“Ohituta gaude galtzen, baina ez da sekula atsegina”

ezkurdia

Iazkoa urte zoragarria izan zen Joseba Ezkurdiarentzat (Arbizu, 1991). Pilotari nafarrak 2011ko abenduan debutatu zuen profesionaletan, eta 2018an lortu zituen lehen bi txapelak: binakakoa, udaberrian, Zabaletarekin batera; eta lau eta erdikoa, udazkenean, Altuna III.ari irabazita. Armairuan ba omen du oraindik gehiago jartzeko lekua. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

A zer urtea! Zaila izango da horrelakorik errepikatzea...
Bai, hiru txapelketa nagusitik bi txapel irabaztea izugarria da; eta hori berriz lortzea, oso zaila, baina tira. Hor gauden bitartean, txapelketa guztiak, torneo guztiak eta partida guztiak borrokatzen segitu beharra dago. Gure lana pilotalekuan ahalik eta hobekien jardutea da, eta badakigu zaila izango dela, baina oraindik espero dut urte on batzuk izatea aurretik...
Zazpi urte profesional mailan. Bazen garaia?
Beti esan izan da niri buruz partida garrantzitsuetan, agian, ez dudala nire maila eman, kolpeak hartu ditudala, beti atarian gelditu naizela... baina bueno. Aitak dioen bezala, kolpe horiek hartzeko hor egon beharra dago, eta azkenean... Zortea izan dut, debutatu nuenetik goi mailako partidak jokatu izan ditudalako, beti onak. Baina iaz aurrerapauso bat egin nuen: finaletara iritsi, eta bi txapel irabazi nituen. Urte oso ona izan zen, ea ez den azkena...
Duela bi urte Ezkurdia beste pilotari bat omen zen, zertan aldatu da?
Konfiantza mailan, esango nuke. Orain gustura nabil, konfiantzaz, garbi daukat zein den nire jokoa, eta joko hori egiten saiatzen naiz, galdu ala irabazi. Oraingoz, ondo atera da, eta ea berdin segitzen dugun...
Eliteko beste kirol batzuetan, aspalditik lantzen da jokalarien alderdi psikologikoa. Oso berandu iritsi da pilotara?
Beste kirol indibidual batzuetan garrantzi ikaragarria ematen diote denek. Orain gero eta pilotari gehiago ari gara burua lantzen. Azken batean, konfiantza hori, kantxan memento bakoitzean zer egin jakitea, zeure burua lasai ikustea, oso-oso garrantzitsua da. Ona eta beharrezkoa dela uste dut.
Pilotarioi botileroaren laguntza kendu dizuete. Hobeto ala okerrago jokatzen da horrela?
Niri ez zait gustatu erabakia. Enpresek pilotarioi galdetu gabe hartu dute, eta gaizki iruditzen zait. Gure iritzia kontuan hartzea beharrezkoa da. Nik beti esaten dut aulkian konfiantzazko norbait daukadanean lasaiago sentitzen naizela, konfiantza handiagoz. Azkenean, lau begik bik baino gehiago ikusten dute. Besteak, kanpotik eta lasaiago, hobeki ikusten ditu gauzak, zuk barruan 80 pultsaziorekin zaudela baino. Inportantea da, baina hori ere kendu digute, eta ikasi egin behar.
Normala da enpresek ez hartzea kontuan pilotarien iritzia?
Askotan, enpresak bereari begiratzen dio, eta kaltetuenak pilotariok gara. Telebistagatik, denboragatik... erabaki zuten botileroa kentzea, baina ez zen egokia izan pilotarioi galdetu gabe egitea. Hala ere, enpresa enpresa da, eta nahi duten erabakiak hartzen dituzte. Gainera, botileroak badauka xarma ikuslearentzat. Betidanik izan dira botileroak, gauza polita da, pilotaren berezitasun bat. Ea aurrerago berriz egoteko modua egiten duten, baina, oraingoz, badirudi erabakia hau dela.
Aldageletan ere pilotariak ezin elkarrekin egon...
Asegarcek hartu du aldageletan bi enpresetako pilotariak  banantzeko erabakia. Guri Aspek normal egoteko esan digu... Tontakeria iruditzen zait, erabat absurdoa. Pilotak balio asko erakusten ditu txikitatik, eta laguntasun hori, aldageletan elkarrekin egote hori, oso polita da. Mila gairi buruz hitz egiten dugu, baina pilotalekura irtendakoan aurkariak gara, kito. Ez dut ondo ulertzen zergatik hartu duen Asegarcek erabaki hori, ez dago nondik hartu. Gainera, frontoi guztietan ez dago instalazio nahikorik bereizita egoteko. Espero dut etorkizunik ez izatea, ez delako ez bideragarria ez ona.
Hitz egiten da euskaraz pilotalekuetako aldageletan?
Bai, asko. Pilotari batzuek ez dakite, eta horiekin gaztelaniaz egin beharra dago, uler dezaten, baina pilotari multzo handia da euskalduna.
Euskara ikastea entrenatzea bezain gogorra izango da batzuetan. Zer esango zenieke ikasleei horrelakoetan?
Segitzeko! Gauza polita da Euskal Herrian euskaldun sentitzea eta euskara jakitea, horrek berezi egiten gaitu. Adoretu egingo nituzke, gogoz hartzeko eta segitzeko, une zailak egon arren, euskara jakitea merezi duelako.
Orain, binakako txapelketan zabiltzate. Finala apirilaren 7an jokatuko da, Bilbon. Non egongo ote zara egun horretan arratsaldeko 19:00etan?
Finalean... zaila. Zortzi bikote gaude, maila handikoak batzuk, eta zail daukagu, baina badakigu ordura arte jarraitu eta borrokan egin behar dugula apirilaren 7an Bilboko kantxan egoteko. Dudarik gabe, borroka horretan erabat murgilduta eta kontzentratuta egongo gara. Zaila da, baina ilusioa eta esperantza dauden bitartean, segitu beharra dago.
Eta gero eskuz eskukoa. Aurten bai?
Tira... ez da erraza. Mundu guztiak nahi izaten du aurkezpen egunean txapel hori irabazi, eta lehia handia dago. Halere, ilusio handia egingo lidake, badakit gauzak oso-oso ondo egin behar ditudala txapel hori lortzeko, baina 2018an ikusi nuen aukerak egon badaudela. Neurea ondo egiten badut borroka horretan... Saiatuko naiz lortzen, dudarik gabe.
Gainera, hiru txapelak edukiko zenituzke...
Sari handia izango litzateke hiru txapelak lortzea, oso berezia. Zaila da hiru modalitateetan irabaztea, oso-oso zaila. Pilotari multzo horretan sartzeak poz handia emango lidake, baina ez dut itsutu nahi. Txapelketa polita eta gogorra dela jakinda, ahalik eta hobekien prestatu, eta kito! Aurten ez bada, hurrengoan segituko dugu, ea pilotari karrera bukatu baino lehen lortzen dugun...
Entrenamendu berezirik-edo egiteko asmorik bai?
Lau eta erdikoa eta banakakoa beti prestatzen dira beste era batera, binaka ia urte osoan jokatzen delako. Bakarka jokatzeko entrenamenduak gogorragoak dira, bai pilotalekuan bai fisikoki hobeto egoteko, baina orain arteko txapelketa guztiak bezala prestatuko dut, mimo handiz, ahalik eta hobekien egiteko ilusio eta esperantza horiekin, txapelketa polita izango delakoan. Oraindik asko falta da, baina saiatuko gara ahalik eta hobekien ailegatzen, ea txapelketa ona egiten dugun.
Lehenengo txapela irabazita, Aspek kontratua berritu zizun; orain, beste txapel bat ere baduzu palmaresean...
Bai, iazko sanferminetan luzatu zidaten kontratua, 2022ra arte. Gerora irabazi nuen lau eta erdiko txapelketa. Oso pozik nago, enpresak konfiantza erakutsi didalako. Pilota asko gustatzen zait, pasioa da niretzat, eta disfrutatu egiten dut. Beraz, oso gustura nago beste hiru urtez, gutxienez, frontoietan borrokatzeko aukera dudalako.
Patri Espinarrek ere irabazi zuen lau eta erdikoa, baina haren ospea eta sariak ez dira zureak bezalakoak izan...
Azken urteotan, lan handia, eta oso ona, egiten ari da emakumeen esku pilotan. Aurrerapausoak egiten ari dira, gauzak ondo eginez, eta horrela segitu beharra dago. Merezi dute, meritu handia dute, pilotalekuak bete eta oso giro ona sortzen dute. Txapelketa gogorra izan zen, Patrik irabazteko aukera izan zuen, eta zorionak eman behar zaizkio. Uste dut gozatuko zuela une horretaz.
Herrian, Arbizun, baduzue pilota eskola.
Astean pare bat aldiz edo agertzen naiz, entrenamenduetara, baina ez naiz irakasle ibiltzen. Arratsalde pasa egoten naiz umeekin, baina ez dut obligazio. Eskolak 40 fitxa inguru ditu, tartean bizpahiru neska. Polita da mila biztanleko herri batean eskola nahiko sendoa edukitzea. Etxarri Aranatzen, berriz, palan neska asko dabiltza. Sakanan, zaletasun handia dago pilotarako.
Eta orain antzemango da herrian txapelduna edukitzea...
Lino Arrutik eta Josemari Berastegik zuzentzen dute kluba, eta esaten dute debutatu nuenean-eta antzeman zutela ume gehiagok eman zuela izena. Baita beste ilusio bat dagoela ere, erreferente bat edo, ez dakit nola esan, dagoelako. Neuk esatea gaizki dago, baina telebistan ikusten duten bat herrikoa izateak ilusioa eragiten die. Maila eta giro oso onak daude Arbizuko pilota eskolan, eta umeak pilotan ikustea gauza polita da.


Kolkotik  

Pilota jokoan duzun armarik onena?
Bolea oso ona daukadala esaten didate, baina goi mailan egoteko gauza bat baino gehiago eduki behar dira onak!
Eta eskasena?
Beti esan izan didate tantoa ez dudala behar bezala6 bukatzen. Entrenamendu asko eginda, uste dut hobetu dudala.
Jokatzeko pilotaleku bat?
Donostiako Atano III.a asko gustatzen zait, eta Iruñeko Labrit ere oso-oso polita da. Navarra Arena ere bai: han irabazi nuen txapela, eta ikusgarria da.
Gustuko pilotari bat?
Beti izan naiz Irujoren zale itsua, debutatu zuenetik.
Sukaldari txukuna omen zara, zer prestatzen duzu ondoen?
Atsegin dut saltsan ibiltzea, eta moldatzen naiz labean arrainarekin.
Zer ezin da falta zure hozkailuan?
Urdaiazpikoa.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Urbasa aldera joan mendi buelta egitera, edo Arbizuko kiroldegiko saunara edo spara. Gorputzak une horretan zer eskatzen didan.
Zer eman dizu pilotak?
Txiki-txikitatik gustatu izan zait, orain hortik bizi naiz, eta pertsona on eta jator asko ezagutu ditut. Lagunak ere egin ditut, eta hori da inportanteena niretzat.
Eta kendu?
Lagunekin egoteko denbora: parrandan joaten zirenean, nik etxera joan behar izaten nuen... baina ez da sakrifizio handiegia izan. Gustuko lekuan aldaparik ez.
Non jarri dituzu bi txapelak?
Egongelako armairuan, goian.
Hirugarrena jartzeko tokirik badaukazu?
Bai, oraindik bai. Armairua handia da, eta denak sartuko dira.
Okerren hartu zaituen arerioa?
Asko, baina Urrutikoetxeari irabaztea asko kostatu izan zait banakakoan eta lau eta erdian. Aimarri sekula ez diot irabazi lau eta erdian. Irujo, Altuna III.a...
Partxisean ere galdu nahi ez duten horietakoa zara?
Lehiakorra naiz, bai, ez zait gustatzen galtzea. Beti nahi izaten dugu irabazi, baina galtzen ere ikasten da. Ohituta gaude galtzen, baina ez da sekula atsegina.
Partidarik ez duzunean, larunbat gauerako planik onena?
Lagunekin edo familiarekin bazkari ederra, soziedadean edo beste edonon, eta gero trago batzuk lasai hartzera.
Zerk ematen dizu beldurra?
Sugeek-eta nazka ikaragarria ematen didate, baina bestela ez daukat beldur berezirik.
Eta amorrua?
Entrenamenduetan nire burua oso ongi ikusi eta gero, partidan ez emateak eman nahi nuen maila, mementoa ez aprobetxatzea.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Gure gizartea aldatzen ari dela. Gerrak, gosea... gauza asko daude hobetzeko.
Gogoan duzu debuteko partidaren emaitza?
Tolosan debutatu nuen, Pascualekin, Idoate eta Merino I.aren aurka. 22-21 galdu genuen.
Labur esanda, nolakoa da Joseba Ezkurdia?
Mutiko lotsatia, normala, lagunak, familia eta herri giroa gustuko dituena. Ez daukat kapritxo berezirik, eta inguruko jendearekin lasai egotea gustatzen zait.