“Garai beltza datorkigu, ideologikoki eta sozialki”

enbeita

Non ez da ageri Onintza Enbeita (Muxika, 1979) azkenaldian? ETB1en Gure doinuak saioa aurkezteaz gain, Bizkaiko bertsolari txapelduna iritzi emaile kalifikatua da: zutabea idazten du egunero Berria egunkarian; Euskadi Irratiko Amarauna eta Gaztea irratiko Dida saioetan parte hartzen du; Ttap aldizkari digitalean idazten du hilero; fin eguneratzen du bere Twitter kontua... M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Horrenbeste lanekin, autonomoa izan beharko duzu.
Azken urteotako lan bolumenarekin, derrigorrean. Gorroto dut paperak eta fakturak egitea, niretzat tortura itzela da, baina ez dut beste aukerarik.
Zer iritzi diozu lege berriari?
Ez nago oso jantzia horretan, baina badakit inork ez duela ezer opari egiten. Autonomoak soldatapeko langileak bezain izorratuta gaude. Erraztasunak ez dira benetakoak, leku batetik ematen digutena beste batetik kentzen digutelako.
Bertatik bertara ezagutzen duzu lege espainiarrak egiten dituen Kongresua. Zerbait ona utzi zizun politikak?
Madrilgo lau urteek gauza garrantzitsu bat utzi zidaten: nire iritziarekiko eta ideologiarekiko ahalduntzea. Hasieran, tribunara ateratzean, denak ematen zidan beldurra: besteen erreakzioek, lekuak, egoerak... Baina, une batean, neure buruari esan nion nire iritziak beste guztienak beste balio zuela, eta, jartzen ziren moduan jartzen zirela, pentsatuta neukana esan behar nuela. Ahalduntze ariketa garrantzitsua izan zen, eta gerora balio izan dit nire bizitzan, Berriako eguneroko ariketa horretan, adibidez. Bestalde, ikasi nuen ideologia gauza bat dela, eta politika beste bat, eta joko politikoa zikina dela askotan. Norberak bere zintzotasun guztia jarri arren, gauzak modu ez oso garbian erabakitzen dira batzuetan. Ezertan sinesten duenarentzat etsigarria da ikustea, adibidez, nola ados daitekeen aurrekontu bat ezkerraren eta eskuinaren artean.
Panorama ikusita, garai latzak datozkigu?
Panorama beltza eta gordina, eta ez Kongresuan bakarrik. Jende xumeak askatasunak murriztuta dituenean, eta izorratuta bizi denean, ultraeskuina indartzea... Ez naiz soziologoa, ez dakit zein mekanismo aktibatzen diren horren atzean, baina harritu, larritu eta kezkatu egiten nau. Tokatuko zaigu inguruko jendearekin pedagogia egitea, etorkinei buruz, errefuxiatuei buruz, sexua bizi izateko moduei buruz, feminismoari buruz... Halako egoera batean, ultraeskuinaren ideien aldeko mekanismoa aktibatzen zaion jende horrekin hitz egin beharko dugu. Gure ondoan bizi dira, ez daude hain urrun. Voxek Andaluzian hainbat eserleku lortu ditu, baina hemen ere oso hedatuta daude gurera datorren jendearen gaineko zenbait diskurtso. Garai beltza datorkigu, ideologikoki eta sozialki.
Zenbat kostatu zaizu pentsatzen duzuna esateko libre sentitu ahal izatea?
Negar eta kolpe asko. Lotuta sentitu naiz, askotan, zenbait kritika sozial egiteko edo atera ditudan ondorio batzuk plazaratzeko, baina orain sekula baino libreago sentitzen naiz. Azkenean, gure iritziak ez dira ezerezetik sortzen: 40 urte beteko ditut laster, irakurri dut, plazaz plaza ibili naiz, film batzuk ikusi ditut, karrera bat egin dut... horrek guztiak eraman nau gaur egun pentsatzen dudana pentsatzera. Horrek ez du esan nahi beti edozer esaten dudanik, ausardiaren eta debaldeko minaren arteko muga neurtu egin behar baita. Ez da gauza bera norbaiten ideologia mindu dezakeen edo desadostasuna sor dezakeen zerbait esatea eta gure herrian azken 50 urteotako historian gertatu diren zenbait gauzaren inguruan iritzia ematea. Badakit ez dela hitz egiteko unea, oraindik min handia dagoelako eta errespetatu beharra dagoelako, baina libre sentitzen naiz maitasunari, euskarari, askatasunari, herriari, iraultzari... buruz pentsatzen dudan hainbat gauza esateko.
Duela ia 7 urte, “bertsotan, maratoian hasi nintzen, eta oraindik ez naiz helmugara heldu” esan zenigun.
