Txotxongiloei bizitza ematen

txotxongilo

40 urte daramatza txotxongiloen munduarekin harremanetan. Txiki-txikitatik izan ditu gustuko arte diziplinak Corrado Masaccik (Ravena, Italia, 1952), eta txotxongiloekin lan egiteak denak uztartzeko aukera eman dio. Besteak beste, margotzea edota hainbat material lantzea dira bere eguneroko ogia. Jaioterrian hasi bazen ere, urte asko daramatza Euskal Herrian bizitzen. Ondarroan (Bizkaia) daukan tailerrean egin dugu hitzordua berarekin. Txomin L. Aramaio.

“Indiako txotxongiloen ikuskizun bat ikusi nuen, eta izugarri gustatu zitzaidan. Oso komunikatiboa iruditu zitzaidan; arte bizi-bizia. Orduan, pentsatu nuen: nik ere hau egin nahi dut!” oroitzen da Masacci. “Ikasten hasi, eta konturatu nintzen arte diziplina bat baino gehiago jorratzen direla txotxongiloak egiteko jardunean: margotu, materialekin jolastu, zizelkatu... Denak batzen ditu, eta zer gehiago behar nuen nik?” gaineratu du.
Jaioterrian, Italian, egin zituen lehenengo urratsak, eta, azkenean,  Euskal Herrian amaitu zuen. “Musika talde batekin eta txotxongilo ikuskizun batekin etorri nintzen bira batean. Bateria jotzen nuen. Hemen, neska bat ezagutu, maitemindu, eta berton geratzea erabaki genuen. Hasiera batean, Bilbon, baina alaba jaio zenean, bikotekidearen herrira etorri ginen bizitzera, Ondarroara”.
Musika eta txotxongiloak zituen buruan. Hala eta guztiz ere, bat aukeratu behar eta musika albo batera laga zuen. Hori bai, bateria oraindik ondo gordea dauka Ondarroako Madalena kalean daukan tailer txikian. “Hastapenak ez ziren errazak izan, baina 40 urtean honetatik bizitzea lortu dut. Etxean, hasiera batean, ez zuten ulertu, beste zerbait egitea nahi zuten, eta bide horretan mosaiko ikasketak egin nituen. Niri, baina, txotxongiloak gustatu, eta honetan sartu nintzen” argitu du. “Pena bakarra daukat: amak ikusi nau honetatik bizitzen; aitak, ordea, ez”.
Tailerrean sortzen ditu Euskal Herrian barrena, erakusketaz erakusketa, eramaten dituen artelanak. Izan ere, Masacciren txotxongiloak artelanak dira. “Orduak eta orduak eskatzen ditu lan honek. Ideia harrapatu, zelan egin pentsatu, egiten hasi, mugimenduak... Gauza asko dira” dio artista italiarrak. “Arte bizi-bizia da. Beti mugitzen. Beti ikasten. Esate baterako, pertsonaia bat bururatu zait. Nola egin? Nola mugiarazi, nik nahi dudana egin dezan?”, lan handia dago atzean. “Txotxongiloek, pixkanaka-pixkanaka, bizitza hartzen dute. Gauzak era batera pentsatu arren, beste era batera ateratzen dira. Nik uste baino gehiagotan. Zentzu horretan, ez diozu ikasteari uzten”. Prozesu bizia da, ezer ez da finkoa. Masacciren burutik gauzatzera, bide luzea dago. “Hemen, tailerrean, beharrean jartzen naizenean, ez naiz hutsetik abiatzen, baina ia-ia. Dena irekita dago. Prozesua bizirik dago, eta hori polit-polita da”.
200 txotxongilo baino gehiago egin ditu 40 urtean, asko itsasoarekin lotuta. “Bizi naizen lekuak eragin handia dauka nigan. Kostaldean bizi naizenez, itsasoarekin lotutako pertsonaia asko sortu ditut azkenaldian: Poseidon, sirenak, arrainak... Konturatuko zinen moduan, itsasoarekin eta mitoekin lotuta daude”.
Erakusketetan ibiltzen da orain, batez ere. “Noizean behin, ikuskizunak ere egiten ditut, baina lehen baino gutxiago”. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) irakasle izan zen.  “Dena den, nahiago dut gauza bakar batean buru-belarri aritu”.
Inoiz enkarguak izaten ditu, txotxongiloak erosi nahi izaten dizkiote, baina ez du horretan hasi nahi; oraingoz ez. “Ezin naiz denera heldu. Nahiago dut gauza bat edo bi egin, baina ondo egin, asko eta eskas baino”.
Ikastaroak ematen ere urte asko egin ditu, eta oso gustukoak ditu. “Dakidana erakustea gustatuko litzaidake. Ez galtzea. Baina badago erreleborik? Ezagutzen ditut mundu honetan dabiltzan gazte batzuk, baina ez dakit noraino helduko diren. Alabari ere, erakutsi erakutsi diot; alabaina, hark beste bide bat hartu du”. Hori bai, noizean behin, salbuespenak izaten dira. “Yoyesi buruzko pelikularako eskaera bat izan nuen. Txotxongilo bat nahi zuten. Saldu ez nien egin, utzi baizik,  eta alabak eta biok grabaketan parte hartu genuen” ekarri du gogora.
Egunotan, erakusketa bat du jarria Leioan. “Laugarren urtez jarraian, Kultur Leioan izango naiz, abenduaren 14tik urtarrilaren 31ra. Egiari zor, nahiago izaten dut erakusketa luzeagoak egin. Etengabe muntatzen eta desmuntatzen ibiltzea ez da atsegina” onartu du. Sarrera doakoa da bere erakusketa guztietan, eta nahi duenak ikus ditzake. Euskaraz komunikatzeko gai denez, AEKren euskaltegietako ikasleek badute plana urtarrilerako. “Urte asko daramatzat Euskal Herrian. Ondarroan bizi naiz, esan bezala, herri oso euskaldunean. Gainera, umeekin lan egiten dut, eta ulertzen dut, berba egin ere, nahikoa; bai, bederen umeekin komunikatzeko”.