48. Durangoko Azoka Laburtua, baina zabalagoa

durango

Abenduaren 5etik 8ra, euskal kulturaren plaza bilakatuko da Durango. Azken urteotan ondutako bideari jarraiki, elkarlana oinarri, Azokak plazara egingo du jauzi eta, Landakoko erakustazokaz gain, Durangoko kaleak ere euskal kulturaren topagune bihurtuko dira. Eñaut Mitxelena

 

Izena laburtuta baina izana hedatuta dator 48. Durango Azoka. Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka izatetik, Durangoko Azoka izena hartzera igaro da aurten, liburu eta diskoak baino askozaz eskaintza zabalagoa biltzen duelako. Gune eta diziplina guztiei ematen die aterpe Azokak, eta horren erakusle da izen berria, aurrerantzean ere mantenduko dena.
Izenak ez ezik, atxikita doakion leloak ere erakusten du Azokaren hedatzea: Kulturaren plaza. Landakoko guneaz harago, Azoka hezurmamitzen duten gune guztiak baitira plaza horren parte: Areto Nagusia, Hitzaren plaza; Ahotsenea, Sortzaileen plaza; Kabi@, digitalaren plaza; Irudienea, ikus-entzunezkoen plaza; Plateruena, kontzertu handien plaza; Saguganbara, Txiki eta Handien plaza; eta Szenatokia, Arte Eszenikoen plaza. Horiei guztiei Azoka TV gunea gehituko zaie: lau egunez Azokan gertatuko denaren berri pantaila erraldoian nahiz tokian tokiko telebistetan eskaintzeko.
Guztiek osatuko dute Durangon hedatuko den Azoka, herria bera bilakatuta kulturaren plaza eta agertoki. Zenbait gune tokiz aldatu dituzte aurten, beraz, Landakotik hasi eta San Agustin Kultur Guneraino, 700 metroko tarte eskasean, gunez gune, euskal kulturaren arlo eta diziplina anitzak ezagutzeko ibilbidea izango dute eskura Azokara hurbiltzen direnek. Ahotsenea, esaterako, Landako ondoko kokagunetik Montevideo kalera pasako da, eta Irudienea, berriz, Landakotik Zugaza zinema aretora. Gerediaga elkartearen lehendakari Nerea Mujikak azaldu duenez, “Durangoko Azokako plaza hori Durango osora hedatu nahi dugu. Azoka Hiria deitzen diogu asmo honi, eta Durangoko hainbat espaziotan kultur eskaintza osatzea da helburua. Horrela, Azoka bera indartu eta aberastuko dela uste dugu. Eskaintza oparoagoarekin eta elkarlan handiagoarekin”.
Krisiak gerrikoa estutzera behartu ditu aurten ere antolatzaileak, baina, esfortzu handia eginez eta elkarlanean oinarrituz, eskaintza zabalari eutsi ahal izan diote. Hori bai, joan den urtean bezala, lau egun iraungo du Azokak. Halere,  lau egunetan ez da aspertzeko betarik izango Azokaren Hirian,130etik gora ekitaldiz osatutako egitarau mardulari esker. Ekoizpenari dagokionez, 350 nobedade izango dira.
Eskaintza zabalarekin batera, ezin ahantzi Durangoko Azokan ezinbestekoak diren bestelakoak. Batetik, Argizaiola Saria, euskal kulturaren alde egindako lana aitortzeko helburua duena. Urteon William A. Douglass (Reno, AEB, 1939) antropologoak jasoko du. Euskal kulturaren AEBetako aditu nagusitzat hartua, hainbat arlo ikertu ditu, hala nola euskal immigrazioa, identitatea mantentzearen auzia, nazioarteko hainbat kulturaren historia eta migrazio mugimenduak... Halaber, Renoko Basque Studies Program deritzonaren sortzailea ere izan da, besteren artean. Lan horri guztiorri merezitako aitortza egingo dio Gerediaga elkarteak abenduaren 6an San Agustin Kultur Gunean egingo den ekitaldian.
Bestetik, ohi bezala, munduko herrialde batek ere tarte berezia izango du Azokan. Aurten, Eskozia izango da herri gonbidatua, eta zenbait ekitaldiren bitartez herrialde horren ezagutzan sakontzeko aukera izango da. Besteak beste, John Stewart gaita jotzaileak kalejira egingo du eskoziar musika joz; Catriona Lexy Campbell gaelikozko idazle eta aktoreak mahai-inguru batean hartuko du parte; eta Eskoziako autodeterminazio erreferenduma oinarri, Europako autodeterminazio prozesuak jorratuko dira beste mahai-inguru batean.

