Sagardoa ibaian barrena

ibaia

Urtean behin ikus daiteke: ala bat Astigarragatik ibaian behera Donostiara, sagardoa garraiatzen. Egun ezohikoa bada ere, oso arrunta izan zen, mende luzez, Urumean. Beste ibai asko bezala, garraiobidea zen Urumea. Ibaian gora eta behera ibiltzen ziren alak, denetariko salerosgaiz beteak. Eta Urumean, ezin bestela, sagardoak garrantzi handia zuen. Urumea, Sagardoaren Ibaia ekimenarekin, Astigarragako Petritegi eta Lizeaga dolare sagardotegiek tradizio hori berreskuratu dute, sagardoaren historia eta ondarea erakusteko. Eñaut Mitxelena.

Ibaiak bizi jario izan dira mende askoan, eta berebiziko garrantzia izan dute giza komunitateen garapenean. Gipuzkoan ere, halatsu izan zen. Are, Erdi Arotik aurrera, aberastasun iturri ere izan ziren. “Erdi Arotik aurrera, ibaiak izan ziren egungo autobideak” dio Lourdes Odriozola historialariak. Besteak beste ontzigintzan aditua, sakon ikertu du gaia, baita sagardoari loturikoak ere, Astigarragako Sagardo Etxea museoko kolaboratzailea den heinean.
XVI. mendetik aurrera, lurraldeko garraiobide nagusia izan ziren ibaiak. Gorakoan nahiz beherakoan, beti izaten zen zer garraiatu, zer salerosi. Alfer bidaiarik ez zen orduan. Eta egungo autobideak doakoak ez diren moduan, ibaietan ere antzekoa gertatzen zen: “Ibaiek ere bazituzten bidesari eta ordainlekuak” dio Odriozolak. Merkataritza bideak izanik, etekin iturri ziren, jakina.
Urumea ez zen salbuespena izan. Ibaian behera eramaten ziren egurra, burdinoletako burdina, sagardoa, elikagaiak... eta ibaian gora, berriz, burdinoletako eta ontzioletako hornigaiak, elikagaiak... Baita azienda ere. Merkataritza jardun bizi horren eraginez, eta horri erantzuteko, portu txikiz josia zegoen; hamasei bat portu izan omen ziren Urumearen arroan.
Arrantza eta sagardoa
Jakina, sagardoak izugarrizko garrantzia izan zuen Urumean aro hartan. “XVI. mendean, bai Urumea bailarako paisaia bai Gipuzkoa osokoa asko aldatu zen. Dolare baserriak agertu ziren, sagardoa ekoizteko”. Sagardoa kopuru handitan ekoizteko sortu zituzten dolare handia eraikineko erdigune zuten baserriak. Haien sorrera ontzigintzaren eta nabigazioaren garapenari loturik dago. Aurkikuntzen garaia izanik, “hainbat itsasbide berri ezagutu ziren; horien artean, Ternuara bale ehizara joatea ahalbidetzen zuena”. Ontzigintza industria garrantzitsua bilakatu zen Gipuzkoan. “Badakigu bai Hernanin bai Ergobian bai Donostiako Santa Katalinaren inguruan hainbat ontziola zeudela” azaldu du Odriozolak.
Garapen horren eraginez, sagardo kopuru handiagoak ekoizten hasi ziren, itsasontziak sagardoz hornitzeko. Petritegi sagardotegiko Ainara Otañok dioen moduan, “herri guztietako etxeetan edaten zen sagardoa, eta nonahi zeuden sagardotegiak. XIV. mendekoak dira aurreneko salmenta publikoen gaineko aipamenak. Baina, batez ere, arrantza ontziak hornitzeko behar zen sagardoa”. Esaterako, bakailaoa eta baleak harrapatzera joaten ziren Gipuzkoako eta Lapurdiko ontzietarako. Zenbait iturriren arabera, marinel bakoitzari 3 litro inguru zegokion, egunero, halako bidaietan. Izan ere, sagardoak abantaila ugari zituen: ondo kontserbatzen zen bidaia luzeetan, eta, C bitamina zuenez, eskorbutoa saihesteko balio zien. Arrantzaleek ez ezik, itsasoan ziharduten beste askok ere sagardoa edaten zuten.
Ibaietako jardun bizi horrek XIX. mendera arte iraun zuen. Errepide berrien sorrerak eta, batez ere, trenaren etorrerak guztiz aldatu zuen egoera. Odriozolaren hitzetan, “1864an iritsi zen trena Gipuzkoara. Trena askoz azkarragoa da, eta merkantziak garraiatzeagatik ordaindu beharrekoa askoz merkeagoa. Hortaz, ibaiak erabat galdu zuen garrantzia”. Gainera, sagardo kontsumoa ere aldatu egin zen. Ordurako, itsas bidaia handietako hornigai izateari utzita, aisialdirako kontsumoari lotu zitzaion. Garai hartan ere, Astigarraga eta Hernaniko inguruetatik garraiatzen zuten sagardoa Donostiara, zela ibaian barrena, zela gurdi bidez, han saltzeko. Ez alferrik, Donostia sagardoaren hiriburua izan da mende askoan: Donostiako Alde Zaharrean, 100 sagardotegi baino gehiago izan omen ziren aspaldi.
Sagardoa garraiatzeko alen erabilera desagertu egin zen. Ez Lizeagako Gabriel Lizeagak ez Petritegiko Otañok ez dute halakorik ezagutu Urumean. Otañok dioenez, “nire familiak 100 urte daramatza Petritegi baserrian sagardoa ekoizten eta saltzen. Gure belaunaldiak ez du sagardo garraio sistema hau ezagutu, baina nire gurasoen garaian erabiltzen ziren alak Urumean, hondarra garraiatzeko, batez ere”. Lizeagak ere aitonari antzekoak entzun zizkion. Gainera, “Gartziategi gure baserrian, alarik ez, baina txalupa bat bai ezagutu nuen. Lehorrean, zintzilik egoten zen. Izan ere, hemen ezagutu dut jendea ibaia txalupa txikietan zeharkatzen”. Horrekin batera, “entzuna nien hemen bazela portu bat, Gartziategiko portua”. Baserriaren inguruan zegoela uste du Lizeagak, ibaia baserriaren paretik igarotzen baita, soilik Donostiarako errepideak banatuta. “Hor badago pareta zahar bat, eta pentsatzen dut hori izango zela” dio.

