Gazteak

euskarabenturaEuskal Herrian barrena ibiliko da aurten ere EuskarAbentura

Iazko udan estreinakoz eta arrakastaz burutu ostean, aurtengo uztailean berriz egingo dute EuskarAbentura, euskal hiztun gazteak aktibatzea helburu duen ekimena. Zehazki, lau xede nagusi ditu: gazteen artean euskararen erabileran eragitea, munduko gazte euskaldunen sarea sortzea, Euskal Herriari buruzko ezagutzan sakontzea eta balio positiboak lantzea. Horretarako, Euskal Herria alderik alde zeharkatuko dute 120 lagunek. 2002. eta 2003. urteetan jaio eta euskaraz dakien edozein gaztek har dezake parte. Hori bai, abenturan parte hartzeko, motibazio gutun bat eta bakarkako lan bat aurkeztu beharko dituzte, bigarrena antolatzaileek ezarritako hiru gaietako bati buruz: Maite ditut maite gure bazterrak; Joan-etorriak: migrazioen testigantzak eta Errimak eta erritmoak. Izena emateko epea martxoaren 10ean amaituko da. Lan onenen egileek izango dute bigarren EuskarAbenturan parte hartzeko aukera. Xehetasun guztiak www.euskarabentura.eus atarian jaso dituzte.