1. Azoka Argitaletxe, diskoetxe, hedabide, erakunde nahiz kultur eta gizarte eragileen ekoizpenak bilduko ditu Landako erakustazokak. Standez gain, bertan izango dira Areto Nagusia eta Kabi@ guneak.

2. Kabi@, Digitalaren plaza Kultura digitalaren eta teknologia berrien plaza azken teknologia proiektuak aurkezteko gunea izango da. Besteak beste, hainbat hitzaldi, mahai-inguru eta tailer egingo dira bertan.

3. Areto Nagusia, Hitzaren plaza Gerediaga elkarteak koordinatutako guneak euskal kulturaren zabalkundea du xede. Hala, liburu aurkezpenak egingo dira bertan, baina baita mahai-inguru, hitzaldi eta prentsaurrekoak ere.

4. Saguganbara, Txiki eta Handien plaza Landako plazako Elkartegian kokatua, Berbaro elkarteak koordinatzen duen guneak familia osoarentzako eskaintza izango du. Hiru gunetan banatuta, kulturaren transmisioa eta irakurketa aktiboa landuko du txiki zein handiekin orotariko ekitaldien bitartez: ipuin kontaketak, tailerrak, hitzaldiak, eskulanak...

5. Plateruena, Kontzertuen plaza Azokak iraun bitartean eskainiko diren kontzertu handienak jasoko ditu Plateruenak, tragoxka edo mokadua hartzeko leku aproposa izateaz gain. Besteak beste, Ruper Ordorika, Su ta Gar, Korrontzi edota Urtzek joko dute zuzenean.

6. Ahotsenea, Sortzaileen plaza
Lekuz aldatuta ere,  helburu berari eutsiko dio Ahotseneak: euskal sortzaileen lanei lekua eta agertokia eskaintzea. Bi gune izango ditu: batean, sortzaileek euren lanei buruz hitz egingo dute; bestean, zuzenean aurkeztuko dituzte euren nobedadeak. Orotara, 40 emanaldi inguru eta beste horrenbeste aurkezpen. Sortzaile ugari igaroko dira lau egunetan bertatik: Mikel Markez, Koldo Izagirre, Mursego, Irati Jimenez, Esne Beltza, Pirritx eta Porrotx, Napoka Iria...

7. Irudienea, Ikus-entzunezkoen plaza Gune honek ere kokaleku berria izango du, Landakotik Zugaza zinema aretora igaroko baita. Emanaldiak, solasaldiak eta mahai-inguruak izango dira bertan  eta sortzaile eta ikus-entzuleen arteko hartu-emanari arreta berezia eskainiko zaio. Film laburren emanaldiak, Amaren Eskuak eta Emak Bakia filmeen emanaldia, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien Loreak errepidean filmaren aurrerapena, Goizetik gauera, etenik gabeko eskaintza izango du.

8. Szenatokia, Arte eszenikoen plaza Euskarazko antzerkigintzaren lekua  San Agustin Kultur Gunean. Urte osoan euskal antzerkigintzak emandako uztaren zati bat ikusi ahal izango da, bidenabar ikusle eta antzerkigileen arteko zuzeneko harremana landuz.

18. Euskal Denda Artisautzak berezko lekua izango du Durangon, Azokaren egun beretan zabalik izango den Euskal Dendari esker. Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Sustatzeko Arbaso Elkarteak antolatua, 18. urteurrena beteko du aurten. Ametsak gauzatu lelopean, Euskal Herri osoko 52 artisau bilduko ditu.  Aurten, artisauen eta bisitarien arteko elkarrekintza sustatzeko ekitaldiei garrantzia emango diete. Hala, orotariko ekintza eta tailerrak izango dira, hala nola papiroflexia, gozokigintza edota buztingintza tailerrak. Horiez gain, jada ohiko diren Artetsu sariak ere banatuko dituzte.

