Iraganean bisitan

olasagarreJuanjo Olasagarre

Zer esanen dizuet, abenduan Harkaitz Canok idatzitako nobela irakurri dudanez, eta Oiartzunen Xabier Leteri egindako omenaldi batean parte hartu dudanez, iragana birbisitatzen aritu naiz. Hamaika urte edo izanen nituen Arbizuko plazan elkartetik (gaztetxe moduko bat) ateratako mahai batean Xabier Lete, Benito Lertxundi eta Lurdes Iriondo ikusi nituenean. Gero, pixka bat hazi ginenean, modernoak izaten hasi ginen, gure hiztegian ez genuen “tipikoak” izan nahi; hortik aurrera, desagertu egin ziren nire bizitzatik, bolada baterako, Xabier Lete, Benito Lertxundi eta Mikel Laboa. Modernook The Smiths, The Cure, Joy Division eta abar genituen kide, modernitatea aldarrikatzen zuten Hertzainak, Zarama, Kortaturekin eta abarrekin batera.
Urte batzuetan ahaztuak, ez nintzateke ausartuko arbuiatuak esatera, izan nituen. Gero, hogeita hamar urte inguru nituela, berreskuratu egin nituen. Orduan liluratu ninduen Mikel Laboak, eta orduan hasi nintzen Imanol entzuten. Nola esan, nire aurreko belaunaldikoek, anaia-arreba zaharrek, transmitituriko musika maitatzen hasi nintzen.
Herri musikaren transmisioarekin Euskal Herrian gertatzen dena harrigarria suertatzen zait. Oso eremu abertzaletan, gazteek, nire ikasleak zirelako dakit, beren gurasoen musika entzuten dute, alegia, La Polla Records, Hertzainak, Kortatu, Zarama... Bada, ez zait iruditzen, ausartuko naiz esatera, sanoa, seme-alabek beren mundua eraiki behar dutelako, gurasoenarekin talka egin ondoren. Belaunaldien arteko talka horri, beste izen batez, Edipo konplexua esan zaio, eta, hainbat pentsalarik diotenez, desagertzen ari da, ez dakigu oso ongi zeren mesedetan. Kontua da Edipo konplexurik ezak etorkizuna desagertu dela adierazten duela. Oro da oraina orain, eta hautu, aukera eta desira guztiak dira baliokide eta garaikide, gurasoenak zein seme-alabenak. Uste dut horregatik babestu naizela abenduan iraganean, segurua ematen duelako. Joana delako, seguru. Horrexegatik beragatik hutsal.