Kultur ondarea

bobReggaea, gizateriaren kultur ondare

Zale ugariko musika estiloa ez ezik, aurrerantzean babesturiko estiloa ere izango da Jamaikako reggaea. Izan ere, Gizateriaren Kultur Ondare Ukiezin izendatu du Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak. Jamaikan sortu zuten reggaea, iragan mendeko 60ko hamarraldian, inguru hartako hainbat musika tradiziotatik edanez. Ordutik, mundu osora zabaldu da, zenbait artista ezagunen eskutik. Denen artean ezagunena Bob Marley da. Mundu osoko zaleak dantzan jartzeaz gain, bestelako estilo eta joeren sorburu ere izan da reggaea hamarkadotan. Izendapena onartzean, Unescok aitortu dio reggaeri indar handia duela injustiziaz, erresistentziaz, maitasunaz eta giza nolakotasunaz hitz egiteko; indar “intelektual, soziopolitiko, espiritual eta sentsuala”, zehazki. Era berean, musikaren oinarrizko gizarte funtzioei eusten diela nabarmendu du: iritzi soziopolitikoei bide ematen die, jardun katartikoa izan daiteke... Gainera, Unescok aipatu gabe ere, arrunt gozagarria da belarrirako eta gorputzerako!