Sortzaileak,  bisitari

Milaka lagun ibiliko dira Azokaren karrajuetan barrena, baina horietako batzuk, gainera, stand atzean ere egongo dira egunen batean edo bestean, eurek sortutako lanak nobedade direlako aurtengo eskaintzaren barruan. Diskoak edo liburuak sinatzeaz gain, ordea, zelako bisitariak dira? Hori jakiteko, ondoko galdera hauek luzatu dizkiegu.

1.- Zer eskuratzeko asmoa duzu Durangoko Azokan?
2.- Landako Gunetik kanpo, bestelakorik egiteko baliatuko al duzu Durangoko hitzordua?
3.- Ezberdina da Azoka zuretzat lan berri bat aurkeztea egokitzen zaizunean?
4.- Gustuko duzu entzule edo irakurleekin zuzeneko harremana eduki behar izatea?

garbiñeGarbine Ubeda Goikoetxea

1.- Denetarik apur bat eskuratzen dut normalki. Aurten, Xabier Montoiaren Azken afaria eleberria izango da nire lehentasuna. Haurrentzako libururen bat edo beste ere eroriko da, baina horiek ez ditut aurrez erabakitzen. Ikusten dudanaren edo haurrek eskatzen didatenaren arabera erosiko ditut. Diskoei dagokienez, oraintsu plazaraturiko gehientsuenak eskuartean ditut, beraz, erostekotan, Ruper Ordorikarena erosiko dut, oparitzeko. Diskoei baino gehiago, diskoen aurkezpenei erreparatuko diet, taldeek han bertan eskainiko dituzten kontzertutxoei, alegia. Esate baterako, Maite Larburu eta Josh Cheatham bikotearenari (Neighbor) edo Bide Ertzean taldearenari.

2.- Tira, turismo pixka bat egiteko, akaso, gogoaren eta eguraldiaren arabera.

3.- Beharbada, bai. Lan berria aurkeztu beharrak “ezinbestekoa” bilakatuko dit aurtengo Azoka. Zaila egiten zait hainbesteko jende motroiloak sortzen diren tokietan ibiltzea, eta piper egin izan dut zenbaitetan. Liburuak (eta diskoak) erosi aurretik, eskuetan edukitzea gustatzen zait, atzealdeak irakurtzea… Hori, tamalez, ia ezinezkoa da Durangon.

4.- Txunditu egiten nau. Alde batera, pozten nau, eta harrotu; baina, beste alde batera, errespetu handia diot horri.

 

Aiora Renteria (Zea Mays)aiora

1.- Glaukoma, Ruper Ordorika eta ahal ditudan disko berri eta zahar guztiak (nire poltsikoak aguantatzen dituen guztiak…).

2.- Ez, aurten gure standa daukagunez, denbora gutxi izango dugu Azokatik kanpo ibiltzeko. Halere, saiatuko gara kontzerturen bat ikusten eta bokataren bat dastatzen.


3.- Jakina, zirrara handiz ibiltzen naiz disko berria ateratzen dugunean. Ez badugu ezer aurkezten, zer edo zer erosi, zerbait jan eta edan eta lagunekin ondo pasatzen saiatzen gara, parrandarako aukera gehiago daude!


4.- Bai, oso hunkigarria da zure diskoak erosten dituzten pertsonak ezagutzea, normalean kontzertuetan ez da horretarako aukerarik izaten.

tabernaMikel Taberna

1.- Oraindik ez dut erabaki, zehazki, zer eskuratu, baina jakin badakit ez naizela esku hutsik itzuliko; ezinezkoa da, begientzat hainbertze tentagarri izanda. Ezin erran zer-zenbat, baina liburuak eta diskoak ekarriko ditut etxera, aldizkariren bat… eta egutegiren bat edo gisa horretako zerbait ere bai.

