Mortal Engines

Zuzendaria: Christian Rivers. Gidoia: Peter Jackson, Philippa Boyens, Fran Walsh (Philip Reeve-ren eleberri batean oinarrituta). Aktoreak: Hera Hilmar, Robert Sheehan. Zeelanda Berria-AEB, 2018.
mortal

Istorioa: etorkizunean, kataklismo batek mundua suntsitu eta milaka urtera, gizateria hiri mugikor erraldoietan antolatuta bizi da. Hiriok batetik bestera ibiltzen dira, herri txikiagoak bereganatu eta haien baliabideez jabetzen.
Onena: Peter Jackson zuzendari zeelandaberritarra dago filmaren atzean, nahiz eta ez duen berak zuzendu. Soberako trebezia erakutsi du proiektu ikusgarriak pantailaratzeko, batez ere The Lord of the Rings eta The Hobbit trilogiekin (nahiz eta azken hori ikusgarri bezain nekagarri suertatu). Oraingoan ere antzekorik espero zitekeen, eta bai, bisualki deigarria da, erakargarria: etorkizun post-apokaliptikoa, hiri mugikorrak... asmatzen du hori guztiori irudikatzen.
Txarrena: efektu berezien ikusgarritasuna besterik ez du eskaintzen. Kontakizuna zozoa da, eta elkarrizketak, txepelak; pertsonaiak gatzik gabeak... eta, ondorioz, luze eta aspergarri egiten da, eta hasierako zirrara di-da batean galtzen du. Zientzia fikziozko film gogoangarri batzuk dakartza gogora, baina zantzu horiek guztiak berehala desagertzen dira, euritan galtzen diren malkoak baino askoz azkarrago. Eta gainera, badirudi segida izango duela!
Eñaut Mitxelena