Norabide aldaketa

lokomotorak

Errailen desbideratzeak beste leku batera eramango du trena: Bilboko Alde Zaharrera. Atxuri ez da berdina izango aurrerantzean. Ez da tren gehiagorik iritsiko bertara. Geltokiak utzi egingo dio geltoki izateari. Metroaren 3. linearen ondotik dator aldaketa. Ikusteko dago, orain, zer gertatuko den auzoari hertsiki lotutako eraikinarekin eta azpiegiturekin. Lokomotorak dinamikak diru irabazi asmorik gabeko proposamenak egin dizkio Euskal Trenbide Sareari. Badago, baina, ideia gehiago: Bilboko Trenbide Lagunen Elkarteak museoa eskatu du. Halaber, gune tentagarria da turismorako… Maider de Olmo.

Geltokirik gabe, baina Lokomotorak aurrera jarraitzen du. Dinamikak bidaide bilakatu ditu auzokideak. Partaidetza prozesua abiatu zutenetik, bizilagunek eta auzoko taldeek astia izan dute elkarrekin hitz egiteko, baita patxadaz kanpora begira jartzeko ere. Ez da tren gehiagorik iritsiko Atxuriko geltokira, hortaz, zein itxura izango du etorkizunean inguruak? Galdera eta amets egitea bat izan da bidaideentzat: liburutegia, musika taldeentzako entsegu lokala, auzokideak elkartzeko lekua, auzo zinema... Ametsak amets, mesfidati ere badira bizilagunak, pribatizazioaren mamua ezin uxaturik.
Leku onean dago geltokia: Bilboko Atxuri auzoan, Ibaizabalen ertzean, Alde Zaharretik eta Bilbo Zaharretik gertu. Ondoan du, kasu, Erriberako azoka. Jabetza publikokoa izanagatik, turistak erakartzeko esparru bilakatu dute, hein handi batean. Tren geltokia 1912an eraiki zuten. Oso handia da, eraikinaz gain nasak eta trenbide hondartza aintzat hartuta. Zati bat ondare izendatuta dago; hala, eraikina ezin izango da ez eraitsi ez kanpoaldetik itxuraldatu. Erabilera besterik ezingo zaio aldatu geltoki izateari uzten dionean. Estalita dago, eta, egun, bulegoak ditu bertan Euskal Trenbide Sareak, Eusko Jaurlaritzaren mendeko sozietateak. Ondoan, Atxuriko eskola eta institutua ditu.
Albotik, Bilboko Tranbia abiatzen da, Casillaraino. Horrek ibilbidea ere aldatuko du, trenarenarekin batera. Euskotrenen E4 lineako (Urdaibai) trenak Metroaren 3. lineatik (Alde Zaharrera iritsiko da) igaroaraziko dira, eta libre geldituko den 2,5 kilometro inguruko ibilbidea tranbiak erabil dezan moldatuko da. Edozelan ere, lanak atzeratzen ari dira. Iazko udaberrirako, Bermeotik zetozen trenak, Atxurira iristen zirenak, Alde Zaharrera desbideratuta izan nahi zituen Eusko Jaurlaritzak, hasiera batean zehazturiko datei jarraiki. Alabaina, epeak bata bestearen atzetik luzatu dituzte.
Auzotarren iritzia
Geltokia, aurrerantzean, auzotarrek erabiltzeko lekua izan dadin nahi dute Atxuriko Lokomotorakoek, auzoko “azpiegitura gabezia” kontuan hartuta. Xede horrekin, dinamikak hainbat egitasmo burutu ditu 2016. urteaz geroztik. Bizilagunen iritzia eta beharrak jasotzeko tailerrak egin dituzte, parte hartze prozesu baten baitan. Hiru mila lagunek baino gehiagok hartu dute parte egitasmoan. Emaitza txosten mardul bat izan da. Alderdi teknikoak barneratzeaz batera, idatzian hainbat proposamen irakur daitezke. Lanerako tresna izango dute hemendik aurrera Lokomotorakoek, geltokiarekin zer egin erabaki bitartean. Datozen bi hilotan, horixe izango dute helburu: txostenaren emaitza ikusaraztea. Bilboko Udalari joan den hilean helarazi zioten. Aldi berean, hainbat bider elkartu dira Eusko Jaurlaritzaren Hirigintza Sailarekin geltokiaren etorkizunaz mintzatzeko. Euskal Trenbide Sarekoekin ere harremanetan daudela jakinarazi dute Lokomotorakoek.
Igor Uribe Lokomotorak dinamikako kidearen esanetan, “prozesu honen bidez auzoa egin dugu, eta hori irabazita daukagu. Gerora ez dakigu zer izango den. Nolanahi ere, honek guztiak balio izan du gure artean konplizitateak sortzeko, konfiantza, askotariko jendea biltzeko...”.
Trenaren Museoa
Bilboko Trenbide Lagunen elkarteak proposatu du Euskal Trenaren Museoa egitea bertan. Sinadurak biltzen aritu dira kideak, eskaera egiteko, eta horretarako lanean dihardute. Eraikinaren balioaz mintzo dira, ondarea zaintzearen eta ezagutaraztearen garrantziaz. Lekua ezin hobetzat jo dute museoa egiteko. Proiektuak hiriari balio erantsia emango liokeela iruditzen zaie, bai kultura arloan bai turismoan. Gainera, enplegua sortuko luke, zuzenean eta zeharka.
Bestalde, Eusko Trenek nabarmendu duenez, Atxuriko geltokiak trenak hartzeari utzita ere, langileen bulegoek bertan jarraituko dute oraingoz, ez dira lekualdatuko, eta funtzionatzen jarraituko dute; horrenbestez, “ezin da esan geltokia itxi egingo denik, behin betiko, epe motzean”.

Atxuriko eskolaren beharrak
Geltokiaren ondo-ondoan, Atxuriko Garcia Rivero eskola publikoa dago, D eredukoa. Txiki geratu da, eta leku gehiago behar du. Egun, ez du jolastoki estalirik. Hala, geltokia izandakoa oso aukera ona izan daiteke euria egiten duenerako, eskolak jolastoki estalia izan dezan. Eskaera bideratzeko, eskolak bere txostena osatu du bertako beharrizanak jasota, Hezkuntza Sailari helarazteko. Lokomotaraken txostenean ere jasota daude eskolaren eskaerak; izan ere, kideetako asko eskolakideak eta gurasoak dira.