Albaolaren laguntza

Horien guztien berri izanda, Lizeagari “jakin nahia” piztu zitzaion. Hala, Petritegikoekin harremanetan jarri (Lizeagatik nahiko gertu dago Petritegi), “eta bertako Jon Torre, historialaria izaki, gaia ikertzen hasi zen”. Etxean bertan hasi zituzten ikerketa lanak, izan ere, bai Gartziategik bai Petritegik, biak dolare baserriak, 500 bat urteko historia dute. Lizeagak dioenez, “dolare baserria zen hau, duela 500 urtetik. Egun berritua dago, baina dolareko zutabeak bertan daude”. Petritegiri dagokionez, Otañok azaldu duenez, “oraindik ez dugu aurkitu gure sagardotegia eta ibaiko garraio sistema lotzen duen aipamen zehatzik, baina 1527ko idatzi batean gure baserria eta Gartziategiko portua lotzen zituen bide bat aipatzen da. Horren garrantzia? Petritegi baserriaren aurreneko jabea donostiarra zen, eta bere etxeko sotoan, gaur egungo Fermin Kalbeton kalean zegoenean, 6 edo 7 upel handi zituen sagardoa jasotzeko. XVI. eta XVII. mendeko beste idatzi batzuetan aipatzen da Petritegi baserriko dolarean ekoizten zen sagardoa Donostiara garraiatzen zela, eta badakigu garai horretan ibaia erabiltzen zela sagardoa garraiatzeko”. Petritegik, berez, ez zuen porturik izan, “baina Petritegiko maiorazkoaren jabeek (1622-1840) Ergobia auzoan zuten portu bat, Auspero edo Arbizu izenekin ezagutzen zena. Paraje horretan, lursailak zituzten, eta errentan jartzen ziren portuarekin batera”.
Horiek guztiak ezagututa, eta “euskaldunon ondare den sagardoaren” historia berreskuratzeko eta zabaltzeko lanean, ibaiko garraioa berriz abiatzeko proiektua garatu zuten. Albaola Itsas Kultur Faktoriarekin harremanean jarri, eta, 2014an, “ala edo gabarra eraiki genuen, Albaolaren lanari esker”. Urte berean uretaratu zuten lehenengoz, Errenteriako Atlantikaldia jaialdian. Urte horretan, halaber, Bego Zubiaren Sagardoa bidegile filmean azaldu zen ala, eta, 2015ean, II. Sagardo Apurua ekimenean parte hartu zuen, lehen aldiz. Ordutik, urtero parte hartzen dute Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak abenduan antolatzen duen Sagardo Apuruan: Astigarragan sagardo berria kargatuta, Donostiara jaisten dute alan, garai batean bezala, ibaian behera Santa Katalina zubiaren pareraino, hots, garai batean portua zegoen tokiraino. Garai haietan, upelak lehenengoz ireki eta dastatzeari esaten zitzaion Apurua, irekiera ofizialaren aurretik egiten zen dastatzeari, alegia. Hori irudikatzeko, XIX. mendeko sagardotegiaren itxurako gunea paratzen dute Donostian, eta upelak gurdiz eramaten dituzte ibaitik atera ostean.

