Urrats handia denbora laburrean

ez

EZ
Herri Oihua
Baga Biga 2013

Duela urtebete inguru, Arjea Herri Oihuaren lehenengo diskoa komentatu genuen sail honetan. Garai bertsuan, Banden Lehia lehiaketa irabazi zuten, eta saria disko bat grabatzea zenez, laster sartu ziren bigarren lana grabatzera. Horixe da, hain zuzen, Ez hau entzutean arreta deitzen duen lehenengo kontua: bi diskoen artean oso denbora laburra igaro den arren, lan batetik bestera nolako bilakaera dagoen. Rap eta metalaren arteko talkak jarraitzen du taldearen ipar-orratza izaten, baina erritmo garatuagoak, soinu trinko eta sakonagoak eta ahotsen lanketa askotarikoa topatzen ditugu hemen. Niri Pi L.T.-ren Denbora bigarren diskoa dakarkit gogora, Mungiako taldearen estreinako lanarekin alderatuta, sekulako urratsa izan zena soinu esperimentalagoetara hurbiltzeko ahalegin horretan, eta konparazioa ez da alferrikakoa, Pi L.T.-ko kide ohi Aitor Abiok ekoitzi baitu disko hau, teklatuak jo eta berak idatzitako kantu bat sartzeaz gain. Eta, duela urtebete esan genuen bezala, onena da Herri Oihuakoek oso gazte izaten segitzen dutela. Ziur aski, ibilbide interesgarri baten hastapena baino ez da orain arte egindakoa.

Gotzon Hermosilla