Musika

kantaEgungo testuingurura egokitu dituzte zenbait euskal kanta tradizional

Hator hator, Haika mutil, Aita-semeak... euskal kantutegi tradizionaleko hainbat abesti ezagun moldatu ditu Berrizko Kantu Lagun taldeak, “egungo testuingurura” ekartzeko eta inklusiboagoak izan daitezen. Hator neska-mutil etxera du izena proiektuak, eta 160 bat berriztarren artean egin dute, Berrizko Udalaren eta herriko beste zenbait eragileren laguntzarekin: Bertso Eskola, Berrizko AEK, Azeri Gorriak asanblada feminista, Oka auzo elkartea... Duela urte pare bat hasi ziren egitasmoarekin. Zenbait abesti kantatzean, hitzekin ez ziren eroso sentitzen Berrizko Kantu Lagun taldeko kideak. Hala, jatorrizko hitzak zertxobait moldatu zituzten. Eneritz Gorritxategi Lariz arduratu da hitzak eta doinuak egokitzeaz. Esaterako, Hator hator kantuan, Hator mutil etxera beharrean, Hator neska-mutil etxera ipini dute; Haika mutil-en, berriz, Haika mutil, jaiki hadi beharrean, Haika gazte, jaiki hadi; Aitorren hizkuntz zaharra abestian, Munduaren aurrean gizonki azaldu ordez, Munduaren aurrean ausarki azaldu... Guztira, zazpi abestiren berbak aldatu dituzte. Egitasmoaren egileek azaldu dutenez, ez dute jatorrizko bertsioak baztertzeko asmorik, baizik eta hainbat aukerarekin proba egitekoa. Berrizko Fonda tabernan eskura daiteke CD-liburuxka, 5 euroan.