Animaliak

txakurraMaskotak kalean pixa eginez gero, garbitu!

Hiri eta herrietako kaleen garbitasunari dagokionez, etxe animalien gorozkiak maiz izaten dira hizpide eta kexa iturri. Batez ere, txakurrenak, haiek baitira maskota ugarienak. Nor ez da inoiz etxeratu ustekabean txakur kakaren bat zapalduta? Hala, tokian tokiko udal araudiek ezarrita, etxe animalien jabeak beren maskoten obramenduak jasotzera behartuta daude, normala denez. Benalmadena (Andaluzia, Espainia) herrian, beste urrats bat egin dute: maskoten kaka jaso ez ezik, pixa garbitu ere egin behar dute jabeek. Kaleak zikinak zeudela eta, kexu agertu ziren herritar asko. Ondorioz, Udalak arau hau onartu du: lehenik eta behin, maskotek kalean pixa egitea ekidin behar dute jabeek; lortzen ez badute, txiza arrastoak garbitu beharko dituzte. Horretarako, botila batean ura xaboiarekin edo ozpinarekin nahastuta eraman beharko dute. Halakorik egin ezean, isuna jasoko dute. Hori bai, Udalak berak gogoratu duenez, txakurrak haientzat propio egokitutako guneetara eraman daitezke.