Alaine Agirre pederastiaz

alaine

Kamisoi zuri zetazkoa izeneko narrazio labur edo ipuin luzea argitaratu du Alaine Agirrek, Erein argitaletxearekin. Sara Morantek ilustratu du, eta bi protagonista ditu: gizon heldu bat, udalekuko begiralea bera, eta hara ingelesa ikastera joandako hamaika urteko neskatoa, narratzailea. Erein argitaletxeko Inazio Mujikaren esanetan, liburuaren gaia, pederastia, gordina izan arren, “modu fin eta sotilean” kontatzen asmatu du Agirrek, hizkuntza lehor, hotz eta apaingarririk gabea baliatuz. Hala, kontakizunak ezinegona eragiten dio irakurleari, “are ondoeza ere, seguru asko, narratzaileak nahasmen handia duelako eta ez dakielako zer gertatzen ari den, baina irakurleak bai”. Agirrek liburuaren aurkezpenean azaldu zuenez, bi urte igaro dira lehen zirriborroa idatzi zuenetik, eta, bitartean, hainbat bertsio idatzi ditu; gero horiek destilatu, eta, azkenean, “esentzia” baino ez du utzi.


jimenezEDORTA JIMENEZ idazle bizkaitarrak genero beltzeko eleberria kaleratu du: Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua (Txalaparta). Ertzain erretiratu bat, Camboya, da protagonista, bere urtebetetzea Arkauten ikasle izandako Gaztelurekin ospatzen ari dena. Halako batean, haien buru ohiaren txaleta zaintzen zuten hiru txakurren desagertzea ikertzeko laguntza eskatuko diote erretiratutako ertzainari. Idazleak, hainbat protagonistaren istorioak  txirikordatzen dituen heinean, Bizkaiko jendartean azaltzen diren tortura kasuak, ustelkeria zantzuak, indarkeria, sexua, erruduntasun eta maitasun istorioak... jarriko ditu agerian. Izan ere, horixe da Jimenezen kezketako bat: nola kontatu behar duen euskal literaturak euskal gizartearen historia.

 

 

 

zugarramurdikoaMARIA ZUGARRAMURDIKOA
Miren Mindegia eta Adur Larrea
Nabarralde, 2018

Zugarramurdi, 1610. Europa osoan hedaturiko sorginkeriaren delirioa Nafarroako Erresuma konkistatu berrira iritsi da. Inkisizioaren itzalak dena ilunduko du, eta egundaino iritsi den historia bera ere lausotuko. Albako dukearen eskuetan eroritako erresuman dago girotua errealitatetik zein fikziotik edaten duen narrazioa, Logroñoko prozesu ezagunaren aurreko urtean. Miren Mindegiak idatzi eta Adur Larreak ilustratu du Maria Baztan emagina protagonista duen komikia.

aranbarriMUNDUKO TOKIRIK EDERRENA
Iñigo Aranbarri
Susa, 2018

Nola bizi atzoko guztiak hainbesteko pisua badu? Horra idazleak 10 ipuinotan dakarren galdera. Ezinarekin borrokan, adiskidantzaren ertzen eta sentimendu primarioen artean dabiltza Aranbarriren lehen ipuin liburuko pertsonaiak erantzunaren bila: errepidean hildakoen bitartez, bailarako historia kontatu nahi duen jonki ohia; amaren ordez herrira itzuli den gaztea; eredu izango den modeloaren beste aldea; kondenatua hiltzen ikusita betiko mututu den emakumea…