Shakespeareren ‘Macbeth’, Alex Gerediagaren eskutik

makbeth

Antzezlan klasiko baten bertsioa estreinatuko du Arriaga Antzokiak otsailaren 7an: Macbeth. Alex Gerediagak egokitu eta zuzendu du William Shakespeareren tragedia ezaguna. Jatorrizko istorioa errespetatu arren, bere unibertsora ekarri du Gerediagak. Hala, kode eszenikoak kode zinematografikoekin nahasten ditu lanak. Gainera, XX. mende bukaeran kokatu du istorioa. Jon Gerediagak euskaratu du zuzendariaren bertsioa. Antzeztokian, aktore talde zabala ariko da: Kepa Alesso, Iñigo Aranbarri, Florentino Badiola, Arrate Etxeberria, Sandra Fernandez Aguirre, Miren Gaztañaga, Na Gomes, Mikel Losada, Gabriel Ocina, Pako Revueltas, Leire Ucha eta Maria Urcelay. Musika Belako taldearena izango da. Estreinaldiaren ostean, 9an, 10ean, 11n eta 12an ere ikusi ahal izango da Arriagan. Gainera, emanaldi guztiak hasi baino ordu erdi lehenago, Macbethi eta Shakespeareri buruzko solasaldiak antolatu dituzte. Zenbat Gara elkarteko Xabier Monasteriok eskainiko ditu Arriaga Antzokiko atarian.


zinegoakGENERO ADIERAZPENA landu eta lumaren harrotasuna aldarrikatuko du Zinegoak Gaylesbotrans 16. Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak (zinegoak.com), otsailaren 18tik martxoaren 3ra, Bilbon. Sridhar Rangayan zinema zuzendari indiarra ere omenduko dute, ohorezko saria emango baitiote Bombayko LGTB zinema jaialdiaren zuzendaria ere badenari. Eskaintzari dagokionez, lehen astean fikziozko lanak izango dira nagusi, eta bigarrenean dokumentalak; euskal ekoizpenek berariazko zikloa  izango dute. Filmen gaiak askotarikoak izango dira: adinekoak eta sexu dibertsitatea, intersexualitatea, errefuxiatuak eta LGTB errealitatea... Bestalde, arte eszenikoek “indar berezia” izango dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Bertso saio bolloa ere izango da. Otsailaren 18a baino lehen izango da jarduerarik, hilaren 14an 3, 2, 1... Zinegoak! aurre-jaialdia egingo baitute.

 

LABURREAN

ikusgarrilaburOTSAILAREN 21era bitartean, ostegunero, hiru antzezlan labur ikusi ahal izango dira Bilbon, Lautan hiru: antzerki txikia, festibal handia jaialdiari esker. Euskaltzaindiaren mendeurrena dela eta, erakundeak berak bultzatu du jaialdia, Cafe Bar Bilbao, Zazpi Katu gaztetxea eta BIRA kulturgunearekin batera. Hain zuzen, emanaldiak lau eragileen egoitzetan izango dira. Urtarrilaren 31n hasi zen jaialdia, beraz, beste hiru hitzordu geratzen dira. Otsailaren 7an, Mary’s dream/Maryren ametsa, Lurrun-minez (irakurketa izango da) eta Morbus Operandi ikusi ahal izango dira; hilaren 14an, Inor ez dator, Deskontrolatuak eta Tomiris; eta hilaren 21ean, Minus Ukittua, Maite(k)ale borroka eta Gudua.


GALDER PEREZ aktore eta kazetariak irabazi du XVI. Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren saria, Lurrun-minez izeneko lanarekin. Sauna gay batean gertatzen den drama psikologiko, sozial eta sexuala ondu du Perezek. Saria irabazten duen bigarren aldia du, gaztelaniazkoa irabazi duen Chema Trujillok bezala, Insider lanarekin aurtengoan. Bi irabazleen lanak Cafe Bar Bilbao tabernaren webgunean (bilbao-cafebar.com) sareratuko dituzte.