Euskaraldia ez da amaitu

Ikusten dira oraindik ere ahobizi eta belarriprest txapak kalean, “oso sintoma ona”, Pello Jauregiren ustez, ekimenaren ikerketa soziolinguistikoa egiten ari den arduraduna bera. Astorkiza ahobizia eta Ruiz de Angulo belarripresta ere, erreportaje hau osatzeko elkarrizketatu ditugunak, gehiagorako gogoz gelditu dira. Datuetan oinarritutako ikerketaren emaitzak ez ditugu ekainera arte ezagutuko, baina, hain agerian ez bada ere, Euskaraldia bor-bor dago oraindik: ahobiziek eta belarriprestek erantzun diote dagoeneko bigarren galdetegiari (martxoan beteko dute hirugarrena), eta Soziolinguistika Klusterrekoak buru-belarri dabiltza datu andana ordenagailuan gordetzen, irakurtzen eta aztertzen. Hortik ekimen kolektiboaren gaineko balorazioa aterako da, kanpainak izan dituen ondorioak, baina norbanakook ere badugu zer hausnartu. Aldatu al ditugu gure hizkuntza ohiturak? Norekin bai eta norekin ez? Eusten al diogu lortutakoari? M. Egimendi, Estitxu Ugarte.

jauregi“Euskararen normalizazioaren aldeko benetako partida ez da hasi oraindik”

Soziolinguistika Klusterra Euskaraldiaren gaineko ikerketa egiten ari da. EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasle Pello Jauregi (Pasaia, 1958) da arduraduna, eta Uxoa Anduagarekin batera dihardu lanean.

