Klasikoa eta esperimentala

hermosillaHil zara
IbonRG
Repetidor (2019)

IbonRGren bakarkako lehenengo lana da hau, baina ez pentsa musikari sestaoarra hasiberria denik kontu hauetan: hamaika proiektutan parte hartutakoa da (Eten, Txaranga Urretabizkaia, Gargara eta beste hainbat; luzeegi joko luke denak zerrendatzeak) eta, gainera, musikari ugarirekin kolaboratu izan du (Mursego eta Xabier Montoia dira, agian, ezagunenak). Esperimentazioa, abangoardia eta arriskua izan ditu beti ardatz, eta horretatik badago binilo bikoitz honetan. Halere, gehien harritu nauena izan da nola lortzen duen esperimentalismoaren eta molde tradizionalagoen arteko oreka. Hemen badaude Imanolen, Leteren, Valverderen edo Zuberoako kantu tradizionalaren oihartzunak, baina baita La Monte Youngen edo Laboaren Lekeitioak sailarenak ere. Lehenengo diskoko abestiek ahotsa besterik ez dakarte; bigarren diskokoak, berriz, pianoaren laguntzaz datoz. Hori jakinda, lan lehor eta irensteko gaitza dela pentsa daiteke. Ez, bada, alderantziz: urte hasiera honetako ezustekorik atseginenetakoa da Hil zara.

Gotzon Hermosilla