2.- Azoka bisitatu eta Ahotsenean aurkezpen edo solasaldiren bat ikusi-entzuteaz aparte, Durangaldeko txokoren bat bilatuko dugu turismo pixka bat egiteko (gastronomikoa, bederen).

3.- Neurri batean, bai, jendeak zure lana nola hartuko duen begira zaudelako eta komunikabideek berritasunei kasu gehixeago egiten dietelako. Dena dela, Alkasoroko benta, aurtengoa izanagatik, martxoan argitaratu genuen, beraz, ez da labetik atera berri-berria. Horregatik, uste dut normal samarra izanen dela aurtengo nire “durangaldia”.

4.- Bai eta ez. Alde batetik, lotsa moduko zerbait sentitzen dut nire liburuekin jendearen aitzinean agertzean, baina, bertzetik, irakurleekin bertatik bertara solas egitea, batez ere idatzitakoari buruzko konturen bat komentatzeko, gauza ederra da.


markezMikel Markez

1.- Ez naiz normalean aurreiritzi gehiegirekin joaten. Egun pare bat egiten dut han bueltaka eta ikusitakoaren arabera egiten dut erosketa. Oparitzeko bai; zer oparitu nahi dudan eta nori, liburu eta disko pare bat, behintzat, argi dauzkat.


2.- Bai, bai. Azokatik atera eta askotan joaten naiz kontzerturen bat ikustera Plateruenara edo San Agustinera. Gainera, gure kasuan, normalean ikusten ez dituzun lagunekin egoteko aukera ere baliatzen dugu.

3.- Desberdina da, bai. Hasteko, disko berria duzun urtean, egiteko batekin joaten zarelako Azokara. Diskorik ez duzunean, berriz, beste edonor bezala joaten zara, erostera. Baina disko berria duzunean, saltzera ere joaten zara neurri handi batean. Eta lan berriren bat duten beste kantari edo idazleekin ere trukea egiteko aukera dago.

4.- Bai, noski. Gure herria herri txikia da eta horrek desabantaila batzuk baditu. Baina txikia izateak duen abantaila printzipala gertutasuna lantzeko aukera da. Euskal kantari bat ez da ingelesez edo espainolez jarduten duen kantari bat bezain urrunekoa. Gertutasun horrek ere laguntzen digu garai ez hain onak bizi ditugunean. Ni ez naiz batere mitomanoa, baina gustura sinatzen ditut diskoak jendeak eskatzen didanean. Halako maitasun aitortza bat bezalakoa ere bada.

Liburuak eta diskoak

habiakHabiak
Maite Gurrutxaga & Dejabu panpina laborategia
Txalaparta

Simon zaharrak baserria galdu du, abiadura handiko trena bere lurretatik igarotzen delako. Balkanetako gerra atzean utzita, Euskal Herrira heldu da Selma erizain bosniarra. Bien arteko harremana koloretan kontatzen da nobela grafiko honetan.
Maite Gurrutxaga ilustratzailearen pintzelek komiki bihurtu dute  Dejabu panpina laborategiaren Gizona ez da txoria (Covek nije ptica) antzezlana. Marrazkiak, hasieran, bi protagonisten arteko ulertu ezinen eta harreman zailen lekuko izango dira; halere, laguntasun istorio hunkigarri bat aurkituko du irakurleak aurrerago.

 

umoreaHori da umorea, maisu!
Mo Yan
(itzultzaileak, Maialen Marin eta Aiora Jaka)
Elkar

Tradizioa eta modernitatea, Txinako ondarea eta mendebaldeko idazleen irakurketa, elkartzen ditu 2012ko Nobel sari Mo Yanek. Liburuko zortzi narrazioek giza grinak eta ergelkeriak erakusten dituzte, ironiaz, samurtasunez eta gordinkeriaz. Behar gorria zer den badakien eta inoiz ahazten ez duenaren begiradaz aztertzen ditu bere herrialdearen historia eta egungo kontraesanak. Oinarri errealista dute haren kontakizunek, magiaren eta umore beltzaren ukituekin zipriztinduta.
Jokin Zaitegi Itzulpen sariari esker itzuli dute liburu hau Maialen Marin eta Aiora Jakak.