Ibairako egina

Albaolakoek egindako ala Urumean ibiltzen zirenen erreplika da. Ibaian ibiltzeko propio diseinatutako ontzia da. Lizeagak azaldu digunez, “egitura estua du: 2 metro eta erdi izango du erdialdean, eta atzealdean eta aurrealdean 2 metro. Altuera metro erdi bat ingurukoa du, eta luzeran dozena bat metro. Badaude motzagoak, zabalagoak ere badira, baina gureak 12 metro ditu”. Forma ere berezia du: “Azpitik zabal-zabala da, ur gainean ibiltzeko. Atzean motza da, eta ebaki bat du, mareak bultza dezan”.
Gaur egun, urtean behin ateratzen dute ala Urumeara. “Beste ekitaldi batzuetan ere parte hartzearen alde gaude” dio Otañok. Antzera mintzo da Lizeaga: “Inork lagundu nahi baldin badu proiektu honetan, gu prest”. Sagardotegietako ohiko eskaintza zabaltzeko ere ibaiari lotutako aukera gehiago ari dira prestatzen.
Finean, sagardoak atzean dituen historia zein ondare zabalak ezagutu eta hedatu nahi dituzte. Lizeagaren ustez, “sakonduz gero, beste kontu asko azaleratuko lirateke. Errioa hor dugu, eta ez dugu ezagutzen. Garrantzi handia izan du, baina kasu gutxi egiten zaio”. Ibaiak gordetzen dituen kontuen antzera, sagardogintzari loturiko beste hainbat ere ezkutuan daude mendeetako jardunaren atzean. Azken batean, Odriozolak dioenez, “asko dakigu sagardogintzari buruz, baina oraindik gutxi, aldi berean; izan ere, ikertzen hasiz gero, gai ugari agertzen dira”. Urumeak erakutsi du horietako bat.

Marea, motor

Ala ibairatu zutenetik, urtero joan ohi da Lizeaga ibaian behera, haga eskuan, sagardo berria Donostiako Santa Katalina zubiaren ondoan deskargatzera. Korronteak eramaten du ala, betiere marearen arabera: “Marea da motorra, bai ibaian gora bai ibaian behera. Hagarekin laguntzea baduzu, zabalguneetan korronte txikia baldin badago, edo sakonera gutxi... Baina, gainerakoan, korronteak eraman behar du”. Otañok dioenez, “erraza dirudien arren, zailtasun handia dauka ala gidatzeak: korrontearen eta mareen mende gaude”. Hala, ibaian behera jaisten diren egunean, mareei arretaz erreparatzen diete. Iazko Sagardo Apuruan, esaterako, marea ez zuten lagun izan, eta, ondorioz, bezperan Loiola auzoan utzi zuten ala, hurrengo goizean bidea motzagoa izan zedin. Astigarragatik Donostiako Santa Katalinaraino ailegatzeko “bi ordu eta erdi behar dira” zehaztu du Lizeagak. Tentuz ibiltzen direla aitortu digute, inoiz izan dutelako ezuste txikiren bat. Dena den, badute urtetik urtera pilatutako eskarmentua. Lizeagak ondo gogoan du lehenbiziko urtea: “Poza sentitu nuen, garai batean egiten zuten moduan gindoazelako”. Gainera, ibaiaren beste ikuspuntu bat eman dio esperientziak: “Zein polita den! Beste mundu bat dirudi. Kanpotik, ez dakigu zer balio duen errioak. Ez gara konturatzen barrura sartu arte”.