Beldurra eragiten dizue Esako urtegiaren handitzeak?

ikamika

Esako urtegia beti izan da kezka iturri Zangozako merindadean. Are gehiago urtegia handitzeko lanak hasi zituztenetik; izan ere, urtegiko ezkerraldeko magala mugitu egin zen, eta arrakala zein lur mugimenduak eragin. Mugimendu horiek oso arriskutsutzat jo dituzte proiektuaren aurkako taldeek, hondamendi arriskua handia delako: lur mugimenduren batek urtegiaren egitura hondatuko balu, ur erauntsiak Aragoi ibaiaren arroan dauden herriak suntsituko lituzke. Arrisku hori dela eta, handitze lanak bertan behera uzteko eskariak ugariak izan dira azken urteotan; Nafarroako Parlamentuak ere eskatu izan du lanak eteteko. Hori gutxi ez, eta handitze lanetan sekulako dirutza xahutzen ari direla ere salatu izan dute askotan. Urtegitik oso gertu dagoenez, Zangozaldean oso presente dute arazoa. Beldurra eragiten dizue urtegiaren egoerak? Zangozaldeko B1-B2 mailako gaueko taldea

1. Sonia (Zangoza)
Badakit adi egon behar dugula. Behin, urtegiko magalean zegoen arrakala batean egon nintzen, barruan, argazkiak egiten, baina txikia zen.  Asko ikusi nituen, eta ugari ikusten dira oraindik ere.
2. Adrian (Zangoza)
Bai, asko kezkatzen nau, eta urte askoan ibili naiz Yesa+No Lanak Gelditu! plataforman, arrazoi nagusietako bat gure segurtasuna delako, urtegiaren handitzea ez baita segurua.
3. Raul (Zangoza)
Proiektu hauek arriskutsuak dira. Horren adibide 1963an Italiako herri batean gertatu zena dugu: urtegitik atera zen urak herriak suntsitu zituen. Bada, hemen ere gerta daiteke, eta beldurgarria da.
4. Javier (Irunberri)
Esako urtegiko egungo horma zaharrak aurrekoak baino sendoago dirudi; hark bai eragiten zuela ikara. Milioika euro xahutu eta gure ingurunea hondatu ondoren, hormak zutik jarraitzea gutxienekoa da.
5. Maider (Zangoza)
Ni oso gaztea naiz oraindik, eta, egia esan, nahiago dut gai honi buruz ez pentsatu. Herrian asko hitz egiten da gaiari buruz, eta, normalean, ez diot garrantzi handirik ematen.
6. Nati (Irunberri)
Saiatzen naiz horretaz ez pentsatzen, baina gai kezkagarria da gure inguruan. Ikerketek erakusten dutenez, urtegia handitzen badute, lur mugimenduak egonen dira, eta herriak suntsituko lituzkete.
7. Rebeka (Esa)
Ni Esan bizi naiz, eta oso kezkatuta nago. Duela urte batzuk, urtegiko magala mugitu, eta gure herriko hainbat etxe hustu egin behar izan zituzten, herria magalaren goialdean dagoelako. Jende hura etxe gabe gelditu zen.