Italia

sufestakSoinua eragiten duten su artifizialak, debekatuak

Petardoak, txapliguak... ospakizunetan piroteknia erabiltzea ohitura hedatua da munduko hainbat herrialdetan. Italiako Collecchio herrian, ordea, muga jarri diete halakoei. Erabiltzekotan, herritarrek soinurik gabeko piroteknia erabili beharko dute. Koloretsuak nahi adina, baina betiere isilak. Legez arautu dute jarduna, su artifizialen eta antzekoen burrunbak animaliengan izan dezakeen eragina saihesteko. Izan ere, gehiegizko harrabotsak kalte eragiten dio animalia askori, batik bat entzumena oso garatua dutenei. Esaterako, txakur, katu eta hegaztiei. Estresa, takikardia, beldurra, nahasmendua... ugariak dira suziri eta antzekoen eztanden ondorio kaltegarriak. Gabonetan ipini zuten indarrean araua. Animaliek eskertuko zuten, baita pertsonek ere: askok eta askok ez dute batere gustuko petardo eta suzirien zalaparta. Alde horretatik, bitxia da arauaren jatorria, animalien ongizatea baitu xede, ez gizakiona, nahiz eta horretan eragin.