Euskara

hitzakZein hitz izan genituen hizpide 2018an?

Jaurri, aprobetxategi, ahobizi, belarriprest, Tabarnia, gastu-arau, Zaldi Ero, izorraitz... Zer zerikusi dute hitz horiek guztiek euren artean? Itxura batean, ezer gutxi. Haatik, 2018ko albisteei erreparatuz gero, ikusiko dugu askotan erabili izan direla. Horixe egin du UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak: 2018an “denon ahotan” ibili diren 20 hitz hautatu; hots, iragan berri den urtean albisteetan nabarmendu diren hitzak. Batzuk zaharrak dira, besteak berriak, baina denak ere bolo-bolo ibili dira hedabideetan. Arestiko horiez gain, beste honako hauek ere aukeratu ditu UZEIk: qat, odolezko superilargi urdina, novitxok, rider eta biker, debeku-errorea, erraberoa, genero-inkongruentzia, bideo-arbitro laguntzailea (VAR), Zerbitzu Nazional Unibertsala, urritu, ñ-dun izenak eta blazar. Ezagunak egiten al zaizkizue? Hala ez bada, UZEIren webgunera (http://www.uzei.eus) jotzea da onena, bertan paratu baitute hitz zerrenda osoa, dagozkien azalpenekin.