The Favourite

favorita

Zuzendaria: Yorgos Lanthimos. Aktoreak: Olivia Colman, Emma Stone, Rachel Weisz, Nicholas Hoult, Joe Alwyn. Britainia Handia/Irlanda/AEB, 2018.

Istorioa: XVIII. mende hasieran, Ingalaterra gerran da Frantziarekin. Anne Stuart da Ingalaterrako erregina, gaixotasunak ahuldutako emakumea. Hala, erreginaren kutun Lady Sarah-k erabakitzen ditu erresumako gobernu kontuak. Honek Abigail lehengusua zerbitzaritzat hartzen duenean, baina, erreginak begiz joko du Abigail, eta egoera aldatzen hasiko da.
Sariak: Epaimahaiaren sari nagusia eta aktore onenarena (Olivia Colman) irabazi zituen iaz Veneziako jaialdian. Halere, ziurrenik, Oscar sarien dirdiraren itzalpean geratuko dira, hamar izendapen jaso baititu, tartean film eta zuzendari onenarenak.
Onena: Hiru aktore protagonisten aparteko lana. Bikain ari dira bestela ere ikuslearen arreta erraz bereganatzen duen lanean. Jakina, ezagun dira Lanthimosek hain berezkoak dituen ezaugarriak, drama eta komedia nahasten dituen garaiko film honetan: umore beltz eta gaiztoa, irudi eta egoera artegagarriak, elkarrizketa zorrotzak...
Txarrena: Bitxiak eta probokatzaileak dira Lanthimosen filmak, ezinegona eragiten dutenak. Oraingoa, agian, film arrunxeagoa da alde horretatik, ez hain zirikatzaile eta aztoragarria. Hori txarra ote den...
EƱaut Mitxelena