 

kartoKartografien eta mikrobio narratiboen artean
Amaia Iturbide
Maiatz

Fantasiaren eta errealismoaren artean kokaturiko liburu honek 44 ipuin biltzen ditu, eta askotarikoak dira lantzen diren gaiak: zahartzaroa, ametsa, heriotza, porrota, mina, manipulazioa, errugabeei ezarritako zigorrak, bazterkeria... Ondorioz, pertsonaia galtzaileeta biziak eta ageri dira, baina sortzaile eta menderakaitzak aldi berean, bazterkeria hautatu egin dutenak. Bilbo hiria ere agertzen da, baina ez postaletako ederra, periferiakoa baizik. Ipuin hauek begirada zorrotzez behatzen den mundu hiritar baten oihartzuna dira.

 

Pendrivependrive
Arrate Mardaras
Susa

Narrazio bilduma honek, testu solte batzuekin batera, sei ipuin dakartza. Kontakizun gehienetan, ihesean dabilen jendea ageri da, leku arrotzean derrigorrean dagoena. Eta denetan, amodioa mintzagai. Izan ere, ihesi dabilenak maitasuna behar omen du lagun.
Arrate Mardarasen lehendabiziko liburua da hau. Narrazioen helburua ez da ipuin historikoak izatea, historiako aro zehatzetan gertatutako maitasun istorioak kontatzea baizik: harpeetan, erromatarren garaian, Erdi Aroan, 36ko gerran... Galdera hau oinarrian: zertarako bizi, maite duzun horrengandik urrun bada?

 

herenHerensuge gorriaren urtea
Eneko Aizpurua
Erein

Nobela beltz hau eskualdean haserrea eragin duten lapurreta, iruzur eta eraso ugariekin hasten da. Azkenean, gazte baten bahiketak kalera aterako ditu herritarrak, segurtasun eza salatzera. Gainera, batzuek justizia beren kabuz egin nahiko dute: Beasaingo errumaniar ijito baten etxeari su emango diote, eta gaztea leku ezezagunean egongo da  harrezkero. Tokian pintada arrazistak agertuko dira, “Benetako Euskaldunak” taldeak sinatuak.
Ikerketa lanak ezusteko eta egoera arriskutsuetan sartuko du Mikel Egileor, egunkaritik kaleratu zutenetik freelance dabilen kazetaria.

 

Kaliforniakoak (1533-1848)kalifornia
Asun Garikano
Pamiela

Fortun Ximenez de Bertandona, Kalifornia zapaldu zuen lehen europarra; Vicente de Zaldivar, bisonteen eta apatxeen lehen deskribapen zehatza egin zuena; Pablo de Mugartegi, Kaliforniako ardoaren aita... Euskaldun askoren bizipen harrigarrien berri dakar liburu honek.
Ameriketako lehenengo euskaldun haiek itsaso eta lur arrotzetan pasa zituzten poz eta nekeak kontatu eta, aldi berean, Kaliforniako jatorrizko2 biztanleei buruzko albiste ugari eskaintzen ditu. Europarren eta indigenen lehen harremanari buruzko lekukotasun bakarrak, kasu askotan.

 

odoloaOdolaren Mintzoa
Odolaren Mintzoa
Elkar

Talde honekin proiektu berri bat jartzen da abian Euskal Herriko musikaren panoraman. Usurbilgoak dira eta hauxe da argitaratzen duten lehen lana: sei kantuko disko txiki bat. Lagin xumea, baina taldearen ahalmenaren erakusgarri aldi berean.
Hardcorea dute oinarri estilistikoa, kantu zorrotzak, zuzenak, oldartsuak, non askatasun beharra, maitasuna, zinezko sentimenduak eta bizinahia azaleratzen diren, euskal gazteriak egun sentitzen dituen loturak apurtzeko eta mugak gainditzeko saialdian. Estudioko lanak eta ekoizpen artistikoa Kaki Arkarazok egin ditu, taldeko gitarrista eta konposatzailearen aitak.

