Toti Martinez de Lezea

TOTI

Hiru liburu aholkatu nahi dizkiot AIZU!-ren irakurleari. Bi, aurreko urtekoak; hirugarrena, aurten uda aurretik atera zena.
Orain bi urte argitaratu zen Martutene, Ramon Saizarbitoriarena. Historia egin duen eta aurrera begira ere gogoan geratuko den liburua da. Aro baten amaiera adierazten du, baina aro horretan gauza asko gertatu dira, oso aberatsa izan da. Gero, gainera, giza harremanak deskribatzen maisua da Ramon.
Iaz kaleratu zen Fermin Etxegoienen Zinegotzia. Liburua gustatu zait tabuak hausten dituelako, orain eta hemen bizitzen ari garen garai berri eta nahasi honetan beldurrik gabe barneratzen delako. Ausarta izan da Fermin liburu honekin.
Atera bezain laster irakurri nuen Jon Arretxe adiskidearen Hutsaren itzalak. Harritu egin ninduen, genero beltzeko bere nobelak irakurrita gordintasuna eta umorea espero nituelako, baina oraingoan gordintasuna nagusitu zaio. Erritmo bizikoa da, made in Arretxe, eta lehen orrialdetik harrapatzen zaitu.