Berri Txarrak, ikusi arte!

berritxarrak

Taldeak kaleratu zuen bosgarren diskoaren izenburuari (Jaio.Musika.Hil) men eginez bezala, Berri Txarrak duela 25 urte jaio zen; musika egin du denbora tarte horretan (euskarazko ehun abestitik gora, bederatzi disko, dokumental bat eta bilduma lan bat); eta hil ez, baina etenaldi mugagabea egingo duela iragarri du, Gorka Urbizuk sarean paratutako idatzi batean adierazi duenez. Etenaldiaren aurretik, halere, Ikusi Arte Tour 2019 bira luzea prestatu dute, “ospakizun bira berezia, zinez”. Xehetasunak laster argituko dituzte, baina jakina da azken kontzertuaren eguna: azaroaren 23an eskainiko dute, Iruñeko Navarra Arenan (sarrera guztiak ordu gutxian agortu ziren). Azken kontzertu hori, birako gainontzeko guztiak bezala, “zaleekin batera” gozatzeko izango da. Urbizuk aitortu du taldea ez dagoela % 100ean jarraitzeko moduan, eta ziklo ahaztezin bat ixteko garaia heldu dela. Alabaina, doinu berriak helduko direla agindu du nafarrak idatzi horretan, “oraingoz, noiz eta nola izango den jakin ezin” arren.


enkoreENKORE taldeak agertokiak utziko ditu, 10 urteko ibilbidea betetzear duenean. Bilbotarrek idatzi baten bidez adierazi dutenez, erabakia hartzea ez da batere erraza izan, hasi zirenean une hau noizbait helduko zela jakin bazekiten arren. Izan ere, “Enkore gure bizitzen ardatza izan da hamarkada oso batez, eta hori barik noraezean galtzeko beldurra daukagula ezin dugu ukatu”. Hala ere, beste bide batzuk hartzeko hautua egin dute, “hamaika amets, bizipen eta ikasketa biltzen jarraitzeko”. Agur esateko, azken bira egingo dute hasi berria den urte honetan. Hala, dagoeneko gonbidatu dituzte jarraitzaileak azkeneko aldiz “elkarrekin abestera, dantzatzera eta izerditzera”. Adi, beraz, laster ezagutuko diren datei.

 

 

 

 

 

 

lertxundiOSPAKIZUN GAUEAN
Benito Lertxundi
Kantaita Enea, 2018

Hamar kantu bildu ditu oriotarrak bere lan berrian. Zuzenekoetan lagun dituen musikariekin grabatu ditu Elkar estudioan, Imanol Elizasu Lasaren zuzendaritzapean eta Zaria Koru Eskolako kantari gaztetxoen laguntzarekin. Lertxundik gai hartu ditu gatazkak, bakea, politika, kultura, euskara... Azken batean, abestiok desikasteko beharra dute hizpide, desikasi sena azalera dadin; era berean, zapalduriko herriaren espiritu askatzailea aldarrikatzen dute; eta, aldi berean, zenbait poetaren imajinarioan biltzen gaituzte, J. Bucay edo F. Pessoarenean, kasu.

pettiBONBERENEAN ZUZENEAN
Petti
Bonberenea Ekintzak, 2018

Hil berria zen aitari eskainitako Awañak diskoa grabatu eta 10 urtera, musikari beratarrak zuzeneko disko berria grabatu zuen, 2018ko urriaren 20an, Tolosako Bonberenean. Berriro erraietatik, berriro zirraragarri, hainbat kanta eder sortu ditu Pettik, eta beste zenbait bere egin ditu. Egiati eta indartsu, disko hau askoren gogoan iltzatuta geratuko da. Oholtza gainean eskainitako kantuen artean kutunenak aukeratu, eta hamalau abestiko lana osatu du. Diskoaren nahasketa eta masterizazioa Berako Mik estudioan egin ditu Maikelek.