 

Antton Aranburubizirik
Bizirik
Auto-ekoizpena

Aspalditik Gasteizen bizi den kantugile bizkaitarren lan berri hau bere lehen diskoa kaleratu eta  hiru urtera dator. Hamaika kantu berriz osatzen da lana, mezu baikor eta sozialekin zipriztindua, estilo aldetik anitza eta lau musikari treberen laguntzarekin grabatua. Etxeko grabazioetan ordu asko igaro ostean sortutako lan berri honetan,  bizitzari egiten zaio kantu, munduko latitude hauetan krisialdi ekonomikoak eta, batik bat, balioen gainbeherak berezituriko  testuinguruan. Gai anitz eta unibertsalak lantzen ditu, besteak beste, migrazioa, kutsadura, zahartzaroa, heriotza, familia, adiskidetasuna, maitasuna...

 

errekanJexuxmai Lopetegi
Errekan gora
Baga-Biga

Lopetegiren seigarren diskoa da hau. Metafora erabiliz, kantuen armairua beteta dakar eta, edozein ate irekita ere, kantuaren armonia ekologikoa segituan nabaritzen da. Armairuak zenbat ate, hainbat erritmo dotore dira disko honetan. Erritmo aniztasunak alaitu du diskoa, bertan libre baitoaz, Lopetegiren ezaugarri den rock espirituarekin batera, countrya, balada, baltsa eta, batez ere, jazza. Guztira, 14 abesti, kolaboratzaile askoren laguntzaz osatuak. Abesti gehienak berak idatzi ditu, baina badira Harkatiz Cano, Mitxel Murua, Pako Aristi, Joseba Sarrionandia eta Jon Benitoren hitzak ere.

 

Angel Unzu & Txuma Murugarrenabesti
14 abesti eta hamahiru istorio txiki
Gaztelupeko Hotsak

 

Angel Unzu gitarristaren eta Txuma Murugarren abeslariaren arteko elkarlana da diskoa.  2000. urtean, Unzuk doinu batzuk aurkeztu zizkion Murugarreni, honek hitzak jarri eta elkarrekin kantu bihurtzeko. Haatik, bestelako proiektu batzuek eragotzi zuten ideia. Duela hil batzuk heldu zioten berriz egitasmoari: Murugarrenek hitzak berridatzi eta Unzuk doinuen moldaketak egin zituen. Grabazio lanetan, jazz-rockean trebatutako Buffalo taldeko David Gorospe bateria jotzaileak eta Joanes Ederra baxu jotzaileak, hala nola Rafa Aceves pianista eta Murugarrenen ohiko kolaboratzaileak hartu dute parte.

 

urThe Icer Company
Ur abisalen espedizioa
Gor

Bizipen pertsonal latz baten ostean zazpi urtez Arima Sutan taldean ibilitako Iker Zia abeslariak kanta multzo batzuk bildu zituen, formatu akustikoan eta etxean grabatuta. Hasierako grabazio haiek, ordea, ahotsa eta gitarra baino ez, lagun musikarien belarrietara eta eskutara iritsi ziren, eta haien gogoari esker disko berri bilakatu ziren. Bertan hartu dute parte Arkaitz Ezkaik (Arima Sutan) bateriarekin, Ruben Matillak (Kerobia) gitarrarekin eta Xabier Valverdek (Potentor) baxuarekin. Musikariek eurek grabatu dute 12 kantaz osatutako pop-folk disko hau. Proiektu pertsonala, beraz.

 

Beirabeira
Dena ez denean ezer
Auto-ekoizpena

Beiraren lehen diskoa da honakoa, Jon Martin bertsolariak eta Igor Arruabarrena musikariak osatutako taldearena. Lehenak egindako bertso sortak musikatu ditu bigarrenak hainbat urtetan eta hau da lanaren emaitza: 10 abesti biltzen dituen diskoa. Udan grabatu zuten Mutrikuko AME estudioetan.
Kantu gehienen oinarria bertso sortak direnez, ohi baino luzeagoak dira kantuak (6 minutu ingurukoak asko). Dena den, ez dira diskoan kaleratutako taldearen lehen kantak, aurretik beste bi diskotan atera baitziren kanta bana: Bakardadeak, Moskutik Lezotira albumean; eta  Pianojolearena, Itoti bat gutxiyo diskoan.