Obesitate mentala

Gerora jakin dut gutxi duela berritik, baina aurrekoan ideia deigarri batekin egin nuen topo: gailu adimendunak, gauzen Internet, adimen artifiziala eta laguntzaile birtualak gure inguruan barreiatzeak beste izurrite bat ez ote digun ekarriko: obesitate mentala.
Ez naiz medikua, noski, eta ez dakit ideiak oinarri zientifikorik duen... baina onartu behar da baduela bazkaloste luze batean eztabaidatzeko mami nahikoa. Alde batetik, gailu elektronikoz inguratuta bizi garenetik, haien esku uzten ditugu lehen buruz egiten genituen lanak. Adibide oso tipikoak jarriko dizkizuet, baina seguru bestelakoak erraz topatuko dituzuela: zenbat lagun eta senideren telefono zenbakiak gogoratzen dituzue buruz? Ez dira joan hainbeste urte telefonoek agendarik ez zutenetik eta, beraz, egunerokotasunean erabiltzen genituen telefono zenbakiak buruz ikasi behar genituenetik; eta urtebetetzeak?; eta, are gehiago, datorren asteko laneko hitzorduak? Datu solteak gogoratzeko teknologiara jotzen dugu gero eta maizago... eta, hainbaten ustez, memoria ‘alfertu’ egiten ari zaigu, gero eta gauza gutxiago gogoratzeko gauza gara.
Hori alde batetik; bestetik, gainera, oso txarto ohitzen ari gara etengabeko estimuluak jasotzera. Jakinarazpenez inguratuta bizi gara: sare sozialak, telefono deiak, posta mezuak, agendako abisuak, era guztietako iragarkiak... Obesitate mentala jasateko arriskua dagoela sinesten dutenen arabera, burmuina oso txarto ohitzen ari gara, etengabeko gehiegizko estimulazioarekiko mendekotasuna ere sortzen ari gara, eta, horregatik, pixkanaka galtzen ari gara inguruan gertatzen denari arreta jartzeko edo gai sakonetan kontzentratzeko ahalmena.
Tesi horren jarraitzaileek etorkizun ilun samarra irudikatzen dute: bide honetatik jarraituta, laster ia memoriarik eta ahalmen kritikorik gabeko artalde erraldoia izango gara, eta agintariek haiek nahi bezala eramango gaituzte hara eta hona. Tira, nik ez dut hain pesimista izan nahi, baina egia da ideiak ematen duela zer pentsatu...

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/arteman
Gai honi buruzko gogoetatxo bat (eta tresna praktiko batzuk) Arteman komunikazio enpresaren blogean

https://labur.eus/nerabeak
Gazte eta nerabeek gailuekiko mendekotasuna izateko arrisku handia dute. Hona hori ekiditeko aholku batzuk, Azkue Fundazioaren blogean.

http://nomofobikak.eus
Sakelako telefonorik gabe ibiltzeko beldur direnei ‘nomofobiko’ esaten zaie. Bada, euskaraz badugu webserie bat arazo larri horrekin bizi diren bi laguni buruzkoa ;-)