Karlos Cid Abasolo

kuttunenakHonatx txit gomendagarriak deritzedan hiru liburu:
-Ipuin bilduma bat: Fikzioaren izterrak, Ur Apalategirena. Zazpi ipuinak umorez eta ironiaz zipriztindurik daude, eta haietako batek bereziki eragin zidan barre: Ergatibu izenekoak. Bikote harremanak eta (euskal) literatura dira gai nagusiak.
-Poema liburu bat: Elkartasun basatia, Oier Gillanena. Liburu hori neronek idatzi nahiko nukeen, baina, zoritxarrez, Oierrek aurrea hartu zidan. Hitz tsunamia, barrenak hunkituko dizkizuna.
-Itzulpen bat: Koaderno handia, Agota Kristofena, Eskarne Mujikak euskaratua. Esaldi labur eta gogorrez osatutako liburua, hasi eta buka irakurtzen diren horietakoa. Protagonistak bi anaia biki dira, eta koadernoan beren bizitzako hainbat gertaera eta ekintza krudel errukirik gabe kontatzen dituzte.
Barka nazatela saiakerek eta antzerki lanek: hiru liburutara mugatzeko eskatu didate, eta oso esanekoa naizenez... ezin neure liburua ere gomendatu!