Kantuak

freddie‘Bohemian Rhapsody’, egun gehien entzuten den XX. mendeko kantua

Queen musika taldearen arrastoa izugarria dela esatea ez da gauza berria. Freddy Mercuryk eta enparauek utzitako ondarea ez da nolanahikoa, makina bat kantu arrakastatsuren sortzaile izan baitira. Bada, horietako bat, Bohemian Rhapsody ezaguna, munduan entzunena da. Bai, behintzat, XX. mendean sortutako kantuak aintzat hartuz gero, bai eta Internet bidezko entzunaldi eta ikustaldiak ere. Halaxe jakinarazi du Universal Music Group konpainiak. Sarean musika eskaintzen duten zerbitzu nagusiak aztertu ditu konpainiak azken asteotan. Hots, Spotify, Apple Music eta Deezer, eta bideoak ikusteko aukera eskaintzen duten plataformak ere bai, YouTube, kasu. Azterketaren arabera, kantua eta bideoa 1.600 milioi aldiz zabaldu ziren sarean iazko abenduaren erdialdera arte. Horrela, rock klasikoko inoiz gehien zabalduriko kantu ere bihurtu da. Besteak beste, Nirvanaren Smells Like Teen Spirit edota Guns N’ Roses’en Sweet Child O’Mine gainditu ditu Queenek 1975ean sortutako abestiak. Hori bai, testuingurua kontuan hartu behar da: taldearen konpainia da Universal Music Company, eta azkenaldian sustapen kanpaina handia egin du. Batez ere, Queenen ibilbideari buruzko Bohemian Rhapsody filmaren estreinaldiaren harira. Nork jakin: beharbada, datorren urtean, gauza bera esan ahal izango dugu 21. Korrikaren Klika Korrika 2019 abestiaren gainean, ikusita zer-nolako oihartzuna izaten ari den aurkeztu zutenetik...