Ikerketaren helburua da, batetik, aztertzea nolakoa den ekimenean parte hartu zuen kolektiboa (ezaugarriak, motibazioak, gaitasunak...); bestetik, kanpainak zer eraginkortasun izan duen ikusi nahi dute: partaideek zer hizkuntza ohitura zituzten Euskaraldia hasi aurretik; zein neurritan, zer esparrutan, zer jenderekin... aldatu zituzten kanpainak iraun bitartean; eta, Euskaraldia bukatu eta hiru hilera, zer galdu eta zeri eutsi zaion ohitura aldaketa horretan.
Informazioa hiru modutan jasoko dute. Lehenengoa, parte-hartzaileek betetako hiru galdetegiren bidez (kanpaina hasterako, bukatu berritan eta handik hiru hilera). Euskaraldian parte hartu zuten 220.000 lagunetik, 45.000k erantzun zion lehen galdetegiari, lagin ona: “Euskal Herriko biztanle kopurua kontuan izanda, ia lau milioiko unibertsoa, 2.500 galdetegik konfiantza maila oso handia ematen dute”. Bigarren informazio iturria izango da jendeari zuzenean galdetzea, iritzia era irekian eman dezan (bizipenak, sentsazioak, oztopoak, lorpenak, proposamenak...): bi mila laguneko lagin bat osatu dute belarripresten eta ahobizien testigantzak jasotzeko. Azkenik, beste lagin bat osatu da Euskal Herriko 30 herri batzorde aukeratuta. Horiei eskatuko zaie antolatzaileen ikuspegitik erantzutea zerk lagundu duen xedea betetzen, zer oztopo aurkitu dituzten, zer hobetu behar den...
Jasotako testigantza guztiak aztertuta, lana ekainerako bukatzea espero dute. Ordura arte itxaroteak luze joko digulakoan, inpresioetan oinarritutako balorazioa eskatu diogu Jauregiri: “Euskaraldiak ilusioa piztu du, eta txapak aukera eman dio jendeari lehen begiratuan euskaraz norekin egin dezakeen jakiteko. Euskaldunoi eskatzen zaigu etengabe pentsatzea norekin egin dezakegun euskaraz eta norekin ez. Hori oso nekagarria da, eta ahalegina eskatzen duen zerbait ohitura bihurtzea zaila da, ohituraz egiten dena pentsatu gabe egiten delako”.
Jauregi edizio gehiago antolatzearen aldekoa da: “Gauza batzuei eutsi egin behar zaie, nortasuna har dezaten, eta Euskaraldiak behar du enborra. Belarriprest eta ahobizi irudiei eutsi egin beharko zaie, baina beharrezkoa da hobekuntzak egitea. Nire ustez, hutsunea sortu da bi horien artean. Susmoa dut Euskaraldian belarriprest funtzionatu duten askok ahobizi txapa eraman dutela, euskalduntzat dutelako beren burua eta belarriprest izatea bigarren mailako zerbait iruditu zaielako; baina, gero, ahobizi konpromisoa ez dute bete-betean hartu. Hor erdian badago, beraz, eremu handia. Agian hirugarren figura bat beharko da, edo hobeto azaldu zertan datzan kanpaina”.
Une zehatzetako kanpainek erabilera ohiturak epe luzera aldatzeko gaitasuna eduki dezaketela uste du Jauregik: “Kanpaina garaian ohiturak astindu ostean, atsedena dator. Hor zerbait galtzen da, baina beste zerbait geratu egiten da. Hurrengo astinaldian, zerbait gehitzen zaio, eta metatuz doa kontua. Euskaraldia amaitu zen, baina orain Korrika dator, ziur aski berriro etorriko da Euskaraldia... Beraz, hurrengo kanpainak heltzen direnean, norberaren abiapuntua koska bat altuago egongo da”. Hainbat edizioren ondoren, hortaz, “zerbait” ikusi beharko litzateke: “Nik neuk uste dut euskararen normalizazioaren aldeko benetako partida ez dela hasi oraindik, entrenamenduetan ari gara. Orain, ekimenak neutralizatu egiten dira, ulertzen ez duen jende askok guztiz baldintzatzen duelako egoera. Aurrerapausoak egiten ari gara bizpahiru laguneko harremanetan, talde handietan beti baitago ulertzen ez duen jendea. Benetako partida hasiko da mundu guztiak tarteko ulermen maila lortzen duenean. Gu Kataluniara goazenean, katalanek poliki eta pazientziaz hitz egiten badigute, eta guk, gure gaztelaniarekin, haiek ulertzeko ahalegina egiten badugu, komunikazioa posible izango da katalanez. Hemen, ordea, ezin dugu partidarik jokatu ulertzen ez dutenekin, eta horrela ezin dira zabaldu hizkuntza ohiturak. Lor dezagun adostasun instituzional politikoa 20 urtean ulermen unibertsala lor dadin zer egin erabakitzeko, jar ditzagun baldintzak eta tresnak. Euskaltegiak daude, jende prestatua, adostasun politiko zabala lortzeko aukera... Baldintza horiek batzen direnean, ahobizien printzipio aktiboak (euskaraz egitea egoera guztietan, pertsona guztiekin eta une oro) olatua lehertzea eragingo du”.
Bestalde, Euskaraldian euskalgintzako erakundeak eta entitateak batzea “oso interesgarria izan da” Jauregiren ustez. “Indarrak batu behar ditugu. Urte luzez egon gara elkarri bizkarra emanda, baina Korrikaren Santiago zubiko irudi hura hazia izan zen. Honek konfiantza giroa sortu du, erakutsi du posible dela elkarrekin lan egitea, mesfidantzak baztertuz eta konfiantza eraikiz, eta horrek bere bidea egin behar du, erronka ikaragarria baitugu aurrean”.

astorkiza“Errepikatu beharko litzateke, argi eta garbi”

Erlantz Astorkiza (Mungia, 1980) optikari euskaldunak duela zazpi urte ireki zuen denda Bilboko Otxarkoaga auzoan. Ez da leku euskalduna, baina ahobizi txapa jantzi zuen Euskaraldian, eta oraindik mantal zuriaren paparrean darabil.