Bertsolaritza niretzat maratoia delako inpresioa beti izan dut. Umetan, ez nintzen bereziki nabarmendu, baina jarraitu egin nuen, eta txapela bada, neurri batean, nire buruari egin diodan aitorpena: “Zerbaitegatik jarraitu zenuen, eta merezi izan du”. Halere, asko falta zait ikasteko. Sariei dagokienez, akaso mugara iritsi naiz. Euskal Herriko txapela hor dago, baina niretzat nolabaiteko helmuga, oso garrantzitsua, izan da Bizkaikoa: bizkaitarra naiz, eta oso berezia da Bizkaian txapela irabazi duen lehen emakumea izatea. Bertsotan, ordea, egin dezaket hobera, eman dezaket gehiago. Zenbat eta libreago sentitu sentitzen ditudan gauzak adierazteko, orduan eta aukera gehiago maratoia lantzeko.
Txapela emakume batek janztea kostatu egin da Bizkaian.
Bertso eskoletan neska asko hasten dira, baina 14-15 urterekin, plazaratzerakoan, atzera egiten dute. Seguruenik, mundu patriarkal honetan, bertsoengatik epaitu beharrean, beste guztiagatik epaitzen zaituelako jendeak. Nortasuna garatu gabe dagoenean, hori oso gogorra da. Baina iritsi da txapela, eta orain nolabaiteko zilegitasuna ematen diot nire buruari. Gainera, txapel hau ez da nirea bakarrik. Batetik, plazarako jauzia egin, eta bidea ireki ziguten emakumeak egon ziren Bizkaian: Kristina Mardaras, Iratxe Ibarra, Mirari Azula... Txapel hau, neurri batean, haiena ere bada, plaza eurekin partekatu dudalako eta eurengandik ikasi dudalako. Bestetik, datozen belaunaldiena ere bada. Finalean, lau emakume ginen, neu zaharrena; bada, nik zaharragoei begiratu izan diedan bezala, gazteagoek gure belaunaldiari begiratzen diote, ezinbestean. Beraz, txapel hau haiena izatea ere nahi dut, ikus dezaten posible dela eta bertsolaritza eurena ere badela. Plazarako jauzia egin genuen, leku bat finkatu genuen, eta orain leku horri forma ematen hasi gara. Horretan, belaunaldi gazteek zeresan handia dute: nola egon nahi dugun plazan, zer esan nahi dugun, zein diren gure kezkak, noiz sentitzen garen gaizki, noiz ongi...
Erreferente gehiago behar dira?
Duela gutxira arte, emakume bertsolariok zaku homogeneoa ginen, baina orain gara Maialen Lujanbio, Miren Artetxe, Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Uxue Alberdi, Ane Labaka, Nerea Ibarzabal... Plazarako deitzen digunak ez digu deitzen emakumeak garelako, pentsatu nahi dut hori gainditu dugula, baizik eta beste zerbait nahi duelako: baten umorea, bestearen sakontasuna, haren ironia, honen freskotasuna... Halere, ikerketek diote plazetan % 20 garela emakumeak. Hortaz, erreferenteak baino, presentzia falta da. Oraindik ere, gure alea jarri nahi dugula esaten dugunean, bertsolaritzan iraultza txikia egin nahi dugula, jende askok pentsatzen du “hemen datoz hauek beren kontuarekin”. Baina gu ez gara “hauek”, gu munduaren erdiak gara, eta guk izan beharko genuke, mundu osasuntsu eta naturalean, bertsolaritzaren erdiak. Beraz, faltako dira erreferente zehatzak, bertsotan egiten duten neska gazte hasiberriak islatuta senti daitezen, baina batez ere presentzia falta da, esan bezala, eta presentzia hori bermatzeko aukerak.
Makilak txapelak baino ilusio handiagoa egin zizun?
Dudarik gabe. Txapela txapela da Euskal Herrian, ukaezina da hori, baina makila gauza handia da sinbolikoki: makilan hegemonia dago, boterea, agintea. Hortaz, niretzat oso garrantzitsua da garaipen kolektibo hori Bizkaiko emakumeen eskuetan egotea. Emakumeon borroka da bertsolaritzaren hegemonia gurea ere izatea. Ilusio handia egin zidan, bai.
Izatez, baserritarra zara.
Bai, gu baserrian jaio ginen, eta ezagutu genuen baserriaren eraldaketa. Esnea saltzen genuen, eta etorri zitzaizkigun esanez sei-zazpi behik ez dutela bizitzeko ematen, ehun edo berrehun behar zirela, inbertsio handiak egin behar zirela... Bat-batean, konturatzen zara garai batean autosufizienteak ziren etxaldeek diru laguntzak behar dituztela bizi ahal izateko. Horrek esan nahi du zerbait oso gaizki egin dugula, batzuek oso ondo diseinatu zutela guztia. Esan behar da engainatu egin gintuztela, etorkizuna ez dela ez eukaliptoa ez pinua, etxalde handiak ez dira etorkizuna izan. Hemen egon da gauzak egiteko modu bat, ekonomikoki jasangarria, zuzena eta naturarekin zeharo adeitsua. Nik horra itzuli nahi dut, eta, aldaketa horretan, naizena baino pixka bat gehiago izan nahiko nuke.
Itzuliko zara, orduan, Gernikako azokara etxeko uzta saltzera?
Ez daukat guztiz utzita. Lehengusu batekin tratua egin nuen, eta jarraitzen dugu azokara joaten. Azkenaldian, gustura eta pozik nabil, baina oso jendaurrean;  helduko da ezkutatuko naizen unea, hori oso argi daukat. Ez dakit noiz izango den, baina ezkutatzea erabakitzen dudanean, baserritarra izango naiz. Ilusioa eragiten dit, eta ez dit ez lotsarik ez bertigorik ematen publikotasuna galtzeak.
Zuen etxean, mutilik ez baserriari eusteko. Garai batean, latza zen egoera hori.
Gure etxea eta lurrak amamarengandik datozkigu, eta orain jabeak hiru ahizpok gara. Amamak guk baino askoz lan gehiago egingo zuen, akaso, baina orain titulartasuna emakumeen esku egotea garrantzitsua da. Baserria, etxe bat berez, hori baino gehiago da euskaldunon kulturan eta kosmogonian, baserriak jabetasuna eskatzen du. Euskal Herrian, benetako lana eta jabetasuna emakumeen kontua izan da, baina urte askoan ez da aintzat hartu, gutxietsi ere egin izan da. Saldu diguten monolaborantza eredu basati honetan, oso baserri eta ustiategi gutxi daude emakumeen izenean; hortaz, gaur egun baserriak emakumeen eskutik emakumeen eskura pasatzeak garrantzi handia du sinbolikoki, inoiz izan ez den matriarkatua hortxe oinarritu beharko litzateke, nolabait. Baserriaren jabetza eta protagonismoa hartu behar ditu emakumeak.

Kolkotik  

Non jarri duzu txapela?
Tiradera batean, oso ondo gordeta, gauza kutunak ditudan tokian.
Euskal musikan, zein duzu gustuko?
Ruper Ordorika eta Anari eternoak dira niretzat. Gari ere asko jarraitu dut, Hertzainak-en garaian eta geroago.
Planetak lerrokatu egin omen ziren finalaren egunean. Gertatzen da halakorik?
Dudarik gabe, batzuetan unibertsoak hitz egiten du, eta entzun egin behar zaio.
Galdetu diozu tarotari zelakoa izango den urte hau zuretzat?
Ez diot inoiz nire buruaz galdetzen, gezurra esaten diodalako neure buruari.
Bertigoa ematen dizu 40 urte betetzeak?
Ez, badakit sinbolikoki bizitza erdia beteko dudala, baina beste erdia geratzen zait gauzak egiteko. Iritsi ez direnei zor diet zoriontsu iristea.
Esaldi batean, zer da bertsolaritza zuretzat?
Komunikazioa, zirrarak eta jolasa.
Zer liburu ari zara irakurtzen?
Goseak janak, Idurre Eskisabelena.
Eta oparitzeko liburu bat?
Gehien oparitu dudana El libro de los abrazos da, Eduardo Galeanorena.
Zenbat jendek zoriondu zintuen abenduaren 28an Berrian haurdun zeundela iragarri zenuenean?
Kanpoan nengoen, eta dozena bat mezu iritsi zen, kar-kar! Badirudi ziria sartu niela...
Zer ezin da falta zure etxeko hozkailuan?
Gazta.
Ondoen prestatzen duzun platera?
Nik sukaldean, gauza sinpleak: arrautza frijituak ez zaizkit apurtzen, patata tortilla...
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Emakumeok ez daukagu zertan ausartak izan, libreak gara.
Bizitzako plazer txiki bat?
Txikiteoa eta txokolatea.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Hondartza hutsen bat bilatu, eta paseatu.
Nor da zuretzat heroia?
Maite Aristegi, elkarrekin egon ginen diputatu Madrilen. Bizitzak ez dizkio gauzak erraz jarri, baina beti egin du aurrera irribarrez.
Bi hitzetan, nolakoa da Onintza Enbeita?
Kontraesana dirudi, baina burugogorra eta malgua.