Sormena modu kolektiboan bizitzea egundokoa da

malenMalen Amenabar Larrañaga
Irudigilea eta bertsolaria

EHUn Arte Ederrak ikasia, ilustrazioa, kartelgintza eta animazioa jorratzen ditu Amenabarrek (Larrabetzu, 1994), bertsoaz gain. Mariñe Arbeo, Nerea Ibarzabal eta Ane Labakarekin batera, Txakur Gorria sormen kolektiboaren sortzaile eta kidea da. Durangoko 53. Azokako kartelaren egileak izan dira, besteak beste. Berriki, XII. Peru Abarka Album Lehiaketa irabazi duen  Ezpainetakoa (Erein) kaleratu du Ane Labakarekin.

Irudia eta hitza. Bi bide bereizi?
Sormena bizi izateko bi era ezberdin dira, baina bereizi ez nuke esango. Txikitan, asko marrazten nuen, eta gustatzen zitzaidan; agian, sortzaile izatearen kontua imajinatzen nuen, baina ez irudiari lotuta. Bertso eskolan hasi nintzen, berez, sormena lantzen, bertsoen bidez. Halere, iruditzen zait batak bestea asko elikatzen duela, eta bateko esperientzia bestean aplika daitekeela.
Txakur Gorrian, bereizten al duzue nork hitza eta nork irudia?
Egiteko momentuan, bai. Ideia denon artean garatzen dugu. Proiekturen bat baldin badator, edo proiektu bat sortu nahi badugu, lehenengo lauron artean zehazten dugu zer egin behar den, baina gero bakoitzari bere rola jartzen zaio.
Txakur Gorriak zortzi esku ditu. Nola moldatzen zarete?
Oso ondo. Erakutsi digute sortzaileen bizitza beti izan dela bakartia, artista bakartia eta nahiko egozentrikoa izaten dela, normalean, baina guk sekulako babesa dugu. Sormena modu kolektiboan bizitzea egundokoa da. Guk ateratzen ditugu proiektu batzuk aurrera, baina gero, bakarka gabiltzanean, asko sentitzen dugu beste babesgune hori. Laurok bizi dugunez plazeretik, modu kolektiboan lan egitea kristorena da.
Autoedizioa, bidea ala irtenbidea?
Irtenbidea, askotan. Hau da, biak. Gure kasuan, hasieran, guk nahi dugun hori aurrera eramateko bide bakartzat jotzen genuen. Egun, kanpoko eskari gehiago dugu, baina adostuta daukagu autoedizioa lantzen segituko dugula, hori delako nahi genuena eta gustuko duguna. Gainera, gazteontzako bada bide bat. Azken batean, ez baduzu txapelketa bat edo sortzaileentzako deialdiren bat irabazten, toki gutxi daude.
Biharamun gozoa utzi al dizue Durangoko Azokak?
Bai. Oso nekatuta bukatu genuen, gaixorik ere bai batzuk. Guretzat itzela izan da, jendearekin harremana daukazulako, etorri egiten direlako. Ia denak emakumeak hurbiltzen zitzaizkigun, oso gizon gutxi, eta hori bada datu esanguratsu bat. Oso-oso pozik gaude, baina nekatuta ere bai. Neke ona, hori bai.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, gutxigatik ez zinen finalean sartu.
Hau nire laugarren txapelketa izan da, lehenengo aldiz kontziente egin dudana, eta gozatu dut. Sinatuko nuke beti horrela izan dadin, nahiz eta finalera ez heldu. Buruan neukan finalerdietan egotea, egon nintzen, gero saio ona egin nuen, eta momentuan, sekulako bertigoa sentitu nuen finalera iristeko aukeraz pentsatzean. Baina orain lasai nago. Ez da helburu hori neukala eta ez nuela lortu: ondo baino hobeto pasatu dut txapelketan, baita prestatzen ere... eta oso ongi.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Beti egiteko zerbait edukitzeak.
Eta tristatu? Agian gero gauza horiek egitera ez heltzeak!
Zerk eragiten dizu barrea? Ironiak.
Eta negarra? Gauza askok. Oso azkar hunkitzen naiz.
Zerk haserrarazten zaitu? Gezurrak, nahiz eta gero nik esan.
Eta zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Faltsukeriak.
Bizio bat: Musika.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Pailazoa.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Boterea besteren gainetik ezartzen duen pertsona.
Arte diziplina bat: Ilustrazioa.
Artista bat: Hanna Höch.
Bertsolari bat: Maialen Lujanbio.
Eñaut Mitxelena