku.

Modu naturalean elkartu dira hiru taldeak: Gasteiz inguruan daude, euskaraz kantatzen dute, eta musika estilo aldetik antzekotasunak dituzte. Gainera, hirurek autoedizioaren aldeko apustua egin nahi izan dute, formularen alde onak baliatuta. Hala, ekimena ekainaren erdialdean aurkeztu ondoren, segituan kaleratu zen Erraia zigiluaren lehen lana: Haiek izorra nahi haute / Kantu odolustuen bluesa singlea, Joseba B. Lenoirrena. Udazkenean, berriz, Geruzak kaleratu zen, zazpi kantuz osaturiko lana, Montauk taldeak Jimmy Jazz aretoan grabatua. Azaroaren amaieran, Izaki Gardenak taldeak Dena Oskol diskoa plazaratu zuen, eta urtarrilean egin zuen aurkezpen kontzertua. Halaber, Durangoko Azokan, Erraia zigiluak bere standa izan zuen, eta bertan izan ziren aipatu hiru diskoak.
Erraia bataiatu dute zigilua “sustraietara lotuta dagoen musika egiten dugulako”. Hala azaldu du Goitiak, eta azpimarratu du elkarlanaren zergatia egunez egun definitzen ari direla, hau da, ez dutela ideia finkorik, batik bat lagunen arteko esparrua delako. “Lagun arteko giroan sortu dugu, Gasteizen, kezka komunek eramanda denon indarrak biltzera”. Hala, sustapenean eta zabalkundean elkarlanean ariko dira aurrerantzean: “Autoedizioaren baitako hainbat lan musikariari berari dagozkio, eta asko elkarlanean erraztu eta indartu daitezkeela uste dugu; adibidez, sustapenari dagokionez, zigiluak asko errazten du kanpora begirako lana”.
Zigilua sortzeko jatorrizko ideia Jon Basagurenek (Izaki Gardenak) bota zuela aipatu du Goitiak. “Elkar argitaletxearekin argitaratu zuen azken diskoa. Hurrengorako, bazuen buruan zerbait egitea elkarlanean, bakarrik egin beharrean; hots, zenbaitek indarrak biltzea eta honelako plataforma bat sortzea”. Hala, Joseba Baleztenarekin (Joseba B. Lenoir) eta Goitiarekin harremanetan jarri, eta asmoa azaldu zien. “Une hartan, hirurok geunden autoedizioan murgilduta, eta, gainera, musikari gisa ezagutzen genuen elkar” dio Goitiak. Lehenengo bilera ekainean egin zuten, eta, kontuan hartuta Izaki Gardenak eta Montauk taldeek lehenengo diskoa udazkenean atera behar zutela, Erraia abiatu zuten.
Aukera kolektiboa
Nork bere diskoak ekoizteak lanaren gaineko kontrol erabatekoa dakar, baina lan karga handia ere eragiten du, eta oso lan indibiduala bilakatzen da, sarritan. Horri guztiari aurre egiteko, taldean aritzearen onurak bilatu dituzte Erraia zigiluko kideek ekimena martxan jartzeko orduan. “Askotan –dio Goitiak–, autoedizioaren izenpean gauza pilo bat sartzen da, are gehiago gaur egun. Urte askoan diskoetxeetan egon izan diren talde handi batzuek, egoera ikusita, autoediziora jo dute, eta bakarrik, baina egon badaude beste formula batzuk; guk ikusten genuen bazegoela aukera modu kolektiboan ere autoeditatzeko”.
Zigiluak izango duen garapenaren inguruan, ikuspegi zabalaz jokatu nahi dutela nabarmendu dute; unean uneko beharrak ikusita eta gorabeherak konpartituta hartuko dituzte erabakiak. “Printzipioz, ez dugu ezeri uko egiteko asmorik, gauzak dauden bezala egotea nahi dugu, eta, lagun arteko zerbait denez, unean uneko egoerara egokituko gara” esan du Montauk taldeko kideak.
Zigilu kideek badute antzekotasunik musika estiloari dagokionez, halako “amerikar ukitua”, eta egon daiteke ildo komun bat, hirurek elkarrekin kontzertuak ematea, kasu. Dena den, aurrera begira, beste estilo batzuetako taldeei ateak zabalik utzi nahi dizkiete, eta antzeko izaera edo filosofia duten beste talde batzuekin kolaborazioak egiteko aukera ere ez dute baztertzen. Berdin hizkuntzarekin: hirurek euskaraz sortzen dituzte kantuak, baina etorkizunean nahi lukete argitara eman beste hizkuntza batzuetan egiten den musika ere.
Ildo beretik, Gasteizen jaiotako zigilua izanagatik, ez dute lurralde horretara mugatu nahi. ”Gu Gasteizen gaude, eta horrek bertara ekartzen gaitu, baina ez gara Gasteizko ordezkari bat izango, etorkizunean haragoko jauzia egin dezakegu eta” argitu du Goitiak.
Hainbat belaunalditako taldeak izan arren, eta ibilbide desberdinak eduki, beren esperientziak partekatzeko aukera izanen dutela dio Goitiak, eta horren balioa nabarmendu du. “Joseba eta Jon elkarrekin aritu izan dira, eduki dute elkarrekin ibilbide bat, eta belaunaldi berekotzat jo daitezke. Gu, berriz, gazteagoak gara, eta esperientziak partekatzeko unean baliogarria zaigu haien bidea ezagutzea,  guk gurea hobeto egiteko. Funtzio hori ere badu asanbladak, esperientziak partekatzea”.