Salbazio miliak

mayday

Kostatu zaie, baina lortu egin dute: Change.org gunean bildutako 165.257 sinaduraren bultzadaz beharrezko baimen guztiak eskuratuta, Aita Mari itsasontzia laster batean da Mediterraneo aldera abiatzekoa, prestakuntza lan guztiak bukatutakoan. Ez da makala Pasaiatik aterako diren 16-18 boluntarioen erronka: errefuxiatu bat bera gehiago ez hiltzea Mediterraneo itsasoan. Aita Mari atontzen duten bitartean, gainera, beste kanpaina bat dute martxan: itsas milien salmenta. Kalkulatu dute Aita Mariren lanak, itsasoan, miliako 34 euroko kostua duela, eta ez dute nahi “txalupa bat bera ere itsasoan galtzea miliaren bat patruilatu ez izanagatik. 34 euroko kopuru hori salbaziora hurbiltzea edo betiko galtzea izan daiteke euren burua itsasora halabeharrez botatzen duten pertsonentzat”. Lagundu gura duenak nahi beste milia eros ditzake www.smh.eus webgunean, argazkiko irudiak bezalakoak errepika ez daitezen etorkizunean. Azkenean, beti bezala, herriak salbatuko du herria.