Hasieratik ikusi zuen kanpaina desberdina zela: “Euskara maite arren, egunerokoan ez dut beti erabiltzen. Lanean, zoritxarrez, ez dut gehiegi entzuten, eta pentsatu nuen euskaldunak erakartzeko aukera bat izan zitekeela”. Bizi, Mungian bizi da: “Familian, batzuekin euskaraz egin arren, ez dut denekin baliatzen. Kuadrillan bai, euskaraz egiten dugu gehienok, nahiz eta batzuetan gaztelaniara jo”.
Otxarkoaga ezagututa ere, ez zuen zalantzarik egin ahobizi izango zela erabakitzeko: “Gai honetaz eztabaidak izan ditut, nahiko sutsuak, gainera. Nik, euskaldun zaharra izanik, argi neukan ahobizi izango nintzela, baina ni baino jende euskaldunagoa ikusi dut belarriprest txaparekin; beste batzuei, aldiz, horrek euskaraz ondo ez jakitea esan nahi duela entzun diet. Gaizki ulertuak egon direla uste dut. Hemen, dendan, agian hobe izango zen belarriprest txapa jartzea... Izan ere, onartu behar dut beti ez dudala hasieratik euskaraz egin. Euskaldunok ahalegina egin beharko genuke mundu guztiari lehen hitza euskaraz egiteko, baina ezagutzen dut auzoko jendea, eta badakit askok ez dakitela euskaraz. Ahobizi rola erabat bete ez arren, saiatu naiz bezeroei ekimena azaltzen, jende askok ez zekielako oso ondo zer zen Euskaraldia”. Hala, bezeroren bat saiatu omen zaio euskaraz berba egiten: “Bezero euskaldunek euskaraz egiten didate, baina beste bi saiatu dira euskara apur bat praktikatzen, Euskaraldian geundela jakinda”.
Lanetik kanpo, Astorkizak uste ez zuen belarriprest jendea aurkitu du, herriko supermerkatu bateko kutxazaina, adibidez: “Euskaraz ahalegindu zen, baina gero gaztelaniara jo zuen,  eta nahiz eta nik euskaraz jarraitu, normaltasunez komunikatu ginen. Nire ustez, belarriprestek izan dute meriturik handiena”. Etxean ere saiatu da, baina neska-lagunarekin gaztelaniaz egiten du, “euskara gutxi dakielako. Askotan ahalegindu gara, baina ez da erraza. Halere, ekimen honek gehiago saiatzeko adorea eman digu. Bestalde, bikotekidearen lagunik onena belarriprest izan zen, eta harekin egin nuen euskaraz, ahal bezala. Orain, Whatsappean euskaraz egiten dugu, bada zerbait. Espero dut honi eustea”.
Esperientzia “positiboa” izan da Astorkizarentzat: “Ilusioa egin dit, apur bat behartu dugulako gure burua euskaraz gehiago hitz egitera. Eztabaida eta hausnarketa asko eragin ditu, balio izan digu gure jarrerari buruzko gogoeta egiteko, eta jende mota askok hartu du parte, auzolan bihurtu da. Aurrerantzean, neure ondorioak ateratzeaz gain, arretaz jarraituko ditut antolatzaileenak, ea zer ikasi ahal dugun”. Halere, 11 eguneko epea “labur samarra” iruditu zaio: “Ohiturak aldatzea, berez, oso sinplea eta erraza izan beharko litzateke. Biok badakigu, zergatik ez euskaraz hitz egin? Baina hain barneratuta daukagunez gaztelania, batez ere leku batzuetan, egunerokoan errazera jotzen dugu”. Horri lotuta, oso gauza bitxia gertatu zitzaidan Euskaraldian: “Egunkari baterako argazkia ateratzera etorri zitzaidan argazkilari bat. Nik txapa neraman, eta kartel handi bat zegoen erakusleihoan, baina gaztelaniaz hitz egin genuen. Argazkia ateratakoan, zera galdetu zidan, oso euskara garbian: ‘Zergatik ez dugu euskaraz hitz egin?!’. Oso fuertea izan zen! Zer diren ohiturak!”.
Kalean uste baino txapa gutxiago ikusi du: “Beharbada, alferkeria apurtxo bat ere egon da. Txapa bakarra edukitzeak mugatu egin gaitu, beti ibili behar genuelako aldatzen, jaka batetik bestera, edo jertsean jarrita jakarekin estalita zenuelako... Nik neurea ez dut laneko mantaletik kendu, eta pegatina eraman dut poltsan. Agian, txapa gehiago banatu behar ziren”.
Hau “lehenengo pausoa” izan da, Astorkizaren ustez: “Gauza asko daude aldatzeko, baliteke txarto ulertuak egon izana, baina euskaldunok elkarrengana gerturatzeko balio izan du. Jendeak begi onez ikusi du, euskaldunek, ikasten ari direnek eta ez dakitenek. Ez dakit urtero, edo bi urterik behin, baina errepikatu beharko litzateke, argi eta garbi”.

testi

“Motza izan da ekimena, aukera gehiago behar ditugu”

Almudena Ruiz de Angulo (Gasteiz, 1963) Langraiz Okan bizi da. Euskaraldiak iraun duen bitartean, belarriprest rola jokatu du, eta oso pozik dago bere buruarekin eta ekimenarekin, oro har. Hala ere, hamabigarren egunean hutsune handia sumatu du, eta euskara praktikatzeko aukera gehiago eta denboran luzeagoak behar direla uste du, baita euskara ondo dakitenen aldetik ardura handiagoa ere.

Etena antzeman du Almudena Ruiz de Angulok Euskaraldiaren olatua amaitu eta gero. Orain arte “ezkutuan” bizi izan den euskaldunak gehiago nahi du. “Niretzat ez da nahikoa izan. Jarraitzeko gogoz gelditu naiz, ez dut denbora gehiegi izan euskaldunekin elkartzeko; aukera gehiago behar dira, ekimen luzeagoa, denbora gehiago behar da ohiturak aldatzeko” dio irmo.
Belarriprest izateko erronkari eutsi dio arabarrak, aukera ikusi duelako gehiago ikasteko eta euskararen erabileran aurrera egiteko. Aspaldi egin zuen euskararen aldeko hautua, hizkuntza maite duelako, ez behartuta, hau da, lanerako nahitaezkoa duelako: “Bizitza osoan jakin dut zer garrantzitsua den hizkuntzak ikastea, batez ere, euskara. Jende euskalduna ikusten dudanean, inbidia ematen dit, niri zerbait falta zaidala sentitzen dut”.
Gasteizen jaioa, 70eko hamarkadan, institutuan ikasten zegoela, izan zuen lehenbiziko harremana euskararekin. Hautazko hizkuntza zen orduan, eta oso gutxi ikasten zen. Ondoren, AEKn izan zen ikasle, baina unibertsitatera joan zenean euskara eskolak utzi behar izan zituen, eta autodidakta izan da orain arte. “Gasteizko Hizkuntza Eskolara astean bi egunetan joaten naiz, eta oso gustura nago; lehen aldiz nire bizitzan, denbora dut euskara ikasteko, eta oso pozik nago. Batzuetan pentsatu izan dut zaharregia naizela ikasteko, baina poliki-poliki aurrera noa”.
Euskaraldiaren hamaika egunean, aldaketa dezente egin ditu Ruiz de Angulok bere ohiko hizkuntza-jardueran, bai etxean bai kalean. Senarra euskalduna du, donostiarra, baina beren arteko harremana kasik ehuneko ehunean gaztelaniaz da: “Badakizu, errementariaren etxean, zotza burruntzi”. Alta, hamaika egunez, behintzat, lortu dute etxeko otorduetan euskaraz hitz egitea, “eta orain, Euskaraldia amaituta, gutxiago egiten dugu, baina lehen baino zertxobait gehiago” aitortu du.
Latza egiten zaio euskaldun gehienen joera euskara ikasten ari direnekin gaztelaniaz hitz egiteko, eta Euskaraldia ohitura horiek pixkanaka aldatzeko aukeratzat jo du. “Senarraren kuadrilla euskalduna da, eta niri asko gustatzen zait Donostiara joaten garenean euskaraz entzutea, baina niri gaztelaniaz egiten didate, ez dakit lotsagatik den. Ez dut ulertzen Katalunian zergatik egin daitekeen eta hemen ez”.
Hala, euskaldunek erantzukizun eta konpromiso handiagoak erakutsi behar dituztela uste du Ruiz de Angulok, bai eta euskara ulertzen duten guztiekin hizkuntza erabiltzeko ahalegina egin behar dutela ere. “Euskaldunak gehiago konprometitu behar dira, eta gurekin euskaraz hitz egin behar dute beti; ardura gutxi erakusten dute euskara ikasten ari garenokin gaztelaniaz mintzatzen direnean” nabarmendu du.
Etxean bezala herrian eta eskualdean ere Euskaraldiaren harira sortu diren aukerak azpimarratu ditu Ruiz de Angulok, eta inguruan ezagutzen ez zituen euskaldunak aurkitu dituela. Añanako Kuadrillako Euskara Zerbitzuaren ekimenez sorturiko sarea bultzatzea eta euskaldunen arteko harremana ez galtzea espero du. Halaber, Langraiz Okako Udalean EAJko zinegotzia den aldetik, dagokion administrazioan ere urratsak egin behar direla uste du: “Oinarrizkoa da hurrengo urteetarako Euskararen Erabilera Plana onartzea”.
Langraiz Okatik kanpo, Bilbon, lankideekin ere gehiago aritu da euskaraz. Ruiz de Anguloren hitzetan, gehienak erdaldunak badira ere, Euskaraldia dela eta euskaldunen taldetxo bat bildu da, ahobiziak eta belarriprestak, eta hamaika egunez euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartu dute. Hala ere, ohiturak aldatzeko denbora gehiago izan nahi du. “Oso motza izan da, gustatuko zitzaidan gehiago irautea”.