Bertsolaritza

bertsoBarañainen egingo dute 50. Bertso Eguna

Urtarrilaren 26an izango da 2019ko Bertso Eguna, Barañainen. Hala, iaz hasitako bideari jarraituko dio: urtero Donostian egiteari utzita, izaera ibiltaria hartu, eta Mungian egin zuten joan den urtean. Aurten, Nafarroara egin du jauzi, eta Bertsozale Elkarteak, Barañaingo Udalak eta Barañaingo Bertso Eskolak antolatu dute. Gainera, 2019ko Bertso Eskolen Egunarekin bat egingo du. Berez, Bertso Eskolen Eguna udazken hasieran ospatzen da, baina oraingoan Bertso Egunarekin batera egingo dute. Bertso Egunean ohi den moduan, egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean, 11:00etan, Andoni Egañak eta Xabi Zabalak Enkarguz emanaldia eskainiko dute, Alaitz ikastetxean. Jarraian, dozena bat bertsolarik bertso poteoa egingo dute, tabernaz taberna. Bazkalondoan, 19:00etan, bertso emanaldia egingo dute, Barañaingo auditoriumean, bertso eskola hizpide nagusi. Bazkarirako txartelak eta arratsaldeko emanaldirako sarrerak salgai dira dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian.