Azpitituluak.eus-ek martxan jarraituko du, berrituta

azpititulua

Berrituta, eta beste arduradun batzuekin. Halaxe jarraituko du aurrera Azpitituluak.eus guneak, film eta telesailen euskarazko azpitituluak eskuratzeko aukera ematen duenak. Duela urtebete, egitasmoa uzteko asmoa agertu zuen ordura arteko arduradunak, Luistxo Fernandezek. Era berean, erreleboa eskuz aldatzeko prest azaldu zen. Bada, diru laguntza deialdi bat tarteko, CodeSyntax enpresak hartu du Fernandezek utzitako ardura. Lekukoa hartzeaz batera, webgunea berritu dute, eta edukiz hornitzen jarraitzeko konpromisoa azaldu. Hala, datozen asteotan, gutxienez 100 filmen eta hainbat telesailen 50 atalen azpitituluak gehituko dituzte; dagoeneko 22 filmen fitxak eta azpitituluak batu dizkiote. Une honetan, 1.132 pelikularen eta 36 telesailen azpitituluak biltzen ditu. Berritzeari dagokionez, .com barik, .eus da orain gunea. Gainera, boluntarioen ekarpenei zabalik jarraituko du webguneak.


ipuinIPUINGINTZA euskarazko literaturan genero garrantzitsua izanik ere, irakurleen artean mereziko lukeen hedapena ez duela iritzita, han-hemenka “zokoratuak” dauden ipuinak ezagutarazteko eta irakurleen eskura jartzeko asmoz jaio da Ipuina.eus ataria, Koldo Izagirre idazlearen ekimenez eta Susa argitaletxearen bultzadaz. Euskarazko literaturaren historiako hainbat sasoitako ipuinak jasotzen ditu guneak, hala XIX. mendekoak nola XX.ekoak. Oraingoz, 21 ipuin irakur daitezke, denak ere egile ezberdinenak: Bizenta Mogel, Agustin Paskual Iturriaga, Juan Antonio Mogel, Frantziska Inazia Arrue, Bitoriano Iraola, Piarres Laffite, Julene Azpeitia, Gabriel Aresti, Angel Lertxundi... Zenbait lan anonimo ere badira. Hiru atal ditu guneak: Autoreak, Ipuinak eta Kronologia. Azken horretan, guneko ipuinen testuingurua ezagutzeko aukera dago. Pixkanaka osatuz joango da Ipuina.eus. Izan ere, hilero ipuin gehiago gehitzeko asmoa agertu dute bultzatzaileek.

LABURREAN

EUSKAL EKOIZLEEN bilgune izateko helburuaz jaio da Euskalproduktuak.org, Euskal Herriko ekoizleen datu basea. Euskaldendak elkarteak (4.000 bazkide baino gehiago dituen merkataritza plataforma) garatu du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 60 sektoretako 3.000 ekoizleren baino gehiagoren datuak biltzen ditu. Modu horretan, euskal produktuak bilatzeko lana erraztu nahi diete merkatariei. Produktuaren, ekoizlearen edota sektorearen araberako bilaketa egin daiteke gunean.


euspotABIAN DA Euspot 2019, euskarazko spoten lehiaketa. Euskarazko sormena bultzatzea eta publizitate arloan euskararen erabilera sustatzea helburu, zortzigarren edizioan jarduera fisikoa izango da gai nagusia. Hala, Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi! leloa oinarri, jarduera fisikoaren onurak nabarmendu beharko dituzte parte hartzaileen spotek. Lanak euskarazkoak izango dira, eta 20 eta 30 segundo artean iraun behar dute. Norbanakoek, taldeek zein enpresek aurkez ditzakete lanak, maiatzaren 15era arte. Parte hartzaileen artean, guztira 5 sari banatuko dituzte, nahiz eta epaimahaiak aukera izango duen, egoki baderitzo, sariak banatu barik uzteko. Xehetasun guztiak https://euspot.eus gunean daude.