‘Poliaintzindariaren’ omenez

txillardegi

Klika egitera gonbidatuko gaitu 21. Korrikak. Klika egin, ohiturak eta jarrerak aldatzeko, euskararen hautua egiteko, konpromisoak hartuz aktibatu eta euskaraz egiteko. Duela mende erdi, ez zegoen klik egiteko trepetarik, baina izan zen klika egin zuenik. Espainiako Gerraren ostean, euskalgintzan ez ezik, beste hainbat arlotan ere jarrera aldaketa bultzatu zuen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik: kulturan, pentsamenduan, politikan... Haren ekarpena aitortzeko, eta euskara batuaren 50. urteurrena dela baliatuta, Txillardegi omenduko du 21. Korrikak. Eñaut Mitxelena.

Poliaintzindaritzat” jo zuen Jean-Louis Davant euskaltzainak Txillardegi (Donostia, 1929-2012), haren omenez egindako hilberri txostenean. “Poliaintzindaria”, alor batean baino gehiagotan izan zelako aurrendaria. Nolanahi ere, Davantek txostenean zioenez, “Txillardegiren obra nagusia euskara batuaren sorrera da”.
Txillardegi, euskara batuaren aita izeneko txosten hartan, euskara batuaren aitatasuna aitortu zion Davantek donostiarrari. Ez da bakarra. Aditu asko, Davantek bezala euskara batuaren sorrera prozesua bertatik bertara ezagutu zuten beste hainbat ere, antzera mintzatu izan dira. Jakina, jende gehiagok jardun zuen euskara batzeko lanean, euskaltzaletasun tradizionalari aurre eginez. Baina Txillardegiren ekarpenik gabe, nekez izango genuke euskarak izan duen tresnarik garrantzitsuena: euskara batua. Joan Mari Torrealdaik 2014an Jakin aldizkarian (204. zenbakia) argitaratutako Batasunaren bidea urratzen. Txillardegiren eragintza praktikoa artikuluan dioenez, “Txillardegi eta euskara batua, euskara batua eta Txillardegi, zilbor-hestez nola, elkarri lotu-lotuak daude. Elkarrengandik bereiz, ezin dira ulertu ez bata eta ez bestea”.
Ofizialki, 1968an hasi zuen Euskaltzaindiak euskara batzeko prozesua, Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren gidaritzapean, XVII. biltzar polemikoan, Arantzazun (Oñati). Alabaina, Euskaltzaindiak urratsa ematerako, baziren euskara estandarraren beharra aldarrikatu eta batasunerako bidean lanean hasitakoak. Tartean, eta nabarmen, Txillardegi bera. Besteak beste, Euskal Idazkaritza elkarteak 1964an Baionan egindako bileran rol garrantzitsua izan zuen: euskara batzeko hainbat neurri proposatu ziren (grafiari eta deklinabideari buruzkoak, besteak beste), eta txosten batean bildu zituzten; bada, Txillardegik egin zuen 1968an Arantzazun abiatutako bidearen aurrekari nagusia izan zen txosten hura.
Euskararen modernizazioan bide urratzaile eta eragile, kulturan eta politikan bezainbeste, ondare izugarria utzi zuen: euskalgintzan, literaturan, ikerkuntzan, irakaskuntzan... 21. Korrikaren arduradunek aipatu bezala, “Klika egin zuen bere garaian, eta jarrera aldaketa bultzatu zuen kulturan, euskalgintzan, pentsamenduan, politikan...”. Horrexegatik, eta euskara batuaren sorreran izan zuen funtsezko rolarengatik, merezitako omenaldia egingo dio 21. Korrikak.

OMENALDIA DONOSTIAN

Otsailaren 9an, 19:00etan, 21. Korrikak omenaldi ekitaldia egingo dio Txillardegiri, Donostiako Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian. Bertan, Txillardegiren familiari oroigarria emango zaio. Zer ikusi eta zer entzun izango da. Batetik, Txillardegiren omenezko dokumentala estreinatuko da. Bestetik, Asier Hormaza eta Asier Sota aktoreek Ramon Agirrek idatzitako esketx bat antzeztuko dute. Gainera, eta Txillardegik pianoarekin zuen harremana gogoan, Eliezer Gutierrez pianistak zenbait pieza joko ditu. Jakin aldizkariaren zuzendari Lorea Agirrek eta EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreorde Jon Zaratek ere hitza hartuko dute, AEKren eta Korrikaren ordezkariekin batera.

TXILLARDEGIREN OMENEZKO DOKUMENTALA

Eneko Dorronsoro eta Kote Camacho zinema zuzendariek eginiko dokumentala estreinakoz izango da ikusgai Musikeneko omenaldi ekitaldian. Txillardegiren harremana euskararekin du hizpide, 2005ean Txillardegi berari egindako elkarrizketa bat ardatz. Orduko hartan, 14. Korrikak Ni ere bai dokumentala osatu zuen, euskalduntze prozesua bizi izan duten hainbat lagunen testigantzak bilduta. Tartean zen Txillardegi. Camachok eta Dorronsorok elkarrizketa hura berreskuratu dute, argitaratu zena baino askoz luzeagoa baitzen. Elkarrizketa hartan erantzun zituen gaiak dira dokumentalaren haria: noiz ikasi zuen euskara, nola, zergatik, zein ate ireki eta zein itxi zizkion, nola ikusten zuen euskararen etorkizuna... “Dena den, bideoak badu mami gehiago” azaldu du Camachok. Txillardegiren hitzak ez ezik, beste zenbaitenak ere jaso ditu: Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Xabier Mendiguren Elizegi, Joxe Azurmendi, Fito Rodriguez, Onintza Odriozola Irizar eta Alaitz Aizpurua. Omenaldi ekitaldira joateko aukerarik ez duenak ETB1en ikusi ahal izango du, otsailaren 10ean.

TXILLARDEGI. BATASUNAREN PENTSALARIA

Otsailaren 6an aurkeztuko dute Txillardegi. Batasunaren pentsalaria, biografia. Miren Rubio Iturriak ondua, Jakinek eta EHUk argitaratu dute, AEKren babesarekin. Dabilen pentsamendua izeneko bildumaren lehen zenbakia izango da. Jakinek eta EHUk elkarlanean osatu dute bilduma, XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsalari eta kulturgileen lana ezagutzera emateko helburuaz, eta Txillardegirekin hasiko du ibilia. Rubiok Txillardegiren biografia idatzi du, egilea kokatzeko, eta, horretarako, dokumentazio idatziaz gain, Txillardegi ezagutu zuten hainbat lagunen testigantzak jaso ditu: Jone Forcada, Joxe Azurmendi, Jean-Louis Davant, Patxi Zabaleta, Joan Mari Torrealdai, Pilartxo Etxeberria eta Fito Rodriguez. Bokazio dibulgatzailearekin idatzia, kronologikoki josten ditu “Txillardegiren hari mutur guztiak, haren pentsamenduak eta bizipenak nola gurutzatzen diren ulertarazteko”. 21. Korrikak Txillardegi omenduko duela-eta AEK-k babesturiko biografiaz gain, sail bereko beste hiru liburu aurkeztuko dituzte egun berean: euskara batuari, nazio auziari eta hizkuntzaren filosofiari buruz Txillardegik idatziriko testu hautatuak jasotzen dituzte. Lau liburuak batera aurkeztuko dira,  eta, ondoren, Txillardegiren sailak jarraipena izango du, baita bildumak berak ere, beste autore batzuei eskainitako lanekin.