Irakurketa Erraza Gaumin argitaletxearen eskutik

gaumin

Gaumin argitaletxeak euskarazko lau liburu argitaratu ditu Irakurketa Erraza formatuan: Rif mendietako ura (Montse Flores Pallarès) eta Traizioa lakuan (Nuria Marti Constans), katalanetik itzuliak, eta Txernobil txiki bat etxe bakoitzean (Ander Izagirre) eta Santiago Bidearen misterioa (Fernando Morillo), euskaraz sortuak. Irakurketa Erraza testuak, ikus-entzunezkoak eta multimedia materiala eskaintzeko formatua da, muga fisiko, psikiko zein sozialengatik irakurketaz gozatu ezin dutenentzat pentsatua. Hala, Gaumin argitaletxeak “ezinbestekoa” irizten dio euskal literaturaren esparruan; besteak beste, gaztelaniaz edo frantsesez alfabetatu ziren euskal belaunaldientzat edota euskara ikasten dabiltzan milaka lagunentzat. Argitaletxearen sortzaile Fernando Morilloren esanetan, “behar-beharrezko tresna da euskararen normalizaziorako. Sarri iritsi zaizkigu euskal literatura irakurri nahi baina zail duten irakurle helduen eskaerak. Eskura dituzten testu ulergarri bakanak haur-literaturakoak dira maiz, eta narratiba erraz baina helduagoaren gose dira”. Orain izango dute aukera.


jakaANA JAKAK bere lehen eleberria kaleratu du: Ez zen diruagatik (Elkar). Pertsonaien harremanetan, haien psikologian eta sentimenduetan oinarrituriko nobela izan arren, ez da narrazio gozoa, hiru protagonisten gorabeherak gordintasun osoz kontatzen baititu idazleak: Olga emakume zakar eta zabar samarra da; ez lanik, ez dirurik, gaztarotik urruntzen eta etorkizunik gabeko harreman erdipurdiko batean kateatua dago. Etxetik ihes egin eta zerbitzari lanetan dabilen Dani gaztetxoarekin partekatzen du etxebizitza. Eta hiruki atipikoa osatzera adin ertaineko Mikel gizasemea dator, bizimodu arruntagoa eraman arren, iraganetik daraman zamatik askatu ezinik dabilena. Jakak hainbat gai aletzen ditu kontakizun honetan: adiskidetasunaren balioa, leialtasunaren zentzua, bikotekideari eska dakiokeena, diruak eta diru ezak sortutako katramilak