Irati Elorrietaren bigarrena, 10 urte geroago

elorrieta

Neguko argiak (Pamiela) izeneko nobela kaleratu du Irati Elorrietak, bere aurreneko liburua (Burbuilak, Alberdania) aurkeztu eta hamar urtera. Adiskidetasuna da eleberriaren gai nagusietako bat, batez ere Añesen eta Martaren artekoa. Biak dira euskal herritarrak, baina Parisen ezagutu zuten elkar, eta Berlinen bizi dira orain. Nobelan kontatzen den neguan bien arteko harremana sendoa bezain zaurgarria eta hauskorra da. Bi protagonista hauekin lotuta, beste pertsonaia pilo bat ere ageri da kontakizunean, tartean hildako bat, Esteban, idazleak Añesen sukaldean sartzen duena. “Anbizio txikiko jendea” da, Elorrietaren esanetan, “bizi besterik nahi ez duena”, baina arrakasta lortzen du, harremanak izateko duen gaitasunagatik. Beste gai nagusia, liburuaren egileak berak aitortu duenez, “memoria da, norberarena zein historikoa”, kontakizunak hainbat garai eta leku jartzen baititu harremanetan.


agirreETENALDIA egin du Joxean Agirrek bere ibilbide literarioan, eta, gaia eta estiloa aldatuta, gazteentzako nobela labur bat ondu du bizpahiru hilean. Ispiluak eta itsasoak eleberriak (Elkar) Zestoako bainuetxearen urrezko aroan du abiapuntua, Belle Époque delako garaian, gorputz osoko ispilu handiak zabaltzen ari zirenean. Bere ama izan du oinarri idazleak protagonista sortzeko: Maria Garrastazu bainuetxean lan egiten duen jakin-min biziko neska gaztea da, heziketarik gabea, baina berezko xarma handiz jantzia. Bada, Monsieur Perrin ispilu saltzaileak Parisera eramango du, Biarriztik igarota, mundua ezagut dezan, eta ez dadin ezkondu baserritar traketsen batekin.

 

larrutikLARRUTIK ORDAINDUA
Joseba Lozano
Alberdania, 2018

Paris, 1871. Iraultzaileak Frantziako Gobernuaren aurka altxatu dira, eta kaleak hartu dituzte: Parisko Komuna abian da. Gobernuko Armadak hiriburua setiatu du, eta borroka latza sortu da iraultzaileen eta soldaduen artean. Giro nahasi horretan, gorpu batzuk agertu dira: larruazala kendu eta odol guztia atera diete. Komunako gobernuak Sophie Blanchet aukeratu du hiltzailea harrapatzeko. Nobela historikoa eta thrillerra nahasten dira liburu honetan.

 

mekanografiaMECANOGRAFIAK
Harkaitz Cano
Txalaparta, 2018

Canoren ipuinen antologia bat da liburu hau, Irati Jimenez idazleak aukeratutakoak biltzen dituena. Canok idatzitako dozenaka ipuinen artean, genero eta formatu ezberdinetako narraziorik onenak jaso ditu: mikroipuinak, fantastikoak, errealistak, umoretsuak, gordinak, surrealistak, satirikoak... Gure literaturako idazle osoenetariko, oparoenetariko eta trebeenetariko baten mundu literario berdingabea ezagutzeko eta gozatzeko aukera ematen